Brasilgo Munduko Kopa. Belgika 2. Aljeria 1

Gehiago izan den arren, Belgikari kosta zaio harresia botatzea

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Belgika. Courtois; Alderweireld, Van Buyten, Kompany, Vertonghen; Witsel, Dembele (Fellaini, 65. min.); Chadli (Mertens, 46. min.), De Bruyne, Hazard; eta Lukaku (Origi, 58. min.).

Aljeria. Rais; Mostefa, Bouguerra, Halliche, Ghoulam; Taider, Medjani (Ghilas, 84. min.), Bentaleb; Feghuli, Al Arabi (Slimani, 66. min.) eta Mahrez (Lacen, 72. min.).

Golak. 0-1: Feghulik (24. min.). 1-1: Fellainik (70. min.). 2-1: Mertensek (80. min.).

Epailea. Marco Antonio Rodriguez (Mexiko). Txartel horiak: Belgikako Vertongheni; eta Aljeriko Bentalebi.

Bestelakoak. 56.800 ikusle Belo Horizonteko Mineirao estadioan.

Belgikak espero baino hasiera gogorragoa izan zuen MUnduko Kopan. Selekzio gazteena da, talentu handiko jokalariz jositakoa eta ezustekoa emateko hautagaietako bat da. Atzo, baina, kosta egin zitzaion Aljeriak altxa zuen harresia botatzea. Are gehiago penalti baten ondoren 0-1 galtzen hasi zenean. Belgikak, baina, ez zuen iparra galdu eta bigarren zatian eman zion buelta partidari Fellaini eta Mertensen gola banari esker. Bi golegileek ordezkoen aulkian hasi zuten partida.

Arljeriak hasieratik utzi zuen garbi zein zen bere asmoa. Atzean sartuta itxaron zion Belgikari kontraerasoren bat ehizatzeko asmoz. Belgika ere eroso zegoen dominatzaile rolean, baina espero gabeko kolpea jaso zuen. Aljeriaren korrikaldi baten ondoren Vertonghenek penalti egin zion Feghouliri, eta Feghoulik berak sartu zuen gola. Emaitza alde, Aljeria are gehiago itxi zen, eta M'Bohli atezainaren inspirazioa lagun izan zuen. Taldeko onena, hiru geldiketa oso on egin zituen.

Belgikak bigarren zatian jaso zuen jokoaren fruitua. Hazarden gidaritzapean baloia bizi mugitzen hasi zen. Aldaketekin asko egin zuen hobera, beste abiadura bat sartuz. Lehen gola Fellainik lortu zuen, buruz, erdiraketa baten ondoren, eta bigarrena Mertensek kontraeraso neurtu baten. Kontraeraso bikaina izan zen, hiru aurrelari hiru atzelariren aurka eta Hazarden pase bikain batek desorekatu zuen jokaldia. Azken txanpan Aljeriak ez zuen aurkaria izutu. Talde gaztea izanagatik Belgikak ondo kudeatu zituen amaierako minutuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.