Brasilgo Munduko Kopa. Suitza 2. Frantzia 5

Frantzia zirimola izan da, eta hurrengo faserako sailkatu da

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Suitza. Benaglio; Lichtsteiner, Djorou, Von Bergen (Senderos, 9. min.), Rodriguez; Inler, Behrami (Dzemaili, 46. min); Xakiri, Xhaka, Mehmedi; eta Seferovic (Drmic, 68. min.).

Frantzia. Lloris; Debuchy, Varane, Sakho (Koscielny, 66. min.), Evra; Matuidi, Sissoko, Cabaye; Valbuena (Griezmannek, 82. min.), Benzema eta Giroud (Pogba, 63. min.).

Golak 0-1: Giroudek (17. min); 0-2: Matuidik (18. min.); 0-3: Valbuenak (43. min.); 0-4 Benzemak (67. min); 0-5: Sissokok (74. min); 1-5: Dzemailik (81. min.); 2-5: Xhakak (87. min).

Epailea. Bjorn Cuipers (Herbehereak). Txartel horia: Frantziako Cabayeri.

Bestelakoak. 55.000 ikusle Salvador de Bahiako Fonte Nova estadioan.

Frantzia sasoi ikusgarrian iritsi da Munduko Kopara eta atzo erakustaldia emanda irabazi zion Suitzari. Lehen zatia aspaldian ikusitako onena izan zen. Hiru gol sartu, penalti bat huts egin eta makina bat aukera izan zituen. Atsedenaldirako lanak eginak zituen eta final-zortzirenetarako sailkapena ia ziurtatuta. Bart gaueko partidan Hondurasek eta Ekuadorrek berdindu badute, edota Hondurasek irabazi badu, Frantzia dagoeneko matematikoki dago kanporaketetan. Astindua jaso arren, Suitzak oraindik sailkatzeko aukera du.

Didier Deschampsek zuzentzen duen selekzioa zirimola izan zen lehen zatian. Suitza aurre egiten saiatu zitzaion baina hankaz gora bukatu zuen. Erasora jo eta bi gol sartu zituen bi minututan: Giroudek, buruz, korner batean (18. min.), eta Matuidik gero, kontraeraso batean (19. min.). 0-2koan Suitzak opari asko egin zituen. Erasoan, aldiz, susto pare bat baino ez zituen eman.

Frantziak hirugarrena nahi zuen, eta aukera bikaina izan zuen Benzemak huts egindako penaltian. Aldaratzean Valbuenak langara bidali zuen baloia. Aurrelariak atsedenaldiaren aurretik atera zuen arantza, kontraeraso neurtu batean 0-3koa sartuz. Suitzako jokalariak etsita egin zuten aldagelarako bidea, ordurako bazekiten emaitzari buelta ematea ezinezkoa zela. Bigarren zatian Frantziak berean jarraitu zuen, motelxeago agian, baina eraginkorrago. Suitzaren ohorearen bi golak 0-5 galtzen ari zenean iritsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.