Alde biko su-etena adosteko prest agertu da Kolonbiako Gobernua

FARCek begi onez hartu du erabakia, eta hitz egiteko gertu dagoela jakinarazi du

Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Alde biko su-etena hitzartzeko asmoa iragarri du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. Erabakia berresteko xedez, jakinarazi du bere taldeari Habanako elkarrizketak «azkartzeko agindua» eman diola. Modu horretan, su-eten «iraunkorra eta alde bikoa» lortzea espero du. FARC-EP gerrillak joan zen abenduan abian jarri zuen alde bakarreko su-eten mugagabearen ondoren etorri da Kolonbiako gobernuaren iragarpena.

Santosen ustez, bide zuzenean jarraitzeko urrats bat gehiago izango da erabakia, eta espero du elkarrizketa horietatik«behin betiko» su-etena lortzea.

FARC-EP gerrillak begi onez hartu ditu Santosen adierazpenak. Habanan idatzitako oharrean esan dute elkarrizketei ekiteko «prest» daudela: «Ez da komeni gatazkari amaiera emango dioten elkarrizketak atzeratzea», gehitu dute. Ohartarazpen bat ere egin die gobernuari: «Kontraesanekoa eta arriskutsua da gerrillaren aurkako ekintzak egitea alde bakarreko su-etenaren aldian».

Hain zuzen ere, «gatazkaren gogortasuna apaltzeko hainbat neurri» jarri ditu abian gobernuak, bi aldeetako konfiantza indartzeko helburuz. Besteak beste, gatazkaren erruz desagertutako pertsonak bilatzeari ekiteko asmoa duela dio gobernuak.

Bi urte pasatxo igaro dira negoziazioak hasi zituztenetik. Elkarrizketek etenaldi bat ere izan zuten iazko azaroan, FARC-EP gerrillak Ruben Dario Alzate jenerala eta beste bi soldatu bahitu zituelako. Abendu hasierako bilkura batean eman zioten amaiera urte amaierako gorabeherei.

Habanako elkarrizketetan bost gai nagusi ari dira eztabaidatzen, eta horietatik hirutan ados jartzea lortu dute bi aldeek. Mahai gaineko puntu nagusia desarmatzearen gaia izango dute orain.

Erreakzio ugari sortu ditu Santosen erabakiak. Twitterren egin dituzte adierazpenak. Clara Lopez Ezkerreko Polo Demokratikoko kideak pozik hartu du gobernuaren erabakia, eta Santosi babesa agertu dio: «Alde biko su-etena lortzeko aurrerapauso berri bat da». Alvaro Uribe alderdi demokratikoko buruak eta Kolonbiako presidente ohiak dio abian dagoen su-eten bakarra «Kolonbiako armadarena» dela: «Santosek gezurra dio alde bakarreko su-etenaz ari denean; alde bikoa da jada, eta FARCek hautsi egiten du». Iritzi berekoa da alderdi kontserbadorea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.