«'Amama' dagoeneko zaharra da»

Marian Fernandez 'Amama'-ren ekoizlearen arabera, filmak bere ibilbide komertziala amaitu du. Zinema jaialdi askotan aurkeztu dute filma, eta sari ugari irabazi ditu horietan

Irizar saria irabazi zuen iaz Amama-k Donostiako Zinemaldian. Ezker-eskuin: Asier Altuna zuzendaria, Amparo Badiola aktorea, Jose Mari Goenaga sari banatzailea eta Marian Fernandez ekoizlea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Txintxua Filmsek ekoitzitako Amama iazko urrian estreinatu zen Hego Euskal Herrian, eta aurtengo otsailean, berriz, Ipar Euskal Herrian. Zirkuitu komertzialean sartu aurretik, ordea, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Asier Altunak zuzendutako pelikula, eta, geroztik, ibilbide luzea egin du, zinema jaialdietako zirkuituan batez ere.

Urritik uztailera, herrialde askotako hainbat zinema jaialditan aurkeztu dute pelikula; AEB, Aljeria, Argentina, Armenia, Belgika, Brasil, Erresuma Batua, Espainia, Estonia, Frantzia, Herbehereak, Iran, Islandia, Italia, Lituania, Mexiko, Norvegia, Polonia, Puerto Rico, Txekia eta Uruguain egon da Amama. Zirkuitu hori ia amaitu du filmak, baina 2017 arte gutxienez beste jaialdi batzuetan egongo da.

Orain arteko jaialdietan, hainbat sari lortu ditu; euskal zinemaren Irizar saria eraman zuen Zinemaldian, esaterako. Gidoi honenaren saria ere irabazi zuen Irango Fajr Nazioarteko Zinema Jaialdian, eta kritikaren, argazkigintza onenaren eta arte zuzendaritza onenaren sariak Brasilgo Ibero-Amerikako Zinema Jaialdian, besteak beste. Guztira, hamasei sari lortu ditu Amama-k.

Zirkuitu desberdinak

Jaialdietatik kanpo, ordea, herrialde horietan ez dute ikusi pelikula; Euskal Herrian ez ezik, Frantzian eta Espainian soilik estreinatu dute Amama. Marian Fernandez pelikularen ekoizlea da, eta, haren hitzetan, zirkuitu komertziala eta jaialdietakoa oso desberdinak dira: «Pelikula batzuk jaialdietan ikusten dira, baina ez aretoetan, eta beste batzuekin alderantziz gertatzen da». Fernandezen ustez, jaialdiek lagundu dezakete filma aretoetara zabaltzen: «Jaialdietan banatzaileak ezagut ditzakezu». Baina zaila ikusten du Fernandezek Amama beste herrialde batzuetan estreinatzea; izan ere, filma «bukatuta» dago, «guretzat zaharra da», adierazi du ekoizleak. Hala ere, sorpresak egon daitezkeela aitortu du: «Guretzat, zaharra da, baina beste leku batzuetan oraindik ez dute ezagutzen pelikula».

Euskal Herrian, ordea, Amama-k izan du oihartzuna. Hegoaldean, guztira, 48.000 ikusle izan ditu pelikulak: Iruñean 7.000, Donostian 7.550, Bilbon 4.000 eta Gasteizen 2.745. Ipar Euskal Herrian ikusle kopurua 7.000 izan zen.

Madrilen ere 5.000 ikusle izan zituen pelikulak; bi hilabete egon zen ikusgai, jatorrizko bertsioan. Fernandezen arabera, oso garrantzitsua izan zen hori. Granadan ere bi astez eman zuten Amama, eta «ikusle kopuru polita» izan zuen: 1.800 pertsona bildu ziren filma ikustera. Espainiako hainbat herritan egon zen pelikula, eta horietako batzuetan «oso harrera ona» izan zuela dio Fernandezek.

Txintxua Filmsek Donostiako 64. Zinemaldian aurkeztuko du bere hurrengo pelikula: Koldo Almandozek zuzendutako Sipo Phantasma. Otsailean, Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian izango da, eta maiatzean,Buenos Airesen. Zirkuitu komertzialari dagokionez, pelikula hori «oso berezia» da aretoetan egoteko, Fernandezen ustez: «Zirkuitu komertziala ez du bere lekua; film esperimentala da». Hala ere, Sipo Phantasma proiektatzeko areto bereziak bilatuko dituztela adierazi du Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.