martxelo otamendi
Kataluniako hauteskundeak. ANALISIA

Gazteen aldagaia

2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Oraintsu arte David Fernandez izan da CUPeko mitinetako izarra, mitina bukatutakoan argazkiak egiteko eskaera gehien zeukana, eta batean edo bestean hitz egiteko proposamenak jasotzen zituena. Hala zen parlamentuko kidea zenean, eta hala izan da ere geroago oinezko militante izan denean. Orain Podemeko idazkari nagusi izan zen Albano Dante Fachinek kendu dio protagonismoa Fernandezi, azken horren lasaitasunerako.

Gironan gertatu zen igandean, CUPek Gironako kanpainako mitin nagusia zeukan Firan. Aretoa beteta, 1.000 lagun eserita eta 300 zutik, eta Fernandez eta Fachin hizlarien artean. Podemeko arduradun ohiak sutu egin zituen entzuleak Catalunya en Comuko zerrendaburu eta alderdikide ohi Xavier Domenechen aurka gogor egin zuenean. CUPeko parlamentari ohia ez zen atzean geratu 155. artikulua aplikatu eta babestu duten alderdiei kritika egiteko orduan. Entzuleen artean adin guztietakoak, gazteak, adin ertainekoak eta 60 urtetik gorakoak, proportzio berean. Mitina bukatu eta hizlariak agertokitik jaitsi zirenean, argazki ehiztariek Fachinengana jo zuten, besteak bakean utzita.

ERCrekin eta CUPekin eman ditu mitinak Fachinek kanpaina honetan, eta bietan sutsuena eta txalotuena izan da, alde handiarekin. Bi mitinetan, garbi utzi nahi izan du ez dela independentziazalea, baina egoera larri honetan 155.eko taldeari aurre egiteko dagoen aukera bakarra botoa independentziaren alde dauden ERCri edo CUPi ematea dela. Independentziazaleek beti kalkulatu izan dute 2015eko irailaren 27an parlamenturako egindako hauteskundeetan Catalunya Si que es Pot zerrendak lortutako 367.613 botoen %20 eta %30 bitartean independentziaren aldeko boto emaileenak direla. Horixe da independentziazaleen itxaropena eta begirale askoren aztergaietako bat osteguneko emaitzak aurreikusteko orduan: urriaren 1ean jasandakoa eta ondoren izan diren gehiegikeriak (155.a, deserria, kartzela...) nahiko izan ote diren 90.000 boto (ustez) independentziazale horiekERCra edo CUPera joateko.

CUPeko mitinetan ez bezala, ERCko eta Junts per Catalunyako mitinetan ez da gazterik ikusten. Azken bi aukera horien ekitaldietan, 40 urtetik gorako jendea ikusten da gehien, 60tik gorako asko, eta apenas gazterik. 130.000 gaztek izango dute bihar aukera botoa aurreneko aldiz emateko, eta komeni da gogoratzea azken hilabete hauetan ikasleak oso aktibo aritu direla. 2015eko hauteskundeetan CUP izan zen boto gehien jaso zuen alderdia 18-24 eta 25-30 adin tarteetan, baina, Generalitateko CEO Iritzi Ikerketarako Zentroak egin dituen azken inkesten arabera—lagin handiena daukatenak dira—, independentziaren aldeko jarrerak ez du irabazten gazteen artean. Besterik pentsa litekeen arren, 45-55 adin tartean bakarrik irabazten du independentziaren aldeko jarrerak. Kontraesankorra eman lezake, baina horrela da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.