Brasilgo Munduko Kopa. Kolonbia 3. Grezia 0

Itzulera bikaina izan du Kolonbiak, Greziari egurra emanda

Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Kolonbia. Ospina; Zuñiga, Zapata, Yepes, Armero (Arias, 74. min.); Abel Aguilar (Mejia,69. min.), Carlos Sanchez Cuadrado, James Rodriguez; Teo Gutierrez (Jackson Martinez,76. min.) eta Ibarbo.

Grezia. Karnezis; Torosidis, Manolas, Papastathopoulos, Holebas; Kone (Karagunis, 78. min.), Maniatis, Katsouranis, Salpingidis (Fetfatzidis, 57. min.); Samaras eta Gekas (Mitroglu, 61. min.).

Golak. 1-0. Armerok (5. min.). 2-0: Teo Gutierrezek (58. min.). 3-0: James Rodriguezek (91. min.).

Epailea. Mark Geiger (AEB). Txartel horiak: Kolonbiako Carlos Sanchezi; eta Greziako Papastathopoulosi eta Salpingidisi.

Bestelakoak. 57.174 ikusle Belo Horizonteko Mineirao estadioan.

Ez zeuden lasai Kolonbian Munduko Kopa hasi bezperan. Hilabetetan Radamel Falcao osatu zain egon ondoren, zoritxarreko albistea jaso berri zuten: Monakoko aurrelaria ez zen garaiz osatu, eta ez zen Brasilen izango. Horren berri izan eta ordu arteko baikortasuna ezkortasuna bilakatzea, biak bat izan ziren. Pentsamendu bat nagusitu zen berehala: akabo, gure izarra gabe, gureak egin du.

Lehen partida jokatzea nahikoa izan da ezkortasun horren arrastorik gera ez dadin. Ez da gutxiagorako, Kolonbiak estreinako bikaina izan baitu Brasilen. 3-0 irabazi dio Greziari Belo Horizonten, C multzoko estreinako partidan. Estreinako bikaina ez ezik, itzulera bikaina ere bada. Izan ere, hamasei urte zeramatzan Kolonbiak Munduko Kopa batean jokatu gabe. Ametsetako itzulera izan da, zalantzarik gabe.

Eraginkortasun handia

Falcao gabe kolonbiarrek golak sartzeko komeriak izango zituztela ziotenek isilik egongo dira. Beharko, Hego Amerikako selekzioak eraginkortasun harrigarria erakutsi baitzuen atzo. Ez zen izan Grezia baino askoz gehiago, baina ate aurrean erakustaldia eman zuen. Hiru aukera garbi izan zituen, eta hiruak sartu zituen: Armerok sartu zuen lehen gola, partida hasi eta berehala; Teo Gutierrezek, atsedenalditik bueltan; eta James Rodriguezek, norgehiagoka amaitzear zela. Bat, bi eta hiru. Inor gutxi gogoratzen da jada Falcaorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.