Brasilgo Munduko Kopa. Australia 2. Herbehereak 3

Onenen pare jokatuta, ezuste handia emateko zorian egon da Australia

unai zubeldia
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Australia. Ryan; McGowan, Wilkinson, Spiranovic, Davidson; Jedinak, Milligan; Leckie, Bresciano (Bozanic, 53. min.), T. Oar (Taggart, 77. min.); eta Cahill (Halloran, 69. min.).

Herbehereak. Cillessen; D. Vrij, Vlaar, M. Indi (Depay, 45. min.); Janmaat, D. Guzman (Wijnaldum, 78. min.), N. De Jong, Blind, Sneijder; Robben eta Van Persie (Lens, 87. min.).

Golak. 0-1: Robbenek (20. min.). 1-1: Cahillek (21. min.). 2-1: Jedinakek, penaltiz (54. min.). 2-2: Van Persiek (58. min.). 2-3: Depayk (68. min.).

Epailea. Djamel Haimoudi. Txartel horiak: Australiako Cahilli, eta Herbehereetako Van Persieri.

Bestelakoak. 40.000 ikusle inguru Porto Alegreko Beira-Rioko estadioan.

Gorriak ikusi zituzten atzo Herbehereek. Espainiaren aurkako 1-5ekoak hauspotuta, Australiari zenbat gol sartuko zizkioten pentsatuz zelairatu ziren jokalariak. Baina, sartzen hasterako, karrokada bat jasotzeko arriskuan egon zen Louis Van Gaalen taldea. Selekziorik onenen pare arituta, ezuste handia emateko zorian egon zen Australia. Nortasun handiarekin zelairatu ziren australiarrak, aurkariaren sormen lerroari presioa eginda. Eta ito egin ziren jokoan ustez askoz gehiago diren jokalariak. Espainiaren mesedea jasota, Herbehereak final-zortzirenetan daudela agertuko da gaur bazter guztietan, eta egia da hori. Baina estu eta larri ibili ziren atzo.

Australia egiten ari zen presioa barneratu ezinik zebilenean sartu zuen Robbenek 0-1ekoa, 20. minutuan, 40 metroko korrikaldia eginda. Baina hurrengo jokaldian berdindu zuen partida Cahillek, Munduko Kopako orain arteko golik ederrenetakoa sartuta. Eskuin hegaletik zetorkion bezala astindu zuen baloia, ezkerrez. Lehen zati guztian joko erakustaldia eman zuen Australiak, eta bigarrena hastearekin batera aurreratu zen, Jedinakek penaltiz sartutako golari esker (54. min.).

Handiren bat egin zezakeela sinetsi zuen Australiak, baina Van Persiek sartu zuen 2-2koa, 58. minutuan, eta Depayk 2-3koa, 68.ean —huts nabarmena egin zuen Ryan atezainak—. Aurreko jokaldian Leckiek esku-eskura eduki zuen 3-2koa. Onenen pare aritu arren, punturik gabe jarraitzen du Australiak. Herbehereak, berriz, Espainiaren porrotarekin, final-zortzirenetan daude jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.