Artelaneko pieza bat ezbaian

Erakusketetako obrak hautatzeaz gain, egiten du lanik komisarioak. Baina, azken boladan protagonismo handiegia hartu ez ote duten, kezka hori handituz doa arte arloko hainbat kideren artean. Gai horren inguruan gogoeta egin dute Beatriz Herraez, Edorta Kortadi, Lourdes Fernandez eta Irati Irulegi komisarioek.

Berlingo Urban Nation museoko irudi bat. CARSTEN KOALL / EFE.
Maider Galardi
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Tartean dagoen norbait da komisarioa; erdian dagoena, baina ez zentroan». Museoen, erakundeen eta artisten artean, hortxe du lekua komisarioak, Irati Irulegiren ustez (Donostia, 1987). Leku hori zenbateraino den handia: hori neurtu behar da. Azken boladan, garrantzia handia hartu dute arte zirkuituetan: zenbait museok komisarioaren izenarekin iragartzen dituzte erakusketak; gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio erakusketa atontzeko prozesuari, eta zenbait unibertsitate ikasketa espezializatuak eskaintzen ari dira. Horren adibide, datorren ikasturtean graduondoko ofizial bat jarriko dute abian Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Orain arte ikusezina zen ogibide horrek ez ote duen protagonismo handiegia hartu: hori dute kezka arte esparruko hainbat lagunek. Artistek, komisarioek eta museoek elkarren beharra dute, baina zera da erronka, nola doitu pieza horiek ongi. Gaur da museoen nazioarteko eguna, eta, horren harira, lau komisariok beren lanbidearen nondik norakoak aletu dituzte BERRIAn.

Erakusketak antolatzeaz gain, komisarioak egiteko asko ditu. «Artista laguntzen dugu, noski, baina uste dut garrantzitsua dela horrez gain kontuan hartzea espazio bat betetzen dugula, bai formaz,bai edukiz. Hori da gure lan esanguratsuetako bat», nabarmendu du Beatriz Herraezek (Gasteiz, 1974). Urteak daramatza komisario lanetan, eta gertutik bizi izan du lanbidearen bilakaera:«Gu hasi ginenean, 1990eko hamarkadan, erakusketak antolatzea zen gure funtzioa, baina orain beste eginkizun batzuk ere baditugu». Besteak beste, Donostiako Tabakaleran Itziar Okariz artistak otsailean inauguratutako erakusketan parte hartu zuen. Ohartarazi du, ordea, komisario adina era daudela komisariotza ulertzeko.

Beste belaunaldi batekoa da Edorta Kortadi (Tolosa, Gipuzkoa, 1946), eta, testuingurua aldatu egin dela aitortu badu ere, uste duezaugarri jakin batzuk behar direla komisario izateko: «Komisarioak sudur luzea izan behar du, ikusteko non dauden baliozko artelanak; ondoren, hautaketa egoki bat egin behar du, eta, amaitzeko, lan pedagogikoa egin behar du, publikoari istorio bat helarazteko». Lourdes Fernandezek (Donostia, 1961), berriz, ez du uste lan logistiko hori hain garrantzitsua denik, baina nabarmendu du ezinbestekoa dela narratiba egoki bat eraikitzea. Irulegik eta Herraezek bat egin dute, eta harago jo dute: «Komisarioak egoera berriak sortu behar ditu. Ikuslea gogoeta egitera bultzatzea da gakoa».

Badago prozesu interesgarri bat, hortaz, erakusketaren azken emaitza bitarte. Azken urteetan, gainera, komisariotza sustatzeko programek eta bekek are eta indar handiagoa hartu dute. Horren adibide, Bilboko Azkuna Zentroak abian du Komisario Berriak egitasmoa. Fernandez zentroko zuzendari zela jarri zen proiektua martxan, eta Herraezek parte hartuko du orain. Hala ere, ez batak ez besteak, ez dute uste artisten lanarekin alderatu daitekeenik: «Komisarioaren lana ez da sorkuntza, baizik eta ikerketa, bilketa eta kontakizun berriak eraikitzea».

Prozesu hori, gainera, ezin du komisarioak bakarrik egin. Erakundeak eta artistak behar ditu, eta alderantziz, arte zirkuituak komisarioak behar ditu. Horregatik «solasaldia» eta «hartu-emana» dira lau elkarrizketatuek gehien aipatutako hitzak.

Botereak eta zentralitatea

Erakusketa bat edo programazio bat antolatzeko garaian, komisarioak zubi lana egin ohi du artisten eta erakundeen artean, baina Herraezek azaldu du alde guztiek ahotsa dutela, ertz askotako negoziazioa baita. Ordea, Irulegik ohartarazi du hartu-eman hori botere harreman bilaka daitekeela: «Guztiok jartzen dugu mahai gainean nondik jo nahi dugun. Hor hasten da sokatira». Tenkatze horrek ez du bortxaz txarra izan behar, baina aitortu du sarri ez dagoela argi nor den erakusketaren inguruan erabakiak hartzeko arduraduna.

«Ez dut uste irizpidea museoek eta arteguneek inposatu behar dutenik. Lan hori artistei eta komisarioei dagokie», adierazi du Fernandezek. Arcoko zuzendari izan zen bost urtez, eta duela gutxi utzi du Azkuna Zentroko zuzendaritza. Badaki zer den erakusketa guneetako arduraduna izatea, baina, hala ere, uste du sendotasun handiagoa eman behar zaiola artistaren eta komisarioen harremanari.

Zenbaterainoko zentralitatea hartu behar duen: hori da eztabaidagai nagusia. Lau komisarioek argi dute artistarekin elkarlanean egin beharreko prozesu bat dela, baina ez datoz bat lanaren garrantzia definitzerakoan. Kortadik, esaterako, uste du komisarioak ezin duela bere ideia inposatu, baina agerian utzi du aldagai ekonomikoaren garrantzia: «Egia da batzuetan komisarioak artistak baino diru gehiago irabazten duela. Hala ere, artistak bere lana plazaratzeko aukera lortzen du». Irulegi azken belaunaldiko komisarioa da; Donostia 2016 egitasmoaren barruko Eremuak proiektuan hartu zuen parte, eta berak ere sumatzen du botere gosea: «Jakina hitz egiten dela zenbait komisariok hartu duten zentralitateaz. Nire ustez, ordea, ez luke botere gehiago eduki behar, eta uste dut horren inguruan gogoeta egin behar dugula». Bat egin du Fernandezek: «Sarritan gailentzen da komisarioaren hitza, bai, baina komisario onaren lana da artistarekinbenetako elkarrizketa bat sustatzea».

Mugak ere mintzagai dituzte Fernandezek, Kortadik, Irulegik eta Herraezek: muga ekonomikoak, espazioaren mugak, artistari ezarritako mugak. Bakoitzak, ordea, bere erara bizi ditu neurri horiek. «Elkarteek eta instituzioek jartzen dituzte mugak», ohartarazi du Kortadik: «Arau horiek onartzen ez badituzu, gelditu zaitezke zirkuitu horretatik kanpo. Beraz, hobe da neurri horiek onartzea. Askotan, oso zaila da arauak puskatzea». Arte sakratuan eta elizbarrutietako zirkuituetan espezializatua da Kortadi.

Herraezek, berriz, ez du uste aparteko mugarik dagoenik arte sisteman: «Beti dago mugaren bat lan harremanetan. Baina, batzuetan, badirudi artistei mugak jartzen dizkiegula, eta ez da hala». Irulegirentzat eta Fernandezentzat, berriz, muga ekonomikoa da arazo nagusiena. Baina bada komisariotza lanean beste muga handiago bat ere: erakundeetatik kanpo edo erakundeen barnean ari diren, horrek zehazten du askotan zein den haien jardunbidea.

Barrutik edo kanpotik

Herraezek, esaterako, hainbat instituziotan egin du lan. Gasteizko Montehermoso kulturgunean hasi zuen ibilbidea, eta gerora Madrilgo Reina Sofia museoan ere aritu da kudeatzaile lanetan. Orain, komisario independente gisa dihardu, eta nabari du ezberdintasuna: «Independente gisa lanean ari garenean, garrantzitsua da artistarekin harreman jario handia izatea. Erakundeetan lanean ari garenean, berriz, gure lanak ezin du izan erakusketak bata bestearen atzetik antolatzea soilik. Zentzua duen programazioa osatu behar dugu, liburu baten moduan jarraipena duena». Fernandez are gehiago findu du erakundeetako jarduna: «Instituzioetan ari garenean, beharrezkoa da ildo estrategikoak zehaztea». Bera ere aritu da independente gisa, eta nabarmendu du zailagoa izaten dela proiektuak aurrera ateratzea: «Erakundeetan zaudenean, errazagoa da prozesua, zuk zeuk aukeratzen duzulako nahi duzuna, baina, autonomo gisa lanean ari zarenean, gorabehera gehiago izaten dituzu erakundeekin edo enpresekin».

Kortadiren ustez, berriz, ezinezkoa da erabateko askatasuna edukitzea: «Ez dakit badagoen benetan independentea den komisariorik. Nire kasuan, gotzaindegiarekin lotura estua dut, eta ezin ditut nire irizpideak besterik gabe ezarri. Jakina, mendekotasuna daukat, baina horrek ez du esan nahi lan egiteko askatasuna ez daukadanik».

Irulegik ere modu batean eta bestean egin du lan, baina azpimarratu du kontua ez dela kanpoan edo barruan lan egitea, beharrezko azpiegitura egokiak sortzea baizik: «Lan egiteko garaian, gehien eragiten duena testuingurua da. Nik orain independente gisa egiten dut lan, baina beste bi kiderekin: Laura Vivesekin eta Iker Fidalgorekin. Gogoeta asko egiten dugu, eta ohartu gara autoantolakuntza dela beharrezkoa». Erakundeekin dituzten harremanak kudeatzeko, harentzat ezinbestekoa da oinarrizko ehun sendo bat izatea, eta, halakorik ez dagoela iritzita, bestelako antolaketa eredu batzuen bila ari dira oraintxe bertan.

Eredu berrien bila

Gero eta espezializazio handiagoa egonda, Herraezek uste du garai aproposa dela harreman sare egonkor bat sortzeko: «Euskal Herrian arte komunitate aberats bat daukagu, baina garaia da ehun hori sendotzeko eta nazioartean harremanak sortzeko». Irulegik bide berriak landu nahiko lituzke: «Lan kolektiboa izan behar du komisarioaren lanak; bai artistekin egindakoak, baita gure artean egindakoak ere». Hala ere, prestasun handiagoa eskatu die instituzioei: «Jende asko dago gauza pila bat egin nahian, baina ez daude behar beste baliabide».

«Prekarioa» da, Fernandezen ustez, artearen eta kulturaren egoera, oro har. Esan du komisarioen baldintzak ere halakoak direla horren ondorioz. Kortadik ohartarazi du egoera aldatzen dela, zer korrontetan lan egiten duten: «Nik arte sakratuarekin egiten dut lan, eta zailtasunak ditugu erakusketak antolatzeko, baina ezin ahaztu komisario askok ikusgaitasuna irabazi dutela».

Laurek berretsi dute ikusgaitasuna bai, baina gehiegizko protagonismoa ez dela ona: «Komisario onek artista bakoitzari onena ateratzen diote», egin du azken azpimarra Fernandezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.