Donostiako 61. Zinemaldia

«Lantalde handiak osatu behar ditugu»

Juanba Berasategik batasuna eskatu die sektoreko kideei, Zinemira saria jaso duen ekitaldian

Juanba Berasategi, atzoko ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Aktoreei, ekoiztetxeei...». Zinemagintzaren sektoreko langileei oro har, mezu bat bidali zien Juanba Berasategik (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1951) Viktoria Eugenia antzokiko oholtzatik, atzo iluntzean. «Lantalde handiak osatu behar ditugu», nabarmendu zuen, urduri bezala pozik, marrazkilari, zuzendari, ekoizle, gidoigile eta beste izandakoak, eta denak. Zinemira saria, euskal zinemagintzan egindako ibilbidea aitortzen duen oroigarria, zeukan eskuen artean, euskarazko animazioaren aitzindariak, eta batasunerako deia egin zien aurrean zituenei, lagunei. «Eskerrik asko, lagunak… Bai, lagunak esan dut, badakidalako lagunen artean erabakitakoa dela». Esker onez hartu zuen Michel Gaztanbideren, Imanol Uriberen, Alex Anguloren eta Elias Kerejetaren, besteak beste, lekukoa.

Euskal zinemaren eguna ospatzeko egindako galaren barruan saritu zuten Berasategi. Hasi aurretik, oraindik jendea kanpoan zain zegoenean, antzokiaren sarreran Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak besarkada beroa eman zion. Sarituak han zituen zain Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, eta baita Iñigo Urkullu Lehendakaria ere.

Berasategi modu diskretuan sartu zen Viktoria Eugenian, eta hamargarren ilaran eseri, erdiko korridorearen ondo-ondoan. Gala hasi aurretik jende dezenteren zorion agurrak jaso zituen. Alboan zeukan emaztea, eta hari eskainiko zion saria, «agoantatzeagatik».

Koldo Martinez medikuak eta Sara Cozar aktoreak aurkeztu zuten gala, ia orduan hasi zena. Proiektatu zituzten Zinemaldiaren baitako Euskal zinemaren saria irabazteko lehiatuko diren lanetako zatiak, eta baita Berasategiren ekoizpen nabarmenetakoak ere: Kalabaza tripontzia, Ipar haizearen erronka, Ahmed Alhambrako printzea, Barriola. San Adriango azeria… Eta hurrena zera esan zuen Martinezek. «Lanbidetik kanpo, gutxi dira aurpegia jartzen diotenak». Eta igo zen Berasategi; eta jaso zuen saria Cozarren eskutik; eta eskatu zuen batasuna. Aurrean, zinemagintzako langileez gain , hainbat euskal sortzaile eta kulturako eragile zeuzkan: Maialen Lujanbio, Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga, Fermin Muguruza, Patxo Telleria eta Mikel Martinez, Fernando Bernues…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.