Brasilgo Munduko Kopa. Japonia 1. Kolonbia 4. Grezia 2. Boli Kosta 1

Kolonbia lehena izan da, eta Greziak egin du aurrera harekin batera

Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Cuadradok, penaltiz (18. min.). 1-1: Okazakik (45. min.). 1-2: Jackson Martinezek (55. min.). 1-3: Jackson Martinezek (82. min.). 1-4: James Rodriguezek (90. min.).

Golak. 1-0: Samarisek (42. min.). 1-1: Bonyk (74. min.). 2-1: Samarasek penaltiz (90. min.).

Kolonbiarekin batera nor sailkatuko zen final-zortzirenetarako. Horixe zegoen jokoan C multzoko azken jardunaldian. Txartel bakarra zegoen banatzeko, eta hiru selekziok zuten aukera hura eskuratzeko: Boli Kostak, Japoniak eta Greziak. Afrikako selekzioak zuen aukera gehien: hiru puntu zituen, beste bi selekzioek baino bi gehiago.

Alde hori, hala ere, alferrikakoa izan da azkenean. Boli Kostak galdu egin zuen atzo Greziaren aurka (2-1), eta horri esker eta Kolonbiari Japoniari 1-4 irabazi zionez, Europako selekzioa sailkatu zen final-zortzirenetarako —Kolonbia izan da multzoko lehen sailkatua, hiru partidak irabazita—. Marka da Greziak egindakoa, ez zuelako inoiz gainditu lehen ligaxka aurretik Munduko Kopa batean aritu zen bi aldietan, orain hogei urte, AEBetan, eta orain lau urte, Hegoafrikan. Bitxia da ere hiru partidatan bi gol bakarrik sartuta egin duela aurrera, baina Samarisek atzo atsedenaldia iristear eta Samarasek partida amaitzear zela penaltiz sartutako golak erabakigarria izan dira. Haiei esker dago Europako txapeldun izandakoa hurrengo fasean.

Afrikako beste bat kalera Grezia aurrera, eta Boli Kosta, kalera. Bolikostarrek beste aukera baten zain egon beharko dute lehen aldiz final-zortzirenetarako sailkatzeko. Hirugarren ahalegina ere ez da izan balekoa. Afrikako selekziorik ez dago oraindik hurrengo fasean Brasilen, eta bi jada kalean daude: Kamerun eta Boli Kosta. Oraindik, hala ere, badago aukera kontinente horrek final-zortzirenetan ordezkariren bat izan dezan. Nigeriak, Ghanak eta Aljeriak lor dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.