Film onenaren Goya saria lortzeko hautagaien artean dago 'Loreak'

'El niño', 'La isla mínima', 'Relatos salvajes' eta 'Magical Girl' pelikulak ere aukeratu dituzte sarirako lehiatzeko.Musika onenaren kategorian ere izendatu dute euskarazko filma

Nagore Aranburu aktorea, lore sorta bat eskuetan, Loreak pelikularen fotograma batean. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ibilbide oparoa egiten ari da Loreak pelikula iaztik, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zutenetik. Publikoaren eta kritikaren harrera beroa izan du filmak, eta 11 aste daramatza jada aretoetan. Ibilbide horretan, beste urrats bat egin du Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lanak orain: film onenaren Goya saria irabazteko hautagaien artean dago. Espainiako Zinema Akademiak ematen ditu sariok, eta sari nagusia lortzeko lehiatuko den euskarazko lehen lana da. Musika onenaren saria lortzeko ere izendatu dute Loreak; Pascal Gaignek ondu du filmeko musika. Otsailaren 7an banatuko dituzte sariak.

Beste lau filmekin lehiatuko da Loreak Goya sarietan: Daniel Monzonen El niño, Alberto Rodriguezen La isla mínima, Damian Szifronen Relatos salvajes eta Carlos Vermuten Magical Girl pelikulekin. Rodriguezen zein Vermuten filmak Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zituzten iaz, Loreak lanarekin batera; Urrezko Maskorra eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eraman zituen Vermuten lanak. Sail Ofizialean lehiatu den euskarazko lehen lana ere izan da Loreak.

Filmaren zuzendariek «erabat harrituta» eta «oso pozik» jaso zuten albistea atzo, Euskadi Irratian Goenagak adierazi zuenez. Kalifornian (AEBak) dira bi zinemagileak, Palm Springseko Zinema Jaialdian Loreak aurkezten. Goenagak azaldu zuenez, musika onenaren saria jasotzeko hautagaitza pozik hartu zuten, baina horretan geratuko zela uste zutela, ez zutela bestelako izendapenik espero aitortu zuen. «Eta film onenarena atera denean, ia-ia surrealista iruditu zaigu, baina oso pozik gaude». Goya sarietan egoteko aukera burutik askorik ere ez zaiela pasatu azaldu zuen Goenagak. «Oso urruti ikusten duzu, kiniela batzuetan sartzen zaituztela ikusten duzu, baina bagenekien oso zaila zela, aurten film asko zeudela». Pelikulako aktore nagusiek izendapenik jaso ez izanak pena pixka bat eman diela ere esan zuen, horretarako aukerabazutela iritzi baitio. Goya sari nagusia jasotzeko izendatu duten euskarazko lehen filma Loreak izatearen «dimentsioaz» ere pixkanaka jabetzen ari ziren atzo zuzendariak; «oso pozik egotekoa da».

Izendapenak filma are gehiago zabaltzeko aukera ere ekar dezakeela uste du Goenagak. Goya sari nagusia irabazteko, ordea, itxaropen gutxi agertu zuen —lehiatzen diren El niño eta La isla mínima jotzen dituzte gehienek faboritotzat—. «Sorpresak beti egon litezke, baina irabazteko aukerarik ez dagoela nahiko argi dagoela uste dut nik». Ezustekoa agian Magical Girl-ek eman dezakeela gaineratu zuen. «Guretzat eta gure pelikularentzat izen horien artean izendatua egotea asko da».

Hiru emakume dira istorioko protagonistak, eta loreak, berriz, haien arteko lotura. Astero-astero lore sorta bat jasotzen du batek, nork bidaltzen dion jakin gabe; senarra hil zen errepide bazterrean loreak nork jartzen ote dituen jakin nahian dabil beste bat, eta hildako semearen oroitzapena loreen bidez bizirik mantentzen saiatzen da bestea. Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru aktoreek jokatu dituzte haien rolak.

Beste bi euskal ekoizpen

Beste euskal zinemagile baten lanak ere lortu du Goya sarietarako izendapen bat: Kepa Sojoren Loco con ballesta film labur onenaren Goya saria lortzeko lehian izango da. Zinemagilea eta EHUn Zinemaren Historiako irakaslea da Sojo, eta haren laugarren lana da Loco con ballesta komedia. Karra Elejalde eta Andres Gertrudix dira protagonistak, eta iaztik, estreinatu zutenetik, 24 sari eskuratu ditu hainbat zinema jaialditan.

Halaber, beste euskal ekoizpen bat ere badago izendatuen artean, animaziozko film onenaren Goya sarirako lehiatzeko hautatu baitute Dixie eta matxinada zonbia. Ricardo Ramon eta Beñat Beitiak zuzendua, Abra Produkzioak-ek ekoitzi du pelikula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.