Sami Nair. Politologoa, filosofoa eta soziologoa

«Europak egiturazko arazo sakon eta global bat dauka»

Nairren ustez, Europak egun duen arazoa ez da ekonomikoa, baizik eta egitasmo politiko sendorik ez izatea. Irtenbidea zein den ere badaki: «Ezinbestekoa izango da estatu kide izatearen nortasuna sortzea».

SAIOA BALEZTENA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Politologoa, filosofoa, soziologoa. Sami Nair (Tlemcen, Aljeria, 1946) Frantzian hazi eta hezi zen, jaioterritik urrun, baina beti jarri du arreta immigranteengan eta errefuxiatuengan. Simone de Beauvoirrekin batera zuzendu zuen, 1980ko hamarkadan, Les temps modernes (Garai modernoak). Frantziako immigrazioaren inguruko ikerketa bilduma hura egin zuenetik, «gogoz kontra» harenhitzetan, aditua da migrazio gaietan, erreferente bat. Errefuxiatuak izan ditu ardatz, hain zuzen, bere azken liburuan: Refugiados. Frente a la catástrofe humanitaria una solución real (Errefuxiatuak. Giza hondamendiari aurre egiteko irtenbide benetakoa).

Frantziako Estatuko ohorezko kidea ere bada Nair. Lionel Jospinen gobernu sozialistan aritu zen, eta, gerora, eurodiputatu, 1999tik 2004ra. Bartzelonan eman berri duen hitzaldian agerian geratu denez, oso kritikoa da egun politikariekin. Bukatutakoan egin dio tartea BERRIAri.

Errefuxiatuak: Europako lotsak agerian izenburua jarri diozue hitzaldiari. Europako Batasuneko zimenduak zalantzan jarri dituzu. Nola ikusten duzu egungo Europa?

Krisi sakona ikusten dut, egitasmo politiko sendorik ez dagoelako. Balioen gainbehera bat dago, errefuxiatuen krisiaren eta immigrazio presioaren inguruan, batez ere. Eta hori sekulako arazoa da, arazo ekonomikoetatik haratago argi dagoelako estatu kideek ikusmolde desberdina dutela giza eskubideen inguruan.

Iraganeko eskarmentuak ez al du pisurik izan?

Zoritxarrez ez, eta komenigarria litzateke iraganaz ikastea. Europako Batasuna, orain arte behintzat, arazo bati aurre egin beharizan dionean aurrera atera da; baina, gaur egun, egiturazko arazo sakon eta global bat dugu, etorkizunaren ikusmolde ezkorrera bideratzen gaituena. Europako politiken birnazionalizazio baten aurrean gaude, lurraldetasunari, merkataritzari eta atzerri politikei dagokienez. Elkartasuna gutxienekotan da, eta, herrialderen batek arazoren bat duenean,ez dio inork lagunduko.

Prest ikusten al duzu buruzagiren bat gaitasunez egoerari buelta emateko?

Buruzagi politikoak demokraziaren kanposantuak dira. Ez dut sinesten buruzagietan, ezta salbatzaileetan ere. Herrien eta gizarte mugimenduen aldekoa naiz; indar handiagoa dute, zalantzarik gabe. Europako Batasuna Angela Merkelen eskuetan dago, eta, duela gutxi ehunka errefuxiatu hartuta ongi jokatu zuen arren, guztiaren gainetik bere herrialdearen interesen alde borrokatzen du. Ez du europar ikusmolderik. Are gehiago, esango nuke Europak ez duela sekula izan begirada globaleko buruzagirik.

Zein da orduan irtenbidea?

Urte asko beharko ditugu; baina,batez ere, ezinbestekoa izango da Europako Batasuneko estatu kide izatearen nortasuna sortzea. Europaren arazoa ez da ekonomia, egitasmo politikorik ez izatea baizik. Kulturaren eta nortasunaren kontrairaultza lazgarria bizi izan dugu, eta, nagusitu den amerikanismo kulturalaren ondorioz, XVIII. mendean gorpuztu zen europar kultura suntsitu da.

Eztabaida orduan egitura federala eta konfederalaren artean dago?

Tira, federazioaren aukera Europako Batasunaren kontra doa, ezinezkoa baita. Nazioak indartsuegiak dira batasun sistema onartzeko. Ez Frantziak eta ez Alemaniak ere ez lukete onartuko, adibidez. Horregatik, europar politikaren konfederazioaren alde egingo nuke nik, uste dudalako gaur egun egingarriagoa dela, eta, agian, federaziora bideratuko gaitu etorkizunean.

Errefuxiatuen krisia bete-betean da Europan. Alemaniak 100.000 errefuxiatu hartu ditu. Gainontzeko herrialdeek bide berari jarraitu beharko liokete?

Alemaniak bere alde izan du azken 17 urteotan euroaren mendekotasuna; alegia, egin zezakeen, gainontzeko herrialdeek ez bezala. Angela Merkel iaioa izan da,eta egoeraren analisi bikaina egin du; izan ere, Alemaniak arazo demografiko itzela du. Aurreikusita dago datozen 25 edo 30 urteetan demografikoki galera itzela izatea; Frantziak demografikoki aurrea hartzen ahal dio, hortaz, garapen demografikoak kalte handiegirik ez sortzeko, gutxienez, 700.000 lagun hartu beharko lituzke urteko.

Eta Frantziak. Nahikoa egin al du errefuxiatuekin?

Lan interesgarria egin da. Erresuma Batuaren arbuiatzearen aurrean Calaisko errefuxiatuak hartzeko erabakia hartu du. Erabaki horrek, ahal ere, arazoak ekarriko ditu; izan ere, errefuxiatuek Erresuma Batuan egon nahi zuten, hango hizkuntza menderatzen dutelako. Frantzian lana aurkitzeko, adibidez, eragozpen gehiago izango dituzte.

Europako hiri batzuk prest agertu dira errefuxiatuak hartzeko. Bruselak, baina, ateak itxi ditu.

Bai, baina ardura ez da, alde horretan, Europako Batzordearena. Oso kritikoa naiz beti erakunde horrekin, baina egia da gai honetan estatuburu eta gobernuburuek hartu zutela erabakia; Europan, gehienez ere, 160.000 errefuxiatu hartzeko muga ezarri zuten.

Zure hitzetan, «harrera herriko biztanle bilakatzea» da immigrazioaren etorkizuna. Gaur egun urrun gaude horretatik, ezta?

Hori izan da bilakaera historikoa. Frantzian, esaterako, milioika espainiar edo aljeriar gaude, ni tartean, immigrante gisa desagertu garenak eskubide osoko biztanle izateko. Estatu Batuetan ere hala izan da. Baina, noski, gaur egun,krisiaren ondorioz, talde minoritarioek legezkotasun urritasuna dute harrera herrietan. Azken finean, gaur egun, immigranteek bizi dute duela 30 urte emakumeek bizi zuten berbera. Hala ere, immigranteena ez da arazo bakarra; Europako Batasunean oraindik ere emakumezkoen soldatak gizonezkoenak baino %20 txikiagoak dira.

Migratzearen inguruko hainbat ikerketa egin dituzu. Zenbateraino hobetu da egoera?

Ezkorra naiz, zintzoki. Datozen urteetan biztanleria jarioak anarkikoki garatuko direla uste dut. Are gehiago, aurreikusita dago guztira 90 milioi lagunek migratu beharko dutela ingurumen arazoak direla tarteko. Eta hori gertatuko da elkartasunik gabeko Europako Batasunean. Izan ere, Jurgen Habermasek izendatutako prosperitatearen txaubinismoa delakoak, alegia, berekoikeriak, immigranteen integratze positiboa eragozten du. Errefuxiatuen krisiak erakutsi du, eta, seguruenik, immigrazioaren kontrako mugimenduen erradikalizazioak gora egingo du datozen urteetan. Europa NBEren 1951eko Konbentzioa urratzen ari da, errefuxiatuei oinarrizko eskubideak aitortzen dizkiena, eta dokumentu horren funtsa batasunaren sorreran jasotzen da.Surrealista da. Kanporaketa masiboak debekatzen ditu, esaterako. Eta loteslea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.