Katalunian kontsulta babestu arren, adosteke dute debekua nola kudeatu

Parlamentuak galdeketaren alde bozkatu du.Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsulta debekatuz gero, CUPek desobedientzia egitea proposatu du, baina beste inork ez du babestu hori

Artur Mas Kataluniako presidentea, eta Oriol Junqueras ERCko burua, atzean, atzoko saioan. TONI GARRIGA / EFE.
Adrian Garcia.
2014ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Katalunian azaroaren 9an egitekoak diren herri kontsulta indartuta atera da parlamentuko saiotik. Legebiltzarkide gehienen babesa jaso du CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek proposatutako ebazpena. Baita PSCko bi diputatuena ere. Ebazpenak Generalitateari eskatzen dio kontsultara deitzeko, «berme demokratiko eta parte hartzeko aukera ororekin». Testuak jasotzen duenez, bihar aurrera atera behar duten kontsulta legearen artikulu guztiak «konstituzionalak eta estatutuaren aldekoak dira». 89 aldeko boto jaso ditu, 44 kontran. Botoen %65. Hala eta guztiz ere, kontsultaren aldeko alderdiak ez dira ados jarri Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketa debekatzekotan hartu beharreko bidean. CUPek desobedientzia zibilera jotzeko deia egin du, baina beste inork ez du babestu.

«Aldaketa sozial ororen motorra da desobedientzia zibila». CUPeko diputatu Isabel Vallet i Sanchezen ustetan desobedientzia da auzitegien balizko debekuari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena. Beste hitz batzutan esanda: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu arren, kontsulta berdin-berdin egitea nahi du CUPek. Ez du beste inork babestu ezkerreko independentisten proposamena. Aldeko lau boto besterik ez ditu jaso. CUPek Generalitateari eskatu dio kontsulta egiteko konpromisoa ez atzera botatzeko.

ERCk ez du babestu desobedientzia zibilaren hautua. Marta Rovira ERCko diputatua nazioartera jo behar delakoan dago: «NBE Nazio Batuen Erakundeak herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen du. Auzitegiak debekatzen badu, guk NBEra joko dugu». ERCko diputatuak kontsultaren legezkotasuna defendatu du. « Politikoki bide guztiak jorratu ditugu, eta zilegitasun guztia dugu. Saiatu gara herri galdeketa Espainiako Konstituzioaren barruan egiten. Kataluniak zilegitasun demokratiko eta legezkoa du». Bihar egingo dute bide horretan azken urratsa. Parlamentua kontsulten legea onartzeko bilduko da. Espainiako Gobernuarekin negoziatzearen aurkakoa da Rovira. «Zertarako balio du? Inoiz ez du hitz emandakoa bete Katalunian».

PSC, hautsita parlamentuan

PSCk ebazpenaren aurka bozkatu du, eta Masi ohartarazi dio Katalunia «traizionatuko» duela zuzenbide estatutik kanpo uzten badu. Parlamentuko saioak sozialisten arteko desadostasunak azaleratu ditu.Izan ere, Kataluniako sozialisten ordezkari guztiek ez dute aurka bozkatu, Marina Geli eta Nuria Venturak alderdiaren diziplina hautsi baitute.

Bestalde, Joan Ignasi Elena parlamentariak lehen aldiz jardun du parlamentuan independente gisa. PSC alderdia utzi baitu Avancem adarreko buruak, kontsultaren inguruko desadostasunak direla eta. Kontsultari buruzko ebazpenaren alde bozkatu du Elenak. «Erabakitzeko eskubidearen alde egotea Kataluniako herritar gehienen aldean egotea da. Hor egon behar du beti Kataluniako sozialismoak».

PPC eta Ciutadans alderdien ordezkarien hitzaldiek ere Mas izan dute jomugan. «Parlamentua legez kanpoko ekintza bat» egiteko erabiltzea leporatu diote. Josep Enric Millo PPCko parlamentariaren arabera, parlamentua alibi gisa erabili du presidenteak. Millok esan du kontsulta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egindako eskaintzari bizkarra ematea dela. Gainera, anbiguotasuna alde batera uzteko eskatu die kontsultaren aldeko alderdiei: «Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatzen badu zer egingo duzue? Horri buruz ez duzue hitzik egin».

Parlamentuko saioa hasi berritan PPCk bertan behera uzteko eskatu du, onartzekoak ziren ebazpena Auzitegi Konstituzionalak gaitzetsitako subiranotasun aldarrikapena jasotzen zuelakoan. «Ebazpen honekin Kataluniako herriak subiranotasuna duela esaten da, eta auzitegiak argi eta garbi ukatu zuen hori». CiUko parlamentari Jordi Turullek erantzun dionez, subiranotasun adierazpenari buruzko aipamenik ez du egiten onartutako testuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.