Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Haserrea eta poza eskutik

Haserre daude herritarrak, Herrira-ren kontrako operazioarekin Espainiak erakutsi duen jarreragatik. Haserrea erakustera joan dira Bilbora, atxilotuak aske egoteak emandako poz txikiarekin.

Oihana Elduaien Uranga.
Bilbo
2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Haserrea eta poza elkar hartuta ibili ziren atzo Bilbon. Haserre zegoen jendea. Haserre, Herrira-ren kontrako operazioagatik. Haserre, Espainiatik datozen «erasoengatik». Baina pozik, astelehenean atxilotutako hamazortzi lagunak ez dituztelako giltzapetu. Bilbon ziren. Denak batera agertu ziren, beren niki urdinekin, erabateko talde itxura emanez. Pozik, baina nekatuta. Eta egoerarekin kezkatuta. Besarkadak, animoak eta goxotasuna jaso zuten. Haiek ziren atzoko poza, eta haiek marrazten zuten irribarrea jendearen aurpegitan. Baina, zerbait galdetu orduko, haserrea ateratzen zen.

Mutrikutik etorri zen Jabitxu Larrañaga, kuadrillan. Manifestazio buruaren zain, tantak eskuan eta oihuak ahoan: «Benetan iruditzen zait ikaragarrizko injustizia egin dutela. Operazio honek atzera bueltatu gaitu, urte asko, gainera. Kristoren injustizia da, eta horren aurka hemen egon behar genuela iruditzen zait. Eta ez gu, denok egon behar genuke hemen. Iritzi askotako pertsonak falta dira hemen. Poparik mugitzen ez dutenak falta dira hemen, horiek. Eta benetan ordua da. Adinean aurrera goaz, eta hau horrela ezin daiteke jasan». 66 urte egitera doa.

Gazteagoak ere haserre zeuden. Oroitzen dira aurrez gertatutakoez, eta ez dute berriz gertatzerik nahi. 21 urte ditu Amaia Cambrak. Iruñekoa da, eta lagunekin joan zen manifestaziora. «Oinarrizko eskubideak defendatzera etorri gara. Aitzineko garaietara ez bueltatzeko. Euskal Herriak egiten duen edozein mugimendu ez kriminalizatzea eskatzeko». Herrira-ren kontrako operazioa horixe izan dela uste baitute.

Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohia ere jende artean zegon, Herrira-ko niki urdina soinean. Gertutik jarraitu du operazioa, Ekain, bere semeetako bat atxilotu baitzuen Guardia Zibilak astelehenean, Andoainen. Badaki ordea arlo pertsonala eta politikoa ez nahasten: «Hemen nago, batetik atxilotuen gertutasunagatik. Etxeko bat dagoenean modu biziagoan bizitzen da halako egoera bat. Baina, horretaz aparte, Euskal herritar moduan ere hemen egotea tokatzen zaigu, bereziki. Badirudi Espainiako Estatuaren intentzioa izan dela Herrira-k probokatu duen uholde herritarra geldiaraztea, eta horrek esan nahi du justu kontrakoa egin behar dugula herritar moduan. Uholdeari bultza egin, eta herritar moduan olatu horiek gero eta handiagoak egin».

Bazen ura bai, Bilbon. Zeruak tantarik ez ematea erabaki bazuen ere, eskuan izan zituen jendeak tantaren irudia zuten kartelak. Eta badaezpada eramandako aterkiei probetxua ere atera zion jendeak. Askok eta askok, aterkiaren muturrean zuloa eginda jarri zituzten tanten kartelak, ondo gora altxatzeko. Jokoa eman zuten kartel horiek. Manifestazioaren atzealdean, hiru lau bat gizon eskuan zituzten kartelak markesinetan pegatzen aritu ziren, manifestazioko bertako itsasgarriak zelo moduan baliatuta. Haien inguruan, kartelekin turutak egin eta oihuka zebiltzan ume batzuk.

Izan ere, manifestazioaren aurre aldeko masa eta kabitu ezinaz atzerago lasaiago zegoen giroa —antolatzaileek nahiko lan izan zuten pankartaren aurrean topatzen zuten jendea baztertzen, hark bere bidea egin zezan—. Ume asko zegoen, ume-kotxe asko. Bi haurrekin joan zen Alaitz Birizuela zornotzarra. Soinean zeraman bat, umeak lepoan emateko motxilan, «tanta txikiak» ere eramatea erabaki baitzuen. «Denok egin behar dugu ahalegin bat, eta gaurko leloak esaten duen moduan, tantaz tanta, olatu handi bat egingo dugu, eta ea, denok batera ekartzen ditugun euskal presoak Euskal Herrira, eta etxera. Mobilizazioa beharrezkoa da, eta herria ez bada mobilizatzen ez dago zereginik. Herriaren gauza da, eta herria mugitzen bada, dena lortzea posible izango da».

Herritarrek ekimena hartzea beharrezkoa dela uste du Donostiako Unai Arzelusek ere. Lagunekin, manifestazio buruaren zain zegoen, trago bat hartuz: «Uste dugu ordua dela presoekin elkartasuna adierazteko. Herrira-rekin egin duten sarekada injustua iruditu zaigu, eta presoen aldeko elkartasuna adieraztera ereetorri gara». Inoren falta sumatzen al duen galdetuta, segituan erantzun du: «Euskal presoen falta sumatzen dugu». Eta gero gehitu: «Jeltzaleak ere bai, eta beste eragile sozial batzuk. Baina, herriko jendeak ere badu esatekorik, eta uste dut jendeak gero eta gehiago adierazi behar duela gehiengo bat ez dagoela ados».

Herritar gisa egin dezakeen gutxienekoa dela uste duelako joan zen Debako Iñaki Urteaga 47 urtekoa, hain justu. Manifestaziora joatea erabaki ostean, familian joan ziren Bilbora, bide batez egun-pasa egitera: «Herri bezala sekulako kolpea jaso dugu, eta herri bezala erantzun behar da».

Herri gisa erantzun behar dela uste du Eneko Compains iruindarrak ere: «Uste dut beharrezkoa dela erantzun antolatu eta handi bat ematea herri honek, Madrildik etortzen ari den guztiari, eta zehaztasunez azken astean Herrira-ren kontra egin den operazio bidegabeari. Madrildik etortzen ari den zapalkuntza guztiari, eta Euskal Herrian ireki nahian gabiltzan prozesua gelditzeko egiten ari den saio orokor guztiari egin behar zaio aurre». Badaki zerbait horretaz. Preso egona da bera. Ekineko zuzendaritzako kide izatea egotzita eraman zuen Guardia Zibilak.

«Gure interes eta eskubideen alde borroka egin beharra dago», Migel Martinez iritzian. Gasteiztik joan zen Bilbora 58 urteko gizonezkoa. «Babestu egin behar ditugu Espainiako Estatua egiten ari denaren aurka protesta egiteko antolatzen diren ekintza guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.