arantxa elizegi egilegor
LEKUKOTZA

Beste gau bat

2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Eta joaten bagara? Chicagora diot… Han izango dira denak». Isiltasuna telefonoan. «Galdetuko dut», BERRIAko erredakzioan. Segundo gutxi batzuk, eta... «Konforme. Zoaz, eta gozatu». Lasterka ordenagailua hartu, dokumentazioarekin batera gorde, eta aireportura eramango ninduen taxiaren bila. «Yes, we can!» etxekideak atzetik.

AEBetako presidentetzarako bozen emaitza ofizialak jakiteko ordu batzuk geratzen ziren oraindik 2008ko azaroko lehen astearte hartan, baina inork ez zuen zalantzan jartzen Estatu Batuek, lehen aldiz, presidente beltza izango zutela. Urteetan bigarren edo hirugarren mailakotzat tratatutako arraza bateko kidea izango zen munduko estatu boteretsueneko burua. Gau historikoa/histerikoa zen hura. Geltokietan, aireportuan, trenean… ez zegoen beste gairik ez beste hitzik: «Obama, Obama!».

Chicagon sekula egon gabea izanik ere, ez zen maparik behar Grant Park aurkitzeko. Nahikoa zen jende(bel)tzari jarraitzea. Presidente estreinatu berriarekin batera, haiek izan ziren eguneko protagonistak, dena posible dela dioten herri horretan azalaren koloreak dena horri muga nabarmenak jartzen dizkion garaian. Gerora esan zutenez, 250.000 lagun inguru bildu ziren Barack Obama eta haren familia agertu ziren agertokiaren inguruan. Baina hiru edo lau bider gehiago izan ziren kanpoan geratu zirenak.

Ez zen George Bushen zortzi urteko legealdia amaitua zelako, ez eta Obamak paperik gabeko atzerritarrei irtenbide bat eskaini zielako, txiroenentzako doako osasun arreta iragarri zuelako edo Guantanamo itxiko zuela hitzeman zuelako ere. Ez. Beltza zelako zen. «It's a nigger, man! A nigger!», zioen batek baino gehiagok gertatutakoa sinetsi ezinik. Bazirudien, urtebete lehenago inork ezagutzen ez zuen gizon gazte hark AEBak ez ezik, mundua edo unibertsoa bera ere salbatu behar zuela eskua goratze hutsarekin.

Ezin uka Obamak bazuela/baduela bere hitzaldiekin jendea erakartzeko indarra. Baina berdin erakarriko ote gintuen zuria izan balitz? Hark hitzemandako aldaketak sinesgarritasun bera izango ote zukeen?

Hitz erdi bat esaten zuen aldiro txaloek, oihuek eta aieneek isilarazten zituzten haren hitzak. Arraza oso baten heroi izendatu zuten -eta baita nazioartearena ere, edo hori sinetsarazi ziguten gero Bakearen Nobela emanda-. Amaitu zen ekitaldia eta agertu Polizia, gehienbat beltzak haiek ere. Hustu zituzten Grant Parkeko inguruak, baina jendea ez zegoen etxerako, kalean barrena jarraitu zuten mendekua ospatzen. Hori izan zelako duela zortzi urteko gau hura, urteetako zapalkuntzaren osteko mendekua, nahiz eta biharamunetik aurrera itzaltzen hasi zen heroia.

Beste gau historiko/histeriko bat izango zen bart gauekoa. Oraingoan heroirik ez badago ere, beste lehen aldi bat izango da, lehen emakumearentzako edo lehen magnatearentzako. Demokratak saiatu dira —edo ez— Obamarekin egin bezala lehen aldi horri zukua ateratzen, baina Clintonen motxila beteegia dago jada, eta ez bereziki emakumeen eskubideen alde izandako lorpenengatik. Eta Trump... tira, Trump, Trump da. Ikuskizun izango ziren bart gauean New Yorkeko kaleak. Han izango zuten bi hautagaien emaitzen berri, Manhattan aberats zurian, eta, dagoeneko, lerro hauek irakurtzerako, badakigu nork hartuko duen arima zuriko cowboyaren lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.