Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Sustrai Colina

«Puntu erdi hori hartxintxar bat izango da»

Naiara Elola.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Nekea sumatzen zaio Bertsolari Txapelketa Nagusiko final biharamunean Sustrai Colinari (Urruña, Lapurdi 1982). 2013ko txapelketarekin alderatuta, nabarmen egin du hobera. Orduan baino 55 puntu gehiago eskuratu, eta buruz burukoan Maialen Lujanbiorekin batera sailkatzeko puntu erdira gelditu zen. Matematika kontuetan sartu nahi ez duen arren, egindakoak aurrerantzean lanean aritzeko onerako eragingo diolakoan dago. «Puntu erdi hori lau urtean zapatetan eramango dudan hartxintxarra bezalakoa izango da, ez traba egingo didan gauza bat bezala, hobetzen segitzeko tresna baten gisara baizik».

Egindakoarekin, orokorrean, «pozik» dago, bukaera arte borrokan aritu zelako. Finalekoa egun osoko jarduna denez, erakutsi nahi den hori une oro erakustea zaila dela onartu du. Hasieratik argi zuen «konplexurik gabe» eta aurreko saioetan baino «libreago» kantatu nahi zuela. «Momentu batzuetan helburua lortu nuen, eta, beste batzuetan, ez hainbeste». Hala ere, adierazi du igandekoak balio diola bertsotan estilo propioa baduela frogatzeko. «Finalak lagundu dit ikusteko gauza batzuk egin ditzakedala, badaukadala estilo bat, nirea dena, funtzionatu dezakeena, jendeak estimatzen duena eta asetzen nauena».

BECen bizitakoak eta erakutsitakoak konplexuetatik askatzeko bide horretan aurrera egitera bultzatzen lagunduko diola irizten dio Colinak. «Badakit final baten ostean triste esnatzea zer den, eta gaur [atzo] esnatu naizen poza bestelakoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.