Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia

'HANDIA' PRENTSAN

Aitor Arregi eta Jon Garañoren filmak harrera ona izan du. BERRIA.
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun

Puntu eta aparte



Argi zegoen Loreak-en egileek ez zutela postaltxo etnografiko bat egingo Altzoko erraldoian oinarrituta: beste gauza batzuk interesatzen zitzaizkien, euskal kondaira bat baino gehiago [...]. Jon Garaño eta Aitor Arregi —eta kolektibo osoa— gizakiaren erraietara joan dira, hezurretatik hasita, zeinek filmaren hasieratik dualtasun erdiragarri bat erakusten duten: kondaira gelditzen da, baina Joaquinen ezein aztarna ukigarri desagertzen da. Handia-ra gehituz doazen gaiak intimismoz eta unibertsaltasunez jorratzen dira [...] Lehenengo parte bikainak —batailaren sekuentzia zirraragarriarekin eta zurrumurruen bitartez bere etxearen egoera berrira gerturatzen den soldaduarekin— leku egiten dio parte pausatuago bati. [...] Handia puntu eta aparte bat da euskal zineman.

Ricardo Aldarondo El Diario Vasco

Konplexuak dituzten erraldoiak



Alegia, betiko istorioa. Aurrez hainbeste aldiz kontatu diguten bezala askoz ere konplexu gutxiago dituzten zinema industriek. Liga honetan, proposamenak dituen hutsuneak tapatzen jakin izan dute artisau ofizioari esker. Bai, filmak erretina laztantzen du, baina ez du arima urratzen. Loreak filmak modu hunkigarrian eusten zien sentimenduei; orain, lan berri honek etengabe eta errazkerian erorizbilatzen du publiko handiaren konplizitatea. Horrenbesteko handinahia jokoaren arauen menpeko dela. Ez esan erraldoi, esan gigantismo. [...] Gogoratu haratago egiten den pausoa, modu erraldoian, atzeraka ere egin daitekeela.

Victor Esquirol Gara

Film polit eta tristea



Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzentzen dute zorionez Handia, Loreak filmeko sormen taldeko kideetako bik [...]. Lehen irudiek, hutsik dagoen hilobi batenak, off-ean entzuten den ahots batek lagunduta iragartzen dute estetikaz eta atmosferaz hornitutako film bat ikustera zoazela. Baita mota askotako sentimenduez ere. [...] Handia-n, etengabe hazten ari den gizon bat eta haren anaia dira protagonistak; Gerra Karlistetatik bizirik atera dira biak. Ohartzen dira lehenengoaren anormaltasuna publikoaren aurrean erakutsiz biek aurrera egin dezaketela, baserriaren hondamena salbatu, Espainian eta Europan barrena etengabe bidaiatu, eta, gainera, famaz gozatu. Eta nola ez, anaien arteko harremanean drama, zeloak, handinahikeria, kexa intimoak eta inoiz ordaintzeari uzten ez zaion arimako kontuak ere badira. Arregik eta Garañok artegaz betetako unibertsoa konplexutasunez, sotiltasunez, emozioz eta egiaz deskribatzen dute. Film arraroa da, zentzurik onenean. Polita eta tristea. Ez dut gaztelaniara bikoiztuta imajinatu ere egin nahi.

Carlos Boyero El País

Emozio sakonak, gehiegikeriarik gabe



[...] Hasteko: Altzoko Handia ez da, aurretik pentsatzen genuenaren kontra, filmeko ardatza. Etengabe hazten ari den pertsonaia horrek eta haren anaiak daukaten erlazioa dago erdigunean; eta ikuspegia gehiago lerratzen da bigarrenaren aldera. Elkarrekin bizitzea dute patu, bakoitzak bide diferenteetatik jo nahia, berriz, kondena. [...] Eneko Sagardoi eta Joseba Usabiagaren interpretazioak zerikusi handia du filmak lortzen duen tonuarekin, beraiek dira filmaren bizkar-hezurra, aldatzen ari den munduari pertsonaien eboluzioarekin erantzuten dioten. [...] Jada, estilo-marka gisa hartu behar diren ezaugarriak dauzka Handia-k: aparteko faktura duen irudia, erretinan grabatuta geratzen diren enkoadrea, emozio sakonak gehiegikeriarik gabe adierazteko gaitasuna. Eta osagai horiekin pelikula anbiziotsua egin dutela esango nuke, hitzaren zentzurik onenean: Loreak-ekin langa goian jarri zuten, gera zitezkeen altura horretan. Baina Moriartikoek hazten jarraitu nahi dute.

Gorka Bereziartua Boligorria Argia

Gidoi bikain baten sotiltasuna



[...] Distira handiz hasten da filma, protagonisten erdiguneko elementuak aurkeztuz: lurra eta, zehazki, baserria. Azken hori anaien espazioaren eta existentziaren erreferentzia da, eta euren izaeraren arabera, erakarri edota egotzi egiten dituena. [...] Handia eskuliburu perfektua da, gure ezberdintasunak nola bizi eta besteen aniztasuna nola onartu azaltzen duena —filmografian sarritan erabiltzen da gai hori—. Guztiek arraro eta ezberdin modura ikusten dute Altzoko erraldoia, baina haren anaia da ezberdin sentitzen dena. Berak joan nahi du baserritik; jaio zenetik egokitutako patutik aldendu, eta bere hegalekin egin nahi du hegan. Bideak, road movie-etan garrantzitsuena denak, ahalbidetuko die, biei, beren buruak diren bezala onartzen. Istorioaren amaieran, gainera, gizartearekin nahastuko dira erabat. Hor dago gidoi bikain honen sotiltasuna eta adimena. [...] Zinemaren une gorena da filma;mami aberatsagatik eta ikuspegi guztiz finagatik, Donostiako Zinemaldiko palmaresean egon beharko luke. [...] Oraingoak izan behar du aukera bai Donostian eta baita AEBetan ere. Edozein kasutan, gurutzatu ditzagun hatzak, film handi honek merezi baitu.

Carlos Loureda Fotogramas

Izugarrizko gaitasun alegorikoa



[..] Bi anaien arteko harremanak eta fusioak gorpuzten du argumentua, anekdotaz zipriztinduz. Horietako batzuk elezaharrez, errealitatez eta munizioz beteta daude, Isabel II.a erreginaren aurrean egindako erakustaldia, kasurako. Era berean, sekuentzia eta interakzio lirikoz zipriztindua ere badago, barneko astinaldiez, alegia. Egiazko gertakizunetan eta gizon handieta inozohorren existentzian oinarritutako kronika iduri duen arren, ikuslea ohartzen da izugarrizko gaitasun alegorikoa duela, erabiltzen duen metafora kopuruagatik eta giza logikan kokatzea zaila den aipamenengatik. Sinesteari uzten ez dion tragedia horretatik abiatuta etengabe hazten, igotzen eta garatzen dira herrixkaren eta munduaren arteko begirada gurutzatuak. Finean, Handia ez da drama txar bat, guztiz kontrakoa bizik.[...]

Oti Rodriguez Marchante  ABC

Film fantastikoa alegorikoa eta poetikoa



[...] Aitor Arregi eta Jon Garañoren filma fantastikoa, alegorikoa eta oso poetikoa da. Horrez gain, bere erara, politikoa. [...] Filma haztamuka igarotzen da ia sakratua den misteriozko espazioan. Igarotako mendeez mintzatzen da, baina halabeharrez milaka urte dituen kondairaren memoria kolektiboari egiten dio erreferentzia. Guztiok partekatzen dugu. Kamera bere harriduraren kontalaria da, modu zehatzean, lo-ibiltaria balitz bezala. Distira handikoa. [...] Egia da filma, une batzuetan, denborarik gabeko erritmoaz maiteminduta gelditzen dela, espazio eta tokirik gabe. Hunkiberatasun orotatik urrun igarotzen da filma, xehetasunetan eta bere lirismoan gehiegi erreparatuta. Bere barneko gogoetetan murgilduta, agian nekatuta. [...] Munstroaren istorioa gelditzen da, kolosoena, erraldoiena; begiradaren beharrik intimoenaren deskribapen zehatza gelditzen da. Ikusi ez bereziki sinesteko, baizik eta onartzeko, maitatzeko. Eta, erdian, munstroa.

Luis Martinez El Mundo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.