Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. ANALISIA

Txapelketan, plazan bezala

2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Elortza-Lujanbio, 40 puntura Soto-Uria, eta horiengandik 40 puntura Laburu-Apalategi. Horixe igandeko saioko sailkapenak esandakoa. Ondorioz, lehenengo biak baino ez BEC-era —Lujanbio dagoeneko matematikoki, Elortza birtualki baina ia seguru—. Saio jendetsua Donibane Lohizunen, txapelketa honetan ikusmin handien sorrarazi dutenetakoa, bizia eta azkarra, une disdiratsu ugari eta zenbait irristada deigarri izan zituena bertsoaldien joanean. Plazako saio bat bailitzan, finean.

Igor Elortza eta Maialen Lujanbio besteen gainetik aritu ziren ia ariketa guztietan. Igor Elortzak, mahai gainean ukabilkada bat jo, eta finalean inolako konplexurik gabe kantatuko duela aldarrikatu zuen bere jardun borobilarekin. Hots, edozeini begietara begiratzeko moduan da. Erdi bertsolari erdi zirujau, ezinezko esaldiak eta errimak kateatzen pasatu zuen arratsaldea, artisau lanean, mimo handiz, hitz eta kolpe bakoitza bere lekuan. Lagina, 10eko txikiko azkeneko bertsoa: «irtenbide asko daude / neu nauzu lekuko // lehenik defentsa on bat / ta zenbait indulto // hemen sistema osoa / da, Agin, korrupto // lasai, ziegak ez zaitu / asko kaltetuko // berriz kalean zaude / ohartu orduko». Lujanbio ez zen Irunen bezain harrigarri aritu, baina maila apur bat jaitsi izanagatik goian —puntukakoan orain arte entzundako lanik borobilena osatu zuen, tartean—.

Julio Sotoren eta Jone Uriaren artean berdinketa teknikoa. Nafarra ideia aldetik fresko sumatu genuen, baina, agian, zenbait bertsoren betelana borobiltzea falta izan zitzaion puntu gehiago poltsikoratzeko. Sarritan aipatu izan dugun koxka txiki hori… Jone Uriak ateraldi jenialak izan zituen zenbait momentutan —beti esan ahal izango du egun batean Maialen Lujanbio mendean hartu zuela 8ko txikian, «oraindik ez dut lortu / ondo konprenitzen // nola zauden zu bertan / eta ni garbitzen» bezalako ateraldiekin—.

Puntuazioari erreparatuz, behean Laburu eta Apalategi. Beasaindarrak txapelketa honetan erakutsitako mailari eutsi zion, eta puntuazioan behera erori bazen, egindako irristada batzuen ondorioz izan zen, bereziki. Labururen erorikoa deigarriagoa izan zen, BECerako Iturriagaren 8. txartel famatua eskuratzeko hautagai sendoena bera baitzen, igandera arte behintzat. Egindako poto batetik haratago, hainbat bertsoalditan sumatu zitzaion kolpea jo nahi eta ezina nabarmenduko nituzke nik, edo ofizioen muinari behar bezala heltzen asmatu ezina, edo kantukideak esandakoari erantzun nahian erdipurdiko bertsoa lehenestea aurrez pentsaturiko bertso ziur aski hobearen kaltetan… Bertsotan egitera joan zen Laburu, edozein kasutan, eta hori eskertzekoa da.

Datorren larunbatean Iruñean jokatuko den azken finalaurrekorako ez da aspalditik sarrerarik geratzen. Nola geratuko da, bada, sarrerarik? Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi dira BECerako txartela bideratu xamar daukaten saio horretako bertsolari bakarrak, lehenak bigarrenak baino bideratuago, bistan da. Beste lau bertsolariak, bai, laurak, euren bizitzako aukeraren aurrean daude: Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta baita, gauzak nola dauden ikusita, oraindik ere bizirik dagoen Alaia Martin bera ere. Joan den asteko analisian Jon Maiaren azken guda dantza aipatu genuen… argi ibili esandako hitzak irentsi beharko ez ote ditugun oraindik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.