Albistea entzun

Olatu Talkak Dylan omenduko du, eta biolentzia sexista gaitzetsiko

Musikako, arteko, arkitekturako eta beste arlo batzuetako 183 ekitaldi hartuko ditu Donostiako jaialdiak. Hilaren 25, 26 eta 27an egingo dute
Olatu Talka ekimenean parte hartuko dutenetako batzuk eta antolatzaileak, atzo, Donostian.
Olatu Talka ekimenean parte hartuko dutenetako batzuk eta antolatzaileak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 22 - Donostia

Donostia 2016 egitasmoak utzitako ondare garbienetako bat da: Olatu Talka jaialdia. Aurten bederatzigarren aldiz egingo dute, maiatzaren 25, 26 eta 27an. Olatu Talkak askotariko egitasmoak hartzen ditu, guztiak ere kultur jarduerekin loturikoak: musika, dantza, arkitektura, historia, zeramika eta abar. Orotara, 183 ekitaldi egingo dituzte hiru egunetan: 300 talde edo eragile aritu dira antolaketa eta prestaketa lanetan, eta 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute «modu aktiboan» Olatu Talkan. Horiek datu nagusiak, Jon Aizpurua Olatu Talkako zuzendariak eta Eneko Goia Donostiako alkateak atzo egindako aurkezpenean aletuak.

Musikak tarte zabal bat izango du jaialdian. 40 kontzertu inguru izango dira hiriko gune desberdinetan, baina Basoka jaialdiak jasoko du arreta berezia. Basokak helburu hauek izan ditu: Miramongo basoa ezagutaraztea, eta akustikoan oinarritutako emanaldien «gertutasuna» lantzea. Aurtengoari «bestelako jite bat» eman nahi izan diote: Bob Dylan musikari estatubatuarrak 77 urte beteko ditu maiatzaren 24an, eta hari omenaldia egitea erabaki dute, Zorionak Dylan egitasmoaren bitartez. Emanaldia maiatzaren 26an izango da, larunbata (18:00-21:00). «Dylan erreferentzia handia da musikari askorentzat, eta pentsatu genuen aukera egokia izango zela bestela elkartzea zaila izango zen hainbat musikari elkartzeko», azaldu zuen Aizpuruak. 25 musikari inguru ariko dira Miramongo basoan, eta bakoitzak Dylanen abesti bat joko du, nork bere erara: «Batzuek ingelesez abestuko dute, baina izango dira euskaraz eta gaztelaniaz abestuko dutenak ere». Basokan izango dira, besteak beste, Joseba Irazoki, Ane Leux, Eneritz Furyak, Iker Lauroba, Mikel Azpiroz eta Rafael Berrio.

Amaiera ekitaldia

Jaialdia ekainaren 27an amaituko da. Ekitaldi nagusia Donostiako Zuloaga plazan egingo da, 13:30ean, eta bortizkeria sexistaren aurkako emanaldi bat egingo dute. Harituz elkartearen ekimenez milaka lagunek ehundutako lau kilometroko bufanda agertuko dute, eta, bufanda hori oinarri hartuta, dantza ikuskizun bat prestatu du Elene Carreto dantzariak. Olatz Salvador musikariaren Korapilatzen kantua hartu dute oinarritzat.

Musika eta dantza emanaldiek, oro har, leku garrantzitsua izango dute Zuloaga plazan: goizean, Izarrak Plazara ekimeneko 12-17 urteko gaztetxoek hartuko dute oholtza; eguerdian, Beira taldeak kontzertua emango du, eta Nebraska dantza taldeak emanaldia egingo du; eguna amaitzeko, kontzertu sorta bat izango da, Indidxabak, Last Fusion eta Mushkum taldeekin. Gainera, Elene Carretok berak eta Unai Urritiak Desafioa 19:55 obra aurkeztuko dute.

Arkitektura jasangarriarekin eta auzolanarekin lotura duen proiektu bat bururatuko dute igandean bertan, Añorgan, herritarrek parte hartu duten prozesu baten bitartez plaza «txukundu» eta beraien beharretara moldatu baitute, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea gidari. Plaza hori zabalduko dute, eta izena jarriko diote, orain artean ez baitzuen: «Prozesua garrantzitsua da Añorgarentzat. Plazak espazio publikoak dira, eta oso garrantzitsua da plaza horien erabilera moldeak eta arauak herritarrekin adostea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>Komedia madarikatua</em> antzezlana. ©HODEI TORRES

Gai sakonak, umorez landuak

Olatz Enzunza Mallona

Bilboko Pabiloi 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak 'Komedia dramatikoa' estreinatuko du gaur, areto horretan bertan. Antzezlanak drama eta komedia uztartuko ditu , eta gizarte gatazkak izango ditu hizpide, «modu komikoan, betiere»

Kristonak taldeko bost kideak, <em>Ahobetehortz</em> diskoa iragartzeko argazki batean. ©KRISTONAK TALDEA

Etsipenetik piztu dira

Olatz Enzunza Mallona

Kristonak taldeak aro berri bat abiatu du, 'Ahobetehortz' lanarekin. Eskean Kristo atzean utzi arren, taldearen betiko nortasunari eutsi diote. Bihar hasiko dute bira, Ondarroan
Maria Elorzaren <em>A los libros y a las mujeres canto</em> filmeko irudi bat. ©TXINTXUA FILMS
Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...