KRITIKA. Musika

Batutaren beharra

Arkaitz Mendoza.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun

EskoziakoGanbera Orkestra

Pianoa: Piotr Anderszewski. Egitaraua: W. A. Mozarten Pianorako 17. eta 24. Kontzertuak eta F. Poulencen Sinfonietta.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 20.

Ohiko zuzendaririk gabe agertokira irteten diren ganbera orkestrak modan daude. Filosofia aldetik aldarrikapen bortitzak dituzte beren irizpideetan: musikariaren askatasuna, haien arteko betiereko elkar entzunean oinarritzen diren interpretazioak, eta musikaren malgutasunaren kontrolaren jabe izatea. Halere, filosofia horrek arrakasta izan dezan, musika ideia bikainak eta, batez ere, geruza dinamiko handiko emaitzak jorratu behar dira, ikusgarria baita zuzendaririk gabe pianissimo zoragarri bat edo eztanda handiko fortissimo bat ziztu bizian tartekatzea. Honako honetan, orkestra lau bat izan dugu gure artean. Eskoziako Ganbera Orkestrak eskainitako musikan intentzio batzuk gainetik ikusi dira, baina berrogei musikariak ez zihoazen denak helburu berberera.

Haize egurra, benetan pobrea; goiko notak irensten zituen oboe bakarlaria, bigarren oboearekin soinu bakarra lortzeko arazo larriekin, estiloz kanpoko bibratu itsusiko fagota, une oro protagonista izan nahi zuen flauta, eta laukotearen salbuespen zen klarinete interesgarri bat. Orkestrako familia batek beherantz egiten duenean, kutsakor bihur daiteke besteen ekinetan. Bigarren biolinak ezkutatuta, lehenengoen pasarte azkarrak bateratasun zalantzakorrean, eta biolontxeloak irakiten ari zen saltsa horri beharrezko zentzutasuna txertatu gabe. Ideiak falta ziren orkestran; agian aldarrikapenak beste baterako utzi, eta batuta on baten beharra sentitu beharko lukete.

Ez zen dena talde jokora mugatu, ordea, pianoan bakarlari bat baikenuen. Mozarten Pianorako Kontzertuak zuzendaririk gabe egin izan dira, pianoa orkestrari begira jarriz, entzuleari bizkarra erakutsiz; horrela, musikariak behar bezala ikusi eta gidatzeko aukera du pianistak. Honako honetan ez zen pianoa ondo ipini, baina ez zen oztoporik izan, Piotr Anderszewskik ez zuelako orkestra zuzendu; nahiz eta musikarien arreta jaso, ez zituen beso eta esku agindu batzuk eman. Eskumuturrean jaio zen bere Mozarten soinua eta, artikulazio horrekin, Johann Sebastian Bach zirudien entzundakoak; soinu lehor, tenk eta hegalaria ez zen edozein izenondoren hurbilekoa. Orkestraren laguntza ozenegia izan zen, pianoaren egitekoa askotan estaliz, eta elkartasunean emozio gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.