Mende eta laurden zintzilik

Munduan lehenengo zubi esekia izan zen, eta Bizkaiko sinbolo da gaur egun: Bizkaiko Zubiak 125 urte beteko ditu aurten, eta oraindik ere ezinbesteko zerbitzua ematen du.

Bizkaiko Zubiak etenik gabe lotu ditu Getxo eta Portugalete hemeretzi urtez. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Handikeria bat. 125 urte bete dira Getxo eta Portugalete (Bizkaia) artean zubi esek i bat martxan jarri zela, eta, hastapen horietan, handikeria bat izan zen azpiegitura berria. 1893. urtean, Bizkaiko luxuzko bizilekua zen Portugalete, eta egun Getxo dagoen lursailetan ez zegoen iaezer: egoera basatian zegoen. Baina itsasadarraren alde biak lotzeko ideia sortu zen, «etorkizunean inguru guztia urbanizatzeko asmoarekin». Javi Goitia BizkaikoZubian aditua da, eta zubiak bere oinarrian ideia hori ez ote zuen susmoa hartzen dio. Hamarkada batzuen buruan, Bizkaiko luxuzko bizileku asko itsasadarraren beste aldean ere eraiki ziren; beraz, horretan eragina izan zuen. Zubia kapital pribatuarekin eraiki zen, eta munduko lehen zubi esekia izan zen. Handikeria hori aitzindaria izan zen, gainera.

Gisa horretako lehen zubia izan zen Bilboko itsasadarrean eraiki zena, eta, horren ondoren, ia 30 zubi eseki ere eraiki ziren. «Bi ibaiertzak lotzeko aukera ematen zuen itsas nabigazioan trabarik eragin gabe». Horregatik, antzeko bereizgarriak zituzten ibaietan eraiki ziren halakoak. Baina automobilik ez zen existitzen orduan, eta zaldizko zein oinezkoen garraioa egiteko balio zuten zubi horiek. XX. mende hastapenetan automobilen erabilera normalizatzen hasi zenean, ordea, zubi asko eraitsi egin behar izan zituzten, ez zutelako pisu hori garraiatzeko adina indar.

Bizkaiko Zubia, ordea, garaietara egokitu zen. Behartuta egokitu, gainera. Izan ere, 36ko gerran itsasadar gainetik igarotzen den zubiaren habea bota egin zuten. «Zentzu batean ondo etorri zen gerran habea eraitsi izana», azaldu du Goitiak. Hastapeneko zubiaren habeak bi metro garai baitzen, eta hark ezin izango baitzion egungo garraioaren pisuari eutsi. Gerraostean zubia berreraiki zenean, hiru metroko garaiera jarri zioten habeari, egun ezagutzen den moduan. Eta horri esker egungo garaietara egokituta iritsi da azpiegitura aitzindaria.

Baina habearen garaiera handitzearekin batera, ibaiertz bakoitzean dagoen zutabe bakoitzak jasan behar duen pisua ere handiagoa da: «Lehenengo zubi haren pisuarentzako kalkulatuta daude zutabeak, eta horregatik arazo ugari ematen dizkigu». Eraiki zenetik 125 urte bete baititu zubiak, eta urteko egun guztietan, eguneko ordu denetan lanean dihardu itsasadarraren alde biak lotzen. Eta, horretarako,mantentze lan eskerga egin behar izaten dute hango langileek.

Motor eta igogailu bereziak

Roberto Villanueva Bizkaiko Zubiko mantentze zerbitzuetako arduraduna da, eta egunero aritzen dira zubia goitik behera berrikusten. «Itsasadarrean egonda, ohiko gastatzeari itsasoaren, kresalaren eta hezetasunaren eragina gehitu behar zaio». Horregatik, mantentze lana ez da inoiz amaitzen Bizkaiko Zubian. Egunero berrikusten dute automobil eta oinezkoak garraiatzen dituen kabina mugitzen duten motorra. «Zubi eseki guztiak ezberdinak direnez, hemengo motorra bakarra da; horregatik, akatsen bat dagoenean zaila izaten da motorra konpontzea zerbitzua eten gabe».

Hala ere, zubiaren azken eraberritze sakona egin zenetik hemeretzi urte beteko dira aurten, eta ordutik zerbitzua ez da eten, Villanuevaren arabera. Harrotasunez dio hori. Azken eraberritze horretan ibilgailuen garraiorako kabina aldatu zuten, baita bera mugitzen duten makineria ere: «Sistema berritzailea dauka, eta azpiegitura bereziak dauzka, erabiltzaileek kabinatik ez ditzaten sumatu abiaduraren handitze edo txikitzeak». Habean dagoen errailetan ez baita beti leku berean geratzen motorra, tenperaturaren arabera habearen luzera ez baita berdina. «Bero handia egiten duenean, 168 metro luze ereizan daiteke zubia, eta, hotzarekin, 147 metro». Asko dilatatzen denez, alde batetik bestera igarotzeko garaian errailetan ez da ibilbide bera egiten. Horregatik dio habetik zehar doan motorra ere egoera horietara egokituta dagoela.

Bakarra da zubia, bakarra bertako motorra, baita habera igo ahal izateko igogailuak ere. «Zubikoa bezalako beste igogailu bi badaude Suitzan, baina horiez gain bakarrak dira hemengoak», Villanuevaren arabera. Azken eraberritze horretan jarritakoak dira igogailu horiek, eta ohikoek zintzilik izaten duten seinale hodirik ez daukate Bizkaiko Zubikoek. «Azken finean, babestu gabe daude igogailu hauek, eta, haizea egiten zuenean, zubiaren egiturara trabatu ohi ziren hodi horiek». Horregatik, horiek gabeko igogailu batzuk diseinatu behar izan zituzten zubiaren zutabe bakoitzetik zehar igo ahal izateko. Horretan ere bakarra eta berezia baita Bizkaiko Zubia.

Hala dela onartu du Goitiak ere. Makineria berezia duelako, eta azpiegiturak garai ezberdinetara egokitzen jakin duelako. Eredu dela dio: «Marseillan [Frantzia] ere bazegoen zubi eseki bat, baina 1941ean bota egin zuten; berriz egitea pentsatzen ari dira, eta hona etorri izan dira zubia nola eginda dagoen ikustera». Marseillan egin asmo duten zubia aipatu ostean berretsi du laster berriz ere hasiko direla halako zubiak eraikitzen munduko beste leku batzuetan. «Merkataritzara bideratutako ontziak ez badira ere, itsasadarrek ontziak erakarriko dituzte aurrerantzean ere, itsasontzi txikiak izan, edo belaontziak izan; horregatik, aurrerantzean ere irtenbide egokiak izan daitezke zubi esekiak». Bere garaian eraikitako 30 zubietatik zortzik diraute egun zutik eta martxan. Bada, joera hori areagotuko balitz, zenbakiak gora egingo luke.

Eguneroko joan-etorria

Getxo eta Portugalete arteko zubia kapital pribatuarekin eraiki bazen ere, duela 25 urtetik esku publikoetan dago. «Espainiako legearen arabera, leku publikoetan egiten diren azpiegituren jabetza publikoa izango da mende bat igarotzen denean», zehaztu du Goitiak. Espainiako Gobernuaren eskuetara igaro zen horrela zubiaren jabetza, eta hark Bilboko Portu Agintaritzari eman zion bere ustiaketa. Goitia eta Villanuevak lan egiten duten enpresak kudeatzen du zubia.

Baina Bizkaiko Zubiak egun zutik eta martxan jarraitzen baldin badu, hori erabiltzaileengatik da. Egunero zubia erabiltzen duten erabiltzaileengatik, hain zuzen. Angel Manuel Aresti Dañobeitiaren kasua da hori, adibidez. Atzo goizean lehen itzulia egiten ari zen, baina egunean «hiru edo lau aldiz» ere hartzen du. Hala ere, berak beste zubi egonkor bat jarriko luke egungoaren aldean, «ilara handiak» sortzen direlako bestela: «Nik turistentzat utziko nuke, baina erabiltzaileentzako beste bat egin».

Parean zeukan Victor Arrieta Gorostiza, eta adierazpen horien aurkako iritzia azaldu zion berehala: «Gaur egun arte iraun duen azpiegitura bat da, eta sekulako zerbitzua eskaintzen du, gainera! Are gehiago, Santurtzitik Getxora halako beste bat egin beharko litzateke!». Zerbitzuarekin gustura egon ala ez, beste zubi bat eskatzen zuten bi erabiltzaileek. Itsasadarraren iruditerian mugarria jarri duen zubiak, ordea, bakarra izaten jarraituko du oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.