Bulegoetako langileek greba egingo dute gaur eta bihar, itunaren alde

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bizkaiko bulegoetako langileek bi eguneko greba eguna egingo dute gaur eta bihar. 23.000 beharginen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena negoziatzeko mahaian aurrerapausorik ez da eman, eta langileek greba egingo dute euren aldarrikapenei ahotsa emateko. Otsailaren 1ean ere egun osoko lanuztea egin zuten, eta sektorean inoiz egindako mobilizaziorik handiena izan zen hura, deitzaileen arabera.

Bi eguneko greba egun horietara negoziazio mahaian eserita dauden sindikatuek deitu dute: ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk; baina CGT, ESK eta CNT sindikatuek ere babestu dute. Deitzaileen arabera, ituna negoziatzeko mahaia «blokeatuta dago», Cebek patronalak lan baldintzak okertu nahi dituelako. «Langileek ezetz esango diete murrizketei, gutxieneko bermearen eta antzinakotasunaren galerari, modu mugagabean soldata izozteari eta langileen prekaritatea zabaltzeari. Guztia, enpresak diru asko irabazten ari diren sektore batean».

Kontuan hartu behar da sektorea informazioaren eta komunikazioaren teknologietan aritzen diren enpresako langileak direla,batetik, baina beste asko ingeniaritzaren esparruan ere aritzen direla, bestetik. 2012tik dago sektorea hitzarmenik gabe, eta denbora tarte horretan lan baldintzak «izoztuta» daudela diote. Hitzarmen zaharrarekin dauden beharginek ez dute soldata igoerarik izan, eta kontratazio berriekin sartu direnek Espainiako itunen araberako baldintzak dituzte. Horregatik, sei urte igaro eta gero bulegoetako langileen baldintzek behera egin dutela salatu nahi dute bi eguneko grebarekin.

Goiz osoan pikete mugikorra egingo dute langileek. 10:00etan Bilboko Zabalburu plazan hasiko dira behar horretan. Eguerdian, bestalde, eguneko mobilizazio nagusia egingo dute, hori ere Bilbon. Arriaga plazatik abiatuko dira, eta Iberdrola dorre pareraino joango dira manifestazioan, enpresa azpikontratatu asko dauden dorreraino, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.