Barneko iluntasuna arkatzez argitua

Sufritutako depresio garai batean marraztutako irudi eta testuak batu, eta 'Lohia' liburua kaleratu du Maite Mutuberria ilustratzaileak. Artistak bakarka kaleratutako lehenengo liburua da

Naiara Elola.
Uharte
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Modu pribatuan bizi izan zuen krisi pertsonalak bultzatuta, koaderno batean marrazten hasi zen Maite Mutuberria (Eltzaburu, Nafarroa, 1985). Ilustratzailea da ofizioz. Besteak beste, Etxepare saria irabazi zuen, 2013an. Erraztasuna du hitzez adierazi ezin duen hori marrazkien bidez azaltzeko. Arkatzez egindako zirriborroekin askatzen zituen korapiloak eta arintzen zuen barrua krisi garaian. Baina, halako batean, bakardadean bizi zuen egoera «iluna» ezagutaraztea erabaki zuen. Hala, koadernoan bildutako marrazkiak ordenatu ondotik, Nafarroako Gobernuak Uharte Zentroarekin batera abian jarritako laguntza programa bati esker, bere lehenengo bakarkako lana argitaratu du Pepitas de Calabaza argitaletxearekin: Lohia.

Zuria eta beltza dira Mutuberriaren azken lanaren funtsa. «Hasiera batean, kolore pixka bat jartzea otu zitzaidan, baina bere horretan uztea erabaki nuen». Ia modu automatikoan egiten zituen garai ilun hartan marrazkiak, berezkoa duen senari jarraituz. «Nituen pentsamenduak eta emozioak ezin ulertu egoten nintzen, eta horiek askatzeko bidea zen koadernoan marraztea». Liburuaren hitzaurrean, inolako konplexurik gabe iragartzen dio irakurleari hurrengo orrietan aurkituko duena: «Lohiz zikindu nituen nire koadernoak bi urtez. Marrazki, ohar eta aipuak, zintzurrarekin adierazi ezin nituenak nonbait botatzeko».

Funtsean, bizipenak eta sentimenduak ilunak ziren garaiaz mintzatzen den arren, argi izpi asko ditu Lohia-k. Marrazkiz eta testu laburrez osatutako liburua hasieratik bukaerara irakurtzeko adi egon behar du irakurleak. Idazleak bere burua aurkitzeko zailtasunak zituen garai hartako sentimenduekin ustekabean egiten du bat irakurtzen ari denak. Armiarma sare batean bezala, harrapatuta gelditzen da hura ere. Mutuberriak berak labirinto baten erdian irudikatzen du bere burua liburuan jasotako marrazkietako batean. Ez da irtenbidea bilatzeko gai ere; eserita dago, kuzkurtuta. Aldehorretatik, Juan Lacalle Pepitas de Calabaza argitaletxeko editoreak ilustrazioen eta konposizioen maila nabarmendu du. Izan ere, bere estilo sotil eta zuzenari esker, irakurleari erraza zaio egilearen tokian jartzea. Hala ere, ezin da pentsatu liburuan jasotako marrazkiak amaitutakoak direnik. Asko zirriborroak dira; badira orbainak, eta baita ilustrazioaren antz handia duten irudiak ere. Baina guztiek dute liburuak eta, batez ere, argumentuak eskatzen duten indarra eta esanahia.

Psikologoek Mutuberriak bi urtean bizi izandakoari depresio deitzen diote. Marrazkietan, ordea,egileak era ezberdinetara definitzen du: noraeza, aurkitu ezina... Baina, aldi batez egunerokoa «belztuta» zuela, galdua zuen norabidean argi printzak agertzen hasi ziren. Zuriaren eta beltzaren arteko jolasaren bidez adierazi ditu aldi horiek.Are gehiago, lehen begiratuan, liburuaren azalari erreparatuta soilik, ez du ematen lanaren gakoa iluntasuna izango denik. Izan ere, azalean zuria da nagusi; marrazkiak eta hitzak dira soilik beltzak.

Horregatik, liburua ireki orduko ohartzen da irakurlea kontakizunaren esentziaz. Idazleak bere bizipenak modu zuzenean kontatzen ditu, ez da erdibidean galtzen. Are gehiago, marrazkiez gain, hitzak ere erabiltzen ditu mezua indartzeko. Hori da artistak lan berri honetan izan duen erronketako bat. Izan ere, hitza eta marrazkia uztartzen dituen lehen aldia da. Hasierako koaderno hari hitzak ere jartzean «ardura» handia sentitu zuela onartu du. «Marrazkiak egiten ohituago nago idazten baino. Hala ere, eroso sentitu naiz idazten. Esperientzia atsegina izan da».

Depresioa egungo gizartean oso hedatua dagoen gaitza izan arren, koadernoan jasotakoa partekatzeko aukera mahai gainean izan zuenean, «beldur handia» sentitu zuen Mutuberriak. Arlo publikoan arazo pertsonal baten berri ematea ez dela «batere erraza» adierazi du. Hala ere, bere bizipena ezagutarazi ondoren, izan duen harrerarekin «benetan pozik» dago. Joan den asteazkenean jarri zuten liburua salgai, eta, dagoeneko, zenbait irakurleren iritzia jasoa du. «Hasieran nuen kezka hura baretu egin da, nire bizipen antzekoak izan dituzten pertsonen emozioen berri izan dut, eta nire sentipen antzekoak izan dituztela adierazi didate. Ziur naiz liburua norabide guztietan irakur daitekeela».

Finean, liburuan jasotakoa berea ez ezik, beste lagun askoren istorioa ere badela adierazi du. Zulo beltzaren bueltan egon den denboran, gizakiaren izanaz hausnartzeko aukera izan du. Hala, liburuan aipatzen den lohia, zikinkeriaren pare jarri du. «Zikinkeria, niretzat, ez da garbitzen. Kasu askotan txikia izan arren, guztiok dugun zerbait da, eta horrekin bizitzen ikasi beharra dugu».

Izena jartzean, gakoa

Barrena husteko ahalegin betean zela, arazoak izan zituen liburuan mintzagai duen zikinkeria horri izena jartzeko. «Nola deitu hainbeste kezkatzen ninduen horri? Dena zikintzen zuen oinazeari? Zer hitz jarri orban horri? Nire koadernoetara irauli ahal izan nuen, besterik ez. Eta izendatzen jakin gabe jarraitzen nuenez, Lohia deitu nion». Horregatik aldarrikatu du Mutuberriak liburua bere bizipen pertsonaletatik harago doan zerbait dela. «Iluntasuna» bizitzaren edozein alditan edonork bizi dezakeen egoera delako. Mutuberriak hobekien dakiena eginez gainditu du krisia: marraztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.