Aitortza «pizgarria», Santosi

Kolonbiako presidenteak jaso du Bakearen Nobel saria, «bost hamarkadatako gerra gainditzeko egin duen lanagatik». Epaiak babesa eman die Santosek hasitako elkarrizketei, «prozesua ez dadin hil»

Juan Manuel Santos, Raul Castro eta Timochenko, Cartagenan, Bake Ituna sinatu ostean, irailaren 26an. M. DUEÑAS / EFE.
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Olav Njolstad Nobel Sarien Norvegiako Batzordeko idazkariak zuzenean deitu zion atzo Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari. «Jainkoarren». Beharrezkoen zuenean iritsi zaio nazioartetik oxigeno apur bat Santosi, herrialde osoa ziurgabetasun hodei batek estalia duenean. Kolonbiako bake prozesua ez dago hilda, baina gobernuak FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadarekin sinatutako bake itunak plebiszituan jasotako porrotak galdera marka asko azaleratu ditu. Gainera, ezusteko emaitzaren arrazoien bila hasita, askok jarri dute jomugan Santosen irudia; plebiszituaren atariko ekitaldiak presidentetza hauteskundeetarako kanpaina gisa erabili izana egotzi diote. Txanponaren beste aldean, berriz, Alvaro Uribe presidente ohia indartuta atera da galdeketatik —hura izan da ezetzaren aldeko lider nagusia—. Behar zuen bultzada bat Santosek, eta Bakearen Nobel sariak eman dio.

Kolonbiako bake itunak babes handia jaso du nazioartetik. Ezetzaren aldekoak ere jakitun dira; Uribek berak prozesuaren aurkako diskurtso zapaltzailea leundu egin zuen astelehenean, eta dei egin zion Nazio Batuen Erakundeari bake prozesua hauspotzen jarrai zezan. Horregatik, askok keinu gisa ulertu dute saria, eta hala aitortu dute Nobel Sarien Norvegiako Batzordeko kideek. Presidenteak dei egin die alde guztiei parte har dezaten elkarrizketa zabal batean, eta sariak ekimen hori babestu nahi izan du, «bake prozesua ez dadin hil plebiszituko porrotaren ondoren». Epaimahaikideek kontuan hartu dute Santosek «bost hamarkadatan gerra gainditzeko egindako lana», eta bake prozesuan parte hartu duten alde guztiak zoriondu ditu.

FARCentzat, saririk ez

Harridura ere sortu du Norvegiako epaimahaiak hartutako erabakiak, ez baitio aitortu saria bake ituna sinatu duen beste aldeari: FARCi. Gobernuko eta gerrillako ordezkariak lau urtez aritu dira ituna negoziatzen Habanan, eta hasierako proposamen askori egin behar izan diete muzin bi aldeek. Batzordeak behin baino gehiagotan saritu izan ditu gatazka beraren bi poloak. 1993an, esaterako, Nelson Mandela ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko buruari eta Frederik Willem de Klerk Hegoafrikako presidentearieman zieten saria, «apartheid erregimenaren amaiera baketsuaren alde egindako lanagatik». Urtebete geroago, hiru izan ziren saria jaso zutenak: Jasser Arafat Palestinako Aginte Nazionaleko burua, Issac Rabin Israelgo lehen ministroa eta Shimon Peres Israelgo atzerri ministroa, Osloko Itunengatik. 1998an, berriz, John Hume errepublikanoak eta David Trimble unionistak jaso zuten Bakearen Nobel saria, Ipar Irlandako Ostiral Santuko Akordioan egindako lana aitortzeko.

Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruak zoriondu egin du Santos, eta berretsi egin du gerrillak bakearen alde egindako apustua: «Irabazi nahi dugun sari bakarra Kolonbiako bakearena da, paramilitarismorik gabe, mendeku eta gezurrik gabe». Denek ez dute irakurketa bera egin, ordea. Alejandro Ordoñez Uriberen kanpaina kide izan da gobernuak gerrillarekin ituna sinatu zuenetik: «Nobel sariak adierazi du ez direla saritu behar FARCeko terroristak, eta bidea zuzendu behar dela egiazko bakea lortzeko».

Sinbolikotik, halere, asko du sariak, eta ikusteko dago ezetzaren aldekoen artean eraginik izango duen. Santosek, oraingoz, «pizgarritzat» hartu du. «Gerra honen amaierara iristear gaude, eta sari hau garrantzitsua da», esan du. Hala, hitzeman du «bakearen alde» segituko duela lanean. «Kausan sinistu beharra dago, eta gizarte batentzat kausarik onena bakean bizitzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.