Tomate egokiaren bila

Gero eta handiagoa da euskal tomate tradizionalaren eskaria gizartean; egungo ekoizpenarekin ezin da eskakizuna guztiz bete. Horri irtenbidea bilatzeko asmoarekin, euskal tomatearen hobekuntza eta bereizketa helburu duen ikerketa proiektua abiatu du Neiker-Tecnaliak.

Iñaki Lasa Etura.
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Pozik daude tomatezaleak. Negua zain eman ondoren, agertu dira denboraldiko lehen tomateak azoketan eta dendetan. Aretxabaleta, Busturia, Loidi... Euskal Herriko hainbat tomate mota aurki daitezke supermerkatuetan erosketak egiteko orduan gaur egun. Are gehiago herrietako azoketan eginez gero, eskualdean ekoitzitako produktuak kontsumituta. Estimu handia diete herritarrek tokiko tomateei, zapore gehiago dutelako generikoagoekin alderatuta. Kalitatezkoak dira, eta bere bereizgarriak ditu mota bakoitzak: handiagoa bat, gorriagoa bestea, garratzagoa, bigunagoa... Ez dira berdinak.

Kontsumitzaileek hurbileko barazkien alde gero eta gehiago egiten dutela ikusirik, Traditom proiektua abiarazi du Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak. Euskal Herriko 100 tomate espezie inguru dituzte germoplasma bankuan —hazien bankua—. Bilduma hori ikertzen hasi dira, euskal tomatearen hobekuntza eta bereizketa lortzeko helburuarekin. Hala, genetikoki identifikatu nahi dute zein den ekoizlearentzako eta kontsumitzailearentzako tomaterik aproposena. Ahalik eta eskaintza komertzialik egokiena ahalbidetuko luke horrek, ezaugarri bereizienak eta preziatuenak nabarmenduz, baita zaporea eta produktibitatea ere. Nekazaritzaren lehiakortasuna hobetuko luke, halaber.

Izan ere, tokiko produktuak erosteko haziz doan interesak badu albo efekturik, zenbait arazo dituzte Euskal Herriko tomate aldaera tradizionalek: ekoizleak ez dira eskaria betetzeko gai, tomate moten emankortasuna ez delako oso handia, eta aldaera horiei, gainera, gaixotasun garrantzitsuenek eragiten diete. Arazoari irtenbidea bilatzeko, euskal aldaera tradizionalik onena hautatu nahi dute Neiker-Tecnaliako ikertzaileek, hainbat parametro kontuan hartuta: kalitate organoleptikoa eta kontsumitzailearen harrera, tartean. «Ekoizpen sektorearen eskaria da proiektuaren sorburua; gizarteak gero eta gehiago eskatzen ditu tomate aldaera tradizionalak, eta negoziorako aukera eskaintzen du horrek», azaldu du Patrick Riga Neiker-Tecnaliako Landare Ekoizpen Saileko ikerlari nagusiak. «Oso tomate aldaera onak ditugu; aprobetxa ditzagun, beraz».

«Euskal Herriko tomateak hibridoak dira gaur egun, etxe komertzialetako haziak dituzte», adierazi du Rigak. «Asmoa da bertako produktua sustatzea, tomatea ez izatea hibridoa, hemen ekoitzitakoa baizik; hainbat mota produzitu ditugu Euskal Herrian hogei urtez baino gehiago». Aldaera tradizionaleko tomateen balioa nabarmendu du: «Ekoizleek lan asko aurreratu digute aldaera tradizionaleko tomateekin: tokiko baldintzetara eta klimara ondo egokituta daude, ekoizlea bera joan da gogokoen zituen tomateak aukeratzen, izan zapore handiagoa zutelako edo beharrezko ezaugarriak zituelako —lehortzeko onena, purerako...—».

Germoplasma bankuan ehun bat tomate mota dituzte, baina hazi guztiek ez dute ikerketarako balio. «Argi dugu aldaera batzuek ez dutela ikerketarako balio, potoetan gordetzeko erabiltzen baitira, eta gure helburua tomate freskorik egokiena bilatzea da». Aldaera bakoitzak aldakortasun handia aurkezten du, gainera, kanpoko itxurari, kalitate sentsorialari eta produktibitateari dagokionez. Oraingoz hogei bat motekin hasi dute proiektua. «Urte amaierarako hiru edo laurekin geratzen bagara, primeran; horrela beste hamar edo hamabost berri frogatuko genituzke datorren urtean, poliki-poliki».

Jatorri izen posiblea

Egon badaude jada merkatuan hiruzpalau aldaera, baina ekoizpen murritzekoak dira, Ripak azaldu duenez: «Aretxabaletako tomatea dugu, Loidikoa, Erandiokoa... oso produkzio lokalak dira, ekoizle ekologikoak asko. Zer gertatu da, baina? Handia dela eskaria, eta gehiago ekoiztu behar dela hori betetzeko». Kontsumorako tomate egokiena identifikatuz gero, hazi egingo litzateke produkzioa. Nola erabaki, baina, zein den egokiena? «Parametro fisiko-kimikoetan oinarritzen gara, zeinek duen ekoizpen handiena, zein den politena, nolako zaporea duen, nola erantzuten dion egoera bakoitzari... Ez ditugu genetikoki hobeturiko hibridoak egiten».

Tomateek gaixotasunei dieten erresistentzia da neurtutako beste parametro bat. Bi patogeno nagusien eragina ikertzen ari dira Neiker-Tecnalian: Tomatearen Mosaikoaren Birusa (ToMV) eta Phytophthora infestans onddoa, mildiua gisa ezaguna. Gaitz bakoitzaren nondik norakoak azaldu ditu Rigak: «Lehenak kontaktu bidez kutsatzen ditu landareak. Ekoizleak eskuekin ukituko du kutsatutako tomatea, eta, ondoren, beste landare bat, eta beste bat... Ez du zertan ekoizlea izan; izan daiteke txakur bat edo intsektu bat. Onddoa espora bidez hedatzen da, airean. Erraz egin dakioke aurre, kobrearekin, eta horregatik ikusten dira aire zabalean dauden tomate landareak kolore urdinarekin».

Euskal tomatearen identifikazioak beste onura bat izan dezake kontsumoari begira. Jatorri izen edo label baten sorrera ireki lezake. Produktua babestuko luke horrek, eta kontsumitzaileak jakingo luke bereizgarri jakin batzuk dituela salgai dagoen tomate horrek. «Jendea apur bat gehiago ordaintzeko prest dago produktua hemengoa eta kalitatezkoa bada, zaporetsua izango dela baldin badaki».

Tokiko tomateekiko interesaren hazkundeaz hitz egitean, Slow Food eta lokaborismo mugimenduek duten garrantzia nabarmendu du Rigak. Izan ere, gero eta gehiago dira mundu osoa zeharkatu duten produktuak kontsumitu beharrean tokian tokiko elikagaien alde egiten duten herritarrak. Ikerlariaren aburuz, horrek onurak baino ez ditu ekartzen: «Tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzeak nekazaritza laguntzen eta egonkortzen du».

Nekazari horietako bat da Jose Antonio Odriozola. 15.000 metro koadro inguruko lursaila du Donostiako Altza auzoan, eta tomateak ekoizten ditu. Hark ere nabaritu du inoiz baino interes handiagoa dagoela, eta aitortu du jendea tomate eske izan duela azken egunotan —jaso ditu jada lehen tomateak—: «Lehenez zen pentsatu ere egiten garai honetan tomatea egongo zenik; orduan, jendea ez zen zain egoten, geroago espero zuen tomatea».

Aldatu da hori. Hori bai, zehaztu du negutegikoak direla denboraldi hasierako eta amaierako—«azaro-abendua»— tomateak: «Bestela, ezinezkoa da orain jasotzea, hemengo eguraldia ez da guztiz ona». Bezeroek tomateak erosteko duten irrika onuragarria da produktua eskaintzeko garaian, eta «zalantzarik gabe», oraingoa da hobeto saltzen den garaia. Denda txikiei saltzen dizkie tomateak Odriozolak, Merkabugati saltokietan, baina baita Altza inguruko dendetan ere.

Urtean bi tomate uzta izaten ditu, eta bi bider aldatzen ditu tomateak: lehena orain jasotzen hasi dira, eta urte bukaeran eta hasieran landatu zuten; bigarrena, berriz, ekain edo uztail aldean jartzen dute. «Metro koadro bakoitzeko hamabost-hogei kilo ateratzen baditugu, oso uzta ona dela esan dezakegu».

Euskal Herriko tomateak nolakoak diren zehaztu du Odriozolak: «Gure tomatea zaila da Almerian, Murtzian edo beste leku batean egitea eta gero hemen saltzea, gutxi irauten baitu. Ez da besteak bezain gogorra, eta ezin da makinarekin manipulatu. Ondorioz, ez du balio jaso eta hamabost egunera jateko, nahiko agudo jaso behar dira —guk, gainera, nahiko gorriak jasotzen ditugu—, eta merkatura eraman zuzenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.