Egunerokoa, ez helmuga

Euskalgintza eta estatugintza «eraikuntza lanak» direnez, jardutearen garrantziaz aritu dira 'Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian' jardunaldian, Iruñean

Eduardo Apodaka, Idurre Eskisabel eta Gaizka Aranguren, atzoko mahai-inguruan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Iruñea
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskalgintza eta estatugintza ez dira helmuga, eraikuntza lanak dira, Eduardo Apodaka EHUko irakaslearen arabera. Eguneroko egintzak dira. Eta, hortik abiatuta, beharrezkoa da nahi dena zehaztea. «Zein da estatugintzaren xedea? Estatu independentea lortzea. Kontua da nola irudikatzen dugun. Ondo mamitu behar da zergatik nahi dugun eta zer den eraikitzen ari garena». Euskararen iruditeriaz eta diskurtsoaz aritu ziren atzo Jakin aldizkariak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Euskara naziogintzaren eta estatugintzaren erdian jardunaldietako bigarren saioan. Apodakarekin batera izan ziren Gaizka Aranguren eta Idurre Eskisabel kazetariak topaketen azken eguneko lehen saioan.

Euskalgintzaren eta estatugintzaren subjektuan egin du lehen geldialdia Apodakak. «Nor ari da estatugintzan? Nork desiatzen du, eta nor da horren subjektua?». Euskal Herriko mapak jarri ditu adierazle gisa. Udal hauteskundeetako emaitzenak, batetik, eta euskal hiztunen mapak, bestetik. Nabari da mapak dituen koloreetan: gorabeherekin bada ere, boto abertzalea eta euskal hiztunen koloreek bat egiten duten eremua nabari da. Eta atera du ondorioa: lotura dago estatuaren nahi dutenen eta euskararen artean. Baina zuzendu du ez dela baieztapen borobila: «Badira euskaldunak ez diren abertzaleak. Eta abertzaleak ez diren euskaldunak». Gaur-gaurkoz, hori da euskalgintzaren eta naziogintzaren abiapuntua, EHUko irakaslearen arabera, eta ezinbestekoa iruditzen zaio etorkizunera begira subjektu hori aintzat hartzea.

Mapak arazo bihurtu zaizkio Euskal Herriari. «Zazpiak bat irudikatzen da Euskal Herria diogunean, eta hori izan da naziogintzatik bultzatu dena». Mapa hori ez dator bat euskararen herriarekin, Apodakaren arabera. Erakundetutako mapa da euskal nazionalismoak oinarrian hartu duena. «Modernitatean eraiki diren nazio estatuen antzeko estatua eraikitzea izan da xedea. Eta erakundeak ditu mapa horrek oinarrian, eta ez euskal jendea». Eta mapa bi horiek elkartzea izan da naziogintzaren proiektua, hain zuzen. Helburu hori mantentzen den ala ez, eta nola egiten ari den hausnartzea beharrezkoa dela adierazi du. Eta jendearen burujabetzan egin du indar: «Egunez egun egin behar dugun gauza bat da. Eta harian-harian arlo guztietan landu beharrekoa».

Praktika eta artikulazioa

«Inbentario» bat egin behar dela dio Apodakak. Eta eman dio hitzari zentzu bikoitza: dagoenaren zerrenda egitea, batetik, eta inbentuen bilduma, bestetik. «Garena, izan ahal garena eta proiektatu ahal duguna zehaztu behar dugu». Horrek ekarriko ditu subjektibitate berriak, haren arabera. Baina itzuli da aurrez aipatutako abiapuntura: «Nekez egingo dugu ezer estatugintza eta euskalgintzan ahaztu egiten badugu abiapuntua zein den; subjektua zein den, alegia».

Eguneroko praktiketan egin du indar Apodakak: «Euskaraz bizi den jendearen bizitasuna eta osotasunak izan beharko luke helburuetako bat. Bizitza praktikak izan daitezela erosoak eta erdaraz egiten diren praktiken parekoak». Eta bizitza praktika horien aukeretan jarri du arreta: «Aukeren mapak bestelako ikuspegiak ematen ditu, eta hor badugu beste inbentario oso bat asmatzeko».

Artikulazioari berebiziko garrantzia ematen dio Apodakak. Hainbat sektoreren arteko baturaren alde egin du: «Mendeko kokapenak eta bizi praktika baztertuak, eta zapaldutako subjektutasuna elkartu behar dira». Norabide horretan burujabetza praktikak aurkitu eta asmatu, eta «errepublikak» artikulatu behar direla azpimarratu du. Azaldu du errepublika hitzarekin zer esan nahi duen ere: «Praktikak eremu publikoan antolatu eta zabaldu behar dira modu irekian, jende berria sartu ahal izateko».

Kausa handien artikulazioa egin da orain arte. «Kausa handien menpe artikulatu ditugu besteak». Kausa txikien artikulazioa egin behar da, Apodakaren ustez. «Gutasuna» zabaldu egin behar dela uste du. «Gu» berriak eraiki behar direla, alegia. «Estatugintza eta euskalgintzan gu hori guk landu, sortu eta zabaldu behar ditugu. Eta gu hori dioen jende gehiago elkartzea lortu behar dugu: elkartzen dute praktikak asmatu beharko genituzke».

«Gutasun» hori izan zuen mintzagai Arangurenek ere. Iruditeria kolektiboak garrantzia du horretan, kazetariaren arabera. Eta Espainiak eta Frantziak estatu egiturarekin berenak zabaldu dituztela adierazi du. «Gutasuna osatzen dute estatuek. Iruditeriaren erreferenteak sortu, birsortu eta elikatzen dituzten heinean». Euskal Herriak ez du iruditeriarik osatzeko estaturik izan, eta erreferente historiko komunak galdu ditu horren ondorioz, Arangurenen arabera. Horiek sortu ez izanaz gogoeta egin du, eta azpimarratu du imajinario kolektiboek nortasun politiko zehatzak sortzen dituztela: «Gero eta erreferentzia komun eta imajinario kolektibo gehiago, orduan eta gu gehiago».

Feminismoa bidelagun

Zaharkitua dago euskararen diskurtsoa, Eskisabelen esanetan. Eta demokraziaren terminoetara eramango luke berak diskurtso berria: «Demokraziaren eta justizia sozialaren parametroetara ekarriko nuke euskalgintzaren diskurtsoa. Eta horretarako feminismoa oso bidelagun ona da».

«Desnaturalizatzeko prozesua» ondo egin du feminismoak, Eskisabelen arabera, eta euskarak ere auzi politikoa azalarazi behar duela uste du. «Feminismoak partikularra dena auzi politiko bihurtu, eta unibertsalen parametroetara ekarri du». Eta ekarri du gogora Lutxo Egiaren adibidea ere: «Oinarri feminista du ekimenak. Kolektiboki performatu eta ekintza bera egin beharko genuke. Demagun milaka euskaldunok ahazten dugula hizkuntza hegemonikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.