«Egunak hotzez pasatzen dituzte. Hotza baino ez dute sentitzen». Zaporeak elkarteko boluntario Daniel Rivasen hitzak dira horiek, BERRIAri esanak; errefuxiatuen egoeraren lekuko zuzena da, Kiosen. Greziako errefuxiatuen kanpalekuek paisaia desberdina dute egunotan. Ez da, ordea, hobea. Europa gogor jo duen fronte hotzak elurrez estali ditu Greziako kanpaleku gehienak, eta zero azpiko tenperaturetara iritsi dira herrialdeko txoko ia guztietan. Iheslariak neguaren krudeltasuna inoiz baino gogorrago jasaten ari dira, eta badirudi aste honetan egoera ez dela hobetuko. Errefuxiatu askorentzat bigarren negua da Europan, eta aurreko urteko zailtasunak errepikatu egin dira. Kanpin dendek iglu forma hartu dute, elurrak estalita. Elurraren pisuak eraginda, kanpin dendak hondoratu egin dira. Guztiz zurituta ikusten dira kanpalekuak. Mantak eta arropa duten arren, ez da nahikoa hotzari aurre egiteko.
Grezian negua ez da oso gogorra izaten, baina egunotako fronteak guztiz aldatu du azken urteotako joera. Erakundeen laguntzarik gabe, inprobisatzea besterik ez dute GKE gobernuz kanpoko erakundeek eta errefuxiatuek. Grezia iparraldean, zero azpitik hamabost graduraino iritsi dira, esaterako, eta, Atenas hiriburuan, zero azpitik gradu gutxira. Irletan ere, iparraldean dauden antzeko tenperaturak jasan behar izan dituzte. Eta ondorioak larriak dira. Bi errefuxiatu hil dira jada Grezian; horiez gain, beste hogei herritar hil dira Europan azken orduotan, hotzaren erruz.
En Red Sos Refugiados-eko Roberto Farelok Lesbostik eta Kiostik pasatu diren hainbat errefuxiaturen istorioak ezagutzeko aukera izan du, kazeta honi azaldu dionez: «Ikaragarria da. Itxaropena galdu dute; nahi duten gauza bakarra da denbora ahalik eta azkarrena pasatzea. Haientzat, hori gertatzeko modurik eraginkorrena da lo egitea; errefuxiatu askok eguna lotan pasatzen dute». 2016an, %72 jaitsi da Europara iritsi diren errefuxiatuen kopurua, Frontexen arabera. Hala ere, zifra handia da: 500.000 iheslari inguru iritsi dira kontinentera. 50.000k eskatu dute asiloa. EB Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioaren ondorio zuzena da: Siriako errefuxiatuak EBn sartzeko bat beste baten truke sistema erabiltzea adostu zuten: EBk Turkiako kanpalekuetako siriar bat hartzen du bere lurretan, Turkiak Greziako uharteetara iritsitako siriar bat hartzen duen bakoitzeko. Turkiari 3.000 milioi euro ematea adostu zuen EBk.
Testuinguru horretan, hotzak eta elurrak are gehiago zaildu dituzte errefuxiatuen baldintzak. «Kios irlaren %80 elurrez estalita dago, eta horri gehitu behar zaio sekulako haizea dagoela. Hotza ikaragarria da», azaldu du Rivasek. Hotza eta elurra egiten duen arren, errefuxiatuek kanpin dendetan lo egitea besterik ez dute: «Mantak dituzten arren, ez da nahikoa. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak berogailu elektrikoak banatu ditu. Hor arazoa da ia denek gainkarga izaten dutela, eta, beraz, denbora gutxi irauten dute. Tenporizagailua duten berogailuak ere banatu dituzte. Horrek ere arazoak dakartza. Gutxi direnez, hiru orduz berotzen dute kanpalekuaren zati bat, eta beste hiru orduz beste zatia. Berotasuna soilik hiru orduz sentitzen dute».
Kiosen, beste hainbat iheslariren artean, Mohammed hogei urteko tunisiarra dago. Abuztuan iritsi zen irlara: «Egoera ikusita, nire herrialdera itzultzea besterik ez dut ikusten. Egunak hotzez pasatzen ditut; ez dakit zer egin».
Tesalonikan, berriz —Grezia iparraldean—, egoera desberdina da, irletakoari konparatuz. Aitor Txabarri freelance kazetaria bertan da egunotan, eta, BERRIAri adierazi dionez, «nahiko ondo» bizi dira han dauden iheslariak: «Elektrizitatea, ura eta mantak dituzte. GKE handien lana, ordea, oso eskasa da. Boluntario talde txikiak hobeto antolatzen dira, eta laguntza gehiago eskaini dute». Elur gutxi izan da Tesalonikan, baina hotz ikaragarria jasan behar dute. Denen egoera ez da berbera, baina: «Trenbide baten ondoan bizi den familia bat ikusi nuen. Kanpin denda batean bizi dira, eta ez dute ia ezer. Hotza eramangaitza da. Sua pizten lagundu nien behin, baina ordubete iraun nuen soilik bertan, ezinezkoa da hotz hori jasatea».
Erakundeen lana
Gogor mintzatu zen Loic Jaeger MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arduraduna, joan den azaroan: «Greziako Gobernuak eta GKE handiek dirutza jaso duten arren, erantzun humanitarioa oso eskasa izaten ari da. 2016ko Europan ezin al da jende gehiago jarri elkarrizketak egiten? Asko erraztuko luke prozesua».
Europako Batzordeak, orain arteko bideari jarraituz, errefuxiatuen egoera «gertutik» begiratzen ari dela besterik ez du esan, eta milaka errefuxiaturen egoera salatu du. Greziako Migrazio ministro Giannis Muzalasek gobernuaren erantzukizuna bere egin du. Negua amaitzeko hiru hilabete falta dira, eta erakundeen arteko borroka bere hartan dago.
«Hotza soilik sentitzen dute iheslariek»
Europa gogor jo duen fronte hotzak are gehiago zaildu ditu errefuxiatuen baldintzak. Tenperaturak jaitsi egin dira, eta elurrak kanpalekuak estali ditu: egoera jasangaitza da askorentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu