Brasilgo Munduko Kopa. Iran 0. Nigeria 0

Orain arteko partida eskasena jokatu dute Iranek eta Nigeriak

Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Iran. Haghighi; Montazeri, Hosseini, Sadeghi, Pouladi; Heydari (Masud, 89. min.), Nekunam, Teymurian, Hajsafi; Dejagah (Jahanbakhsh, 78. min.); eta Ghoochannejhad.

Nigeria. Enyeama; Ambrose, Oshaniwa, Oboabona (Yobo, 29. min.), Omeruo; Mikel, Onazi; Azeez (Odemwingie, 69. min.), Musa, Moses (Ameobi, 52. min.); eta Emenike.

Epailea. Carlos Vera (Ekuador). Txartel horiak: Iraneko Teymouriani.

Bestelakoak. 38.081 ikusle Curitibako Arena da Baixada estadioan.

Iranek eta Nigeriak gutxienez beste lau egunez luzatuko dute euren bolada txarra Munduko Kopa batean. Biek ala biek hamasei urte daramatzate partidarik irabazi gabe selekzioen arteko lehiaketa nagusian. Biek Frantzian lortu zuten azken aldiz garaipena, eta ordutik jokatu dituzten partidetan ez dira gai izan hiru puntuak eskuratzeko.

Atzo aukera aproposa zuten bolada eskas hori eteteko, baina alferrik. Ez Iranen garaipenik, ezta Nigeriarena ere. Berdinketarekin amaitu zen Curitiban jokatutako F multzoko lehen jardunaldiko azken partida, orain arte Brasilgo Munduko Kopan jokatutako eskasena.

Bi selekzioek egindakoa kontuan hartuta, emaitza justua da. Izan ere, ez batek ez besteak ez zuen nahikoa meriturik egin jokoan zeuden hiru puntuak bereganatzeko. Gol aukerei dagokienez, Iranek izan zituen argienak, Rezaren oinetan, baina Charlton Ingalaterrako taldeko aurrelaria ez zen fin ibili. Enyeamak ere izan zuen zerikusirik horretan, atezain nigeriarra oso seguru aritu baitzen. Nigeriak ere izan zuen aukerarik, baina ez horren argiak. Baloia izan zuen ia beti, baina ezertarako ez.

Atzoko emaitzarekin, multzoko sailkapena estutu egin da. Argentina da lider, hiru punturekin, eta Iranek eta Nigeriak bana dute. Bosniak ez du punturik, baina atzo ikusitakoaren arabera, ez da alde kezkagarria. Izan ere, Europako selekzioak Nigeria eta Iranen aurka jokatuko du hurrenez hurren, eta itxuraz, biei irabazteko moduan da. Ez dirudi ere Argentinak arazo asko izango dituenik beste horrenbeste egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.