Literatura

Lagun ezezaguna

Ehun urte bete dira Mario de Sa-Carneirok bere lehen lana argitara eman zuela: 'Amizade' (Laguntasuna). Egun, oso poeta ospetsua da Portugalen; handik kanpo, ordea, ez da hain ezaguna.

Oeiras herrian, Portugalen, Mario de Sa-Carneiroren omenezko estatua . BERRIA.
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Mario de Sa-Carneiro (Lisboa 1890-1916 Paris) 12 urte zituenean hasi zen poesia idazten, eta 15 zituenerako Victor Hugo itzultzen zuen; urtebete geroago, baita Goethe eta Schiller ere. 1911. urtean Coimbrara joan zen Zuzenbidea ikastera, eta, antza, hiriak ez zion interes berezirik piztu. Bai, ordea, Lisboako literatur giroak. Han ezagutu zuen Tomas Cabreira Junior, zeinarekin batera idatzi zuen bere lehen literatur lana, Amizade. Cabreirak bere buruaz beste egin zuen hogei urte zituelarik, eta bere idatzi guztiak erre zituen, suizidatu aurretik. Amizade-ren eskuizkribua Sa-Carneiroren eskuetan zegoenez, 1912an argitara eman ahal izan zuten.

Urte hartan bertan ezagutu zuten elkar Fernando Pessoak eta Sa-Carneirok. Zalantzarik gabe, Pessoa izan zen Sa-Carneiroren adiskiderik minena. Coimbrako giroaz gogaiturik, Parisera joan zen, ikasketen aitzakian, berritasun bila. Izan ere, Sorbonne-ko eskolak berehala utzi, eta buhame biziera besarkatu zuen Sa-Carneirok, Parisko kafetegi eta ikuskizun aretoetan. Handik ematen zion abangoardien berri Pessoari, eta, hain estua zen bien arteko laguntasuna, ezen batzuetan hiruzpalau aldiz idazten baitzion, egun berean.

Lisboara itzultzen zenetan, A Brasileira eta O Martinho da Arcada kafe etxeetan elkartzen ziren lagun biak, garaiko hainbat artistarekin batera. Besteren artean, Almada Negreiros ipurterrea ezagutu zuten, eta harekin batera osatu Portugalgo lehen talde modernista. Europako kultur abangoardien eta kosmopolitismoaren eraginez, gizarte burges hiritarra eskandalizatzea zen beren helburu nagusietako bat. Hala sortu zuten 1915ean Orpheu aldizkaria, garaiko irakurleen artean zinezko eskandalua eragin zuena. Bi ale baino ez zituzten argitaratu—martxoan eta ekainean— eta hirugarren bat ere bukatu zuten arren, ez zuen inoiz argirik ikusi. Aldizkari hartako kolaboratzaile gehienak hil egin ziren hurrengo urteetan; lehendabizikoa, Mario de Sa-Carneiro.

Aski sonatuak dira Pessoaren identitate aferak eta bere heteronimoak. Sa-Carneiroren izaera, asko sinplifikatuta, bi muturren artean kulunkatzen zela esan liteke, erdibitua zegoela. Alde batetik, bizitza berriak imajinatu eta Edertasuna hizki larriz bilatzen zuen pertsonaia fantastikoa zegoen; bestetik, itsustasuna, maitasunaren ukoa, loditasun itzela, eta bere gorputz erraldoian preso sentitzen zen pertsona. Dirudienez, argi ikusten zuen bere buruaren hondamendia, Pessoari 1914ko eskutitz batean esan zionez: «Hemendik aurrera egingo ditudan idatzi guztiak postumoak izango dira».

Orpheu amaitu zen urte berean itzuli zen Parisera; handik gero eta larritasun handiagoz idatzi zion lagun minari. Haren poemetan ere atzeman daiteke halakorik. Dispersão (Barreiatze) delakoan: «Ene baitan galdu nintzen / labirinto nintzelako, / eta gaur, sentitzen naizenez, / hemen naiz, ene buruaren saudadez». 7 izenburua daraman poeman, Ponte de tedio izenez ezaguna den horretan, argi azaltzen du poetak bere gogoa: «Ni ez naiz ni ezta bestea ere / erdibideko edozer naiz ni. / Gogaitasun zubiaren zutarri, / besteagana doana nigandik».

Hain justu, poema hori izan liteke Pessoaren heteronimoen iturria. Hala dio, bederen, Antonio Quadros idazleak. Izan ere, Pessoak beste lagun bati idatziriko gutunean kontatzen du «espezie konplexuko poeta bukoliko bat» sortu zuela—Alberto Caeiro— «Sa-Carneirori txantxa bat egin asmoz». Hartara, Niaren eta Bestearen arteko zera bat litzateke heteronimoa. Bitxiki, Pessoak bere buruaren suntsitzea atzeratu zuen heteronimoei esker, eta Sa-Carneirok ezin izan zuen erdibitzea saihestu.

Buru-hiltzea

Zeraman bizimoduak sakonki atsekabetzen zuenez eta imajinatzen zituen haiek zehazten ez zirenez, bizi larrimina areagotu zitzaion Sa-Carneirori. Hala, 25 urte zituelarik, buru-hiltzea prestatu zuen, zehatz-mehatz. Hotel de Nicen izan zen, Parisko Montmartre auzoan. Lagun batzuekin hitzordua jarri zuen iluntzeko zortzietan, eta azaldu zirenean hantxe topatu zuten, frak jantzita, eta bost flasko estriknina hustuta.

Lagun minaren heriotzak arrasto sakona utzi zuen Pessoaren baitan. Athena aldizkarirako idatziriko testu batean, honela definitu zuen: «Ez zen soilik artearen jenioa, baita horren berrikuntzarena ere». Halakoxea zen Sa-Carneiro: berrizalea, kontentagaitza, ezkonformista, baina bereziki, ez ulerturiko artista. Hil ondoren elite txiki batek ezagutzen zuen Portugalen; apurka, aditu ugarik portugesezko literaturan modernismoa hobekien islatu zuen idazletzat hartu dute. Zenbaitek diote Pessoaren talentuaren parekoa zela berea, ez bazen handiagoa. Eztabaida antzuak dira, segur aski. Nolanahi ere, Sa-Carneirok berak iragarri zuen hil ondoren estimatuko zutela bere lana. Agidanez, ez zitzaion arrazoirik falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.