Gurasoek ezetz erran diote LOMCEri, ezarritako azterketei planto eginez

Elkarretaratzeak egin dituzte Nafarroako hainbat eskolatan.Sindikatuek ere protesta egin dute

Atzo arratsaldean ere karrikara atera ziren gurasoak eta haurrak LOMCEko azterketei planto egiteko. IÑIGO URIZ / ARP.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ezezko biribila. Nafarroako dozenaka gurasok LOMCE ez dutela nahi argi eta ozen erran zuten atzo, planto eginez Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma horrek ezarritako azterketei. Karrikara atera ziren proba horien aurka protesta egitera. Nafarroa osoko dozenaka ikastetxeren aurrean egin zituzten elkarretaratzeak. Sortzen eta Herrikoa elkarteen, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuen babesa jaso zuten gurasoek, bertzeak bertze.

Atzo hasi ziren Nafarroako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan LOMCEk ezarritako azterketak egiten, hain zuzen ere. Irakurmenari buruzko proba izan zen atzokoa; idazkuntza proba izanen da gaurkoa; eta matematikakoa, berriz, biharkoa. Ostegunean eginen dituzte azken azterketak, ingelesezkoak. Zortzi urteko haurrek egin behar dituzte probak oraingo ikasturtean, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek, alegia.

«Ezin dugu onartu zortzi urteko haurrei halako presioa eragitea». Lander Aurrekoetxeak alaba bat du Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan. Atzo ez zen ikastetxera joan azterketa egitera. Nafarroako Gobernuak argi utzi du, planto eginez gero, eskolara joaten direnean egin beharko dutela ikasleek proba. «Hutsik emanen dute azterketa gure seme-alabek», azaldu zuen Aurrekoetxeak. Jauntsarasko ikastetxean (Nafarroa) ari da Aurrekoetxearen alaba. Hamabi ikasle dira hirugarren mailan, eta denek eginen diete planto LOMCEk ezarritako azterketei, asteon.

Aurrekoetxeak aitortu zuen gurasoak «frustratuak» daudela. Azterketei aurre egiteko beharra nabarmendu zuen, hala ere. «Proba horiek bikaintasuna bultzatu nahi dute, eta bikain ez direnak bazter utzi. Ez dute kontuan hartzen haur guztiek ez dituztela gaitasun berberak garatzen, ezta une berean ere. Horrek ez du esan nahi gai ez direnik», erran zuen Jauntsarasko aitak.

Gutunak eta sinadurak

Aurrekoetxeak eta bertze dozenaka gurasok atzo Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean erakutsi nahi izan zuten beren haserrea. Ehun pertsonak baino gehiagok bat egin zuten han, Sortzen eta Herrikoa elkarteetako ordezkariekin batera. Foruzaingoak ez zien han gelditzen utzi, eta Nafarroako Museoaren aurrealdera mugitu behar izan zuten. «Kalitatezko hezkuntzaren alde» egin zuten gurasoek, guraso elkarteek eta ikasleek.

Ehunka gurasok erakutsi dute LOMCEren azterketen aurkako jarrera azken asteotan Nafarroan. Gutunak bidali dituzte Hezkuntza Departamentura, eta mila sinadura baino gehiago aurkeztu dituzte han. Gurasoen iritziarekin bat egin zuen atzo Sortzen-eko arduradun Gari Torregrosak. Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu zuen, gurasoen iritzia kontuan ez hartzeagatik. «Irakasleei esan diete, gainera, azterketak egiten ez badituzte espedienteak zabalduko dizkietela», azaldu zuen Sortzen-eko kideak.

Proben bidez, «ikasleak homogeneizatu» nahi dituztela nabarmendu zuen Torregrosak. «Helburua ez da hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea». Torregrosak erantsi zuen hezkuntza arduradunek LOMCEk ezartzen duenaren kontrako norabidea hartu beharko luketela: «Ikasleen beharrak errespetatu, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinak kontuan hartu, eta hezkuntza komunitatearen ahotsa entzun».

Harekin bat egin zuen Herrikoa elkarteko arduradun Santiago Alvarezek. Familiek informazioa behar dutela nabarmendu zuen, batetik; eta, bertzetik, LOMCEren eskutik, «hainbat selektibitate azterketa» egin beharko dituztela ikasleek. Alvarezek ez zuen hori ontzat eman.

Oraingo ikasturtean Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek egin behar dituzte azterketak; 6.700 baino gehiagok, denera. Hurrengo ikasturtean asmoa da Lehen Hezkuntzako seigarren mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarrenean ere probak egitea. Azterketa horien aurka agertu zen Alvarez.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere LOMCEren aurka agertu ziren atzo, eta gurasoekin eta guraso elkarteekin bat egin zuten. Gurasoen nahia errespetatzeko eskatu zioten Hezkuntza Departamentuari. Haren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten sindikatuok ere, arratsaldean. Azterketak bertan behera uzteko galdegin zuten.

Goizez ere protesta egin zuten LABeko kideek. Sindikatu horrekHezkuntza Departamentuaren azken lau urteotako lanari eta ibilbideari buruzko azterketa egin zuen, eta emaitza ez zen batere ona izan. «UPN ez da gai Hezkuntza Departamentuaren ardurarekin aurrera jarraitzeko», ondorioztatu zuten LABeko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.