Joxan Lizarribar hil da. Iritzia

Eredu bat euskaldunentzat

Joxeanjel Arbelaitz
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Duela hogeita hiru urte ezagutu nuen Joxan. Ameriketara joateko bidaia batean eman nuen izena, eta han ezagutu nuen, Noel Elorga eta Ainhoa Artetarekin batera. Ordutik ez gara banandu.

Gizona zen zentzu onenean. Euskaldun totala, Euskal Herri euskaldun eta independente bat nahi zituena. Jendearekin tratatzeko dohain handiak zituen. Mundu askokoa zen, ikuspegi zabalekoa. Sentsibilitate handia zuen kulturarako, bereziki euskal kulturarako. Literatura, zinema eta musika asko maite zituen.

Ni beti kontzertuak antolatzen ibili naiz, eta lehen entzule eta bultzatzailea izan dut urteotan. Garai bateko kantari guztiak ezagutu ditu. Orain belaunaldi berrikoak ere bai. Sortuko dira besteak biran, adibidez, partaide bat gehiago zen Joxan. Miresle eta kritikoa zen, proiektuarekin asko lagundu zigun. Euskal Herrian egin den gauzarik onena zela esaten zuen.

Zorte handia izan dugu aspaldiko adiskidetasuna egunez egun mantentzeagatik. Une txarrenetan ere beti zeukan ikuspegi baikorra. Orain oso umezurtz sentitzen naiz bere faltarekin.

Bazuen Joxanek gazteekin konektatzeko dohain bat, beti aurrera begira baitzegoen. Gaur egungo artistak asko mirestu zituen, musikari belaunaldi berriarekin liluratuta zegoen.

BERRIA Taldeko presidente izateko hartu zuen erabakia ere meritu handikoa izan zen. Edozein pertsonak eragozpenak jarriko zituen, arazoak jarriko zituen. Ni ez nintzen harritu erabaki horrekin,pieza bateko abertzalea baitzen.

Alor guztiak aintzat hartuta, Joxan eredu bat da euskaldun eta abertzaleentzako. Zintzoa, konprometitua eta sentsibilitate handikoa. Denontzat jarraitzeko eredu bat, denok asko faltan botako duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.