Gizon bat atxilo Tuteran, andre bat bortxatzeagatik

Sexu erasoak salatu ditu andre batek Durangon, eta beste batek Iruñean

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, iaz, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Emakume bat bortxatzea egotzita, 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Espainiako Poliziak Tuteran (Nafarroa). Iragan astean gertatu zen; herritar batzuek ikusi egin zuten erasoa, Tuterako plaza batean, eta bortxaketa geldiarazten saiatu zirenean, andrea jo, eta ihesari eman zion gizonezkoak. Lekukoek Poliziari deitu zioten, eta erasotzaileari jarraitu zioten herriko kaleetan barrena; polizia auto batekin topo egin, eta haiek lortu zuten gizona atxilotzea.Atxilotua epailearen esku jarri zuen Poliziak, eta hark espetxera bidali zuen.

Erasoaren ostean ospitalera eraman zuten emakumea, zauriak artatzeko eta mediku probak egiteko. Nahasmendu egoeran zegoen, eta, haren esanetan, egoera hori ez zetorren bat berak kontsumitutako edariekin. Hori horrela, atxilotuak edalontzira sustantziaren bat bota ote zion ikertzen ari dira.

Horrez gain, bi sexu eraso salatu dituzte asteburuan, bat Durangon (Bizkaia) eta bestea Iruñean. Durangoko kasuan, Abadiñoko (Bizkaia) jaietatik itzultzen ari zen emakume bati eraso zion gizonezko batek. Durangoko Udalak arbuiatu egin du erasoa, eta abian jarri du indarkeria matxistaren aurkako protokoloa. Halaber, emakumeen aurkako «indarkeria oro» errefusatu du udalak, ohar bidez, eta mugimendu feministak antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin du: «Kaleaz, gauaz eta egunaz guztiok gozatu behar dugu. Beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea dugu emakumeok».

Abadiñoko Udalak ere «erabateko gaitzespena» azaldu du, eta babesa adierazi dio emakumeari. Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Iruñean, berriz, emakume bat bortxatu zuten igande goizaldean, andrearen etxeko atarian. Erasotzaileak atarian sartzera behartu zuen emakumea, eta han bortxatu zuen. Biktimak salaketa jarri ostean, ikerketa abiatu du udaltzaingoak. Ikerketa horren barruan, etxeko ataria miatu du polizia zientifikoak, erasoa argitzeko froga bila. Iruñeko Udalaren Biktimak Artatzeko Bulegoak emakumeari babesa adierazi dio, eta laguntza eskaini.

Urruntze agindua urratuta

Gasteizko Udaltzaingoak 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuen herenegun, emazte ohiarekiko zeukan urruntze agindua urratzeagatik. Emakumea bi seme-alabekin Zaramaga auzoko etxetik ateratzen ari zela, atarian sartu, eta ateari bultza eginez barrura sartzea lortu zuen gizonak. Urruntze agindua urratzeaz gain, emakumearen bizilekua bortxatzea ere egotzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.