Martxoaren 3ko biktimek Europara joko dute «justizia eske»

Gasteiz
2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Zigorgabetasunaren aroa bukatu da. Nazioarteak ate asko irekitzen ditu, eta gure hurrengo geltokia Brusela da». Hala adierazi du Andoni Txasko Martxoaren 3ko biktimen elkarteko bozeramaileak. Heldu den asteartean 39 urte beteko dira Espainiako Poliziak bost langile hil zituela Gasteizen. Urtemugarekin batera, biktimen elkarteak Europako Parlamentuan agertzeko eskaria erregistratuko du, «Espainiako Estatuak Europako Giza Eskubideen araudiak hausten duela salatzeko».

Espainiak ez ditu Antonio Gonzalez Pacheco eta Jesus Muñecas ustezko torturatzaileak epaituko ezta estraditatuko ere. Hala ere, gauzak inoiz ez direla berdinak izango azaldu du Txaskok, Argentinako salaketari esker, Espainiako «zigorgabetasun eredua» auzitan jarri delako. Nazioarteko bideari jarraitzeko Europako Parlamentura joko dute, Eskarien Batzordean parte hartzeko. Hainbat talde politikoren babesa jaso dute jada; hala nola EAJ, EH Bildu, ICV eta Ezker Batuarenak.

Oroimen ekitaldiak

Aurtengo urtemugaren harira, Juako Escaso idazleak Gasteizko gertaeretan oinarritutako Todo por ganar (Guztia irabazteko) eleberria aurkeztuko du, igandean. Egun horretan, ekitaldia egingo dute elkartearen egoitzan, eta idazlearekin batera, Fermin Balentzia abeslaria izango da. Asteartean berriz, Gasteizko gertakarietan hildakoei eta zaurituei urteroko omenaldia egingo diete Zaramagako auzoan. Ondoren, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek manifestazioa deitu dute.

Era berean, elkarteko kideek adierazi dute Espainiako Barne Ministerioak uko egin diola poliziak hildako bost langileak eta bizi osorako elbarri utzi zuten pertsona bat Terrorismoaren Biktimen Legean sartzeari. Iazko azaroan egin zuten eskaria senideek, eta abenduan hasi ziren erantzunak jasotzen. Ez dute helegiterik jarriko, abokatuek esan baitiete gobernuak legea bete duela: «Arazoa legea bera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.