Ostiral Santuko Akordioak hogei urte

Historia aldatu zuten sinadurak

Hogei urte beteko dira gaur Ipar Irlandako alderdi gehienek, Erresuma Batuko Gobernuak eta Irlandako Errepublikakoak Ostiral Santuko Akordioa egin zutenetik. Gatazka armatua bukatu, eta aldaketa politikoak eragiteko oinarriak paratu zituen. Hainbat ekitaldi eginen dituzte horren oroimenez.

mikel rodriguez
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

Gaurko egunez duela hogei urte, Ostiral Santua egokitu zen apirilaren 10ean. George Mitchell AEBetako senatari ohi eta Etxe Zuriaren Ipar Irlandarako mandatari berezia arratsaldean atera zen kazetarien aitzinera, Stormonteko gazteluan. Ikusmina handia zen, eta hantxe irakurri zuen mezu historikoa: «Atsegin handiz jakinarazten dut bi gobernuek eta Irlandako alderdi politikoek akordio bat egin dutela». Ia 30 urteko gatazka armatu krudela eta hamarkada gehiagoko diskriminazio eta jazarpen politikak bukatzeko itxaropena piztu zuen akordio hark, eta, bi hamarkada geroago arazo guztiak desagertu ez badira ere, akordioaren eragina onuragarria izan dela uste dute Irlandako alderdi politiko nagusi guztiek. Ekitaldi bat baino gehiago eginen dituzte gaur urteurrena oroitzeko, eta, horietako batean, Belfasteko Queens Unibertsitatean, akordioaren protagonista nagusi gehienak elkartuko dituzte.

Hain zuzen, Bake Globalerako, Segurtasunerako eta Justiziarako George J. Mitchell Senataria Institutuak antolatu du ekitaldia. Gonbidatuen zerrenda luzean daude bake prozesuaren alde apustu egin zuen Erresuma Batuko orduko lehen ministro Tony Blair, Jonathan Powell haren kabineteburu zena eta gobernuaren izenean Ipar Irlandarako negoziazioak zuzendu zituena, Bill Clinton orduko AEBetako presidente eta bitartekaritzaren bultzatzailea, Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministroa zena, eta Belfasteko Stormont gazteluko negoziazio mahaian eseri ziren hainbat eragileren ordezkari nagusiak.

Mahai horretan, hiru eragilek osatu zuten negoziazioak zuzendu zituen lehendakaritza: lehendakari independentea Mitchell izan zen, eta Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek ordezkari bana eduki zuten. Mo Mowlam Ipar Irlandarako ministroa izan zen Londresen ordezkaria —2005ean zendu zen—, eta akordioa sinatu zutenean David Andrews Irlandako Errepublikako Atzerri ministroa izan zen Dublinen ordezkaria. Mitchell sarrerako hitzaldia egitekoa da gaur Queenseko ekitaldian.

Lehendakaritzarekin batera, alderdien mahaiak osatu zuen Stormonteko negoziazio prozesua. Zortzi alderdik sinatu zuten akordioa apirilaren 10ean, eta, Stormonten eduki zituzten ordezkari nagusien artean, gaurko ekitaldian parte hartuko dute David Trimblek (UUP Ulsterko Alderdi Unionista), Gerry Adamsek (Sinn Fein), John Alderdicek (Aliantza), eta Monica McWilliamsek (Emakumeen Koalizioa). Haiekin batera parte hartuko du 1998ko apirilaren 10 hartan Stormonten egon zen hutsune nagusiaren ordezkariak: DUP Alderdi Demokratiko Unionistako David Robinsonek —2008 eta 2016 artean lehen ministro izan zenak—. Urteurrenaren bezperan, hiru talde paramilitar loialista nagusiek agiri bat argitaratu dute, azkenaldian loialismoaren izenean egin diren erasoak gaitzesteko.

STORMONTEKO MAHAIA

LEHENDAKARITZA

Lehendakaritza independentea

George Mitchell (Waterville, AEB, 1933)

Bill Clinton presidenteak AEBen Ipar Irlandarako mandatari berezi izendatu zuen 1995ean. Erresuma Batuko Gobernuak haren bitartekaritza onartu ondoren, bake elkarrizketak egiteko oinarriak idatzi zituen, Mitchell oinarriak izenez ezagun egin zirenak. 2001ean, Richard Haasek ordezkatu zuen. 2009-2011 artean, Barack Obama presidentearen Ekialde Hurbilerako bake mandatari berezia izan zen.

Erresuma Batuko Gobernua

Mo Mowlam (Watford, Ingalaterra, 1949 - Canterbury, Ingalaterra, 2005)

Tony Blairrek lehen gobernuan Mowlam izendatu zuen Ipar Irlandarako ministro —lehen emakumea kargu horretan—. Tirabirak izan zituen Sinn Feinekin eta unionistekin, eta paramilitar loialistekin elkartu zen Maze espetxean, su-etenarekin eta bake prozesuarekin bat egin zezaten konbentzitzeko. 1999an kargua utzi zuen, unionistek presio egin ondoren. Erresuma Batuko Gobernuaren drogen aurkako kanpainen ardura hartu zuen, eta 2000. urtean politikaren lehen lerrotik erretiratu zen. 2003an, kanpaina egin zuen Irakeko inbasioaren aurka. Ipar Irlandarako ministro izendatu zuten urtean bertan, garuneko tumore bat atzeman zioten, eta 2005ean zendu zen horren ondorioz, 55 urterekin. 

Irlandako Errepublikako Gobernua

David Andrews (Clonskeagh, Irlanda, 1935)

Andrews 1997ko urrian izendatu zuten Irlandako Errepublikako Atzerri ministro, eta 2000. urtera arte egon zen karguan. Bertie Ahern lehen ministroak Defentsa Ministeriotik Atzerrikora mugitu zuen, eta bake prozesuan errepublikaren ordezkari izateko ardura eman zion. 2002an, parlamentuko jarlekua utzi zuen —Barry semeak hartu zion ondorengotza—, eta politikatik erretiratu zen.

ALDERDIEN MAHAIA

UUP Ulsterko Alderdi Unionista

David Trimble (Bangor, Irlanda, 1944)

Trimble 1995ean izendatu zuten UUP alderdiko buruzagi. Elkarrizketetan parte hartu zuen lider unionista nagusia izan zen, ezinbesteko pieza akordiorako. Ipar Irlanda sortu zutenetik, Sinn Feinekin negoziatzea onartu zuen lehenengo lider unionista izan zen, baina negoziazioek iraun zuten zortzi hilabeteetan inoiz ez zuen aurrez aurre hitz egin Gerry Adamsekin. Akordioaren ondoren, Ipar Irlandako lehen ministro izendatu zuten, eta 2001eko bozetan ozta-ozta eutsi zion karguari. 1998an, Bakearen Nobel saria jaso zuen, John Humerekin batera. 2002an, dimisioa eman zuen lehen ministro kargutik, eta, 2003ko hauteskundeetan, Ian Paisley DUPeko hautagaiak aurrea hartu zion. 2005eko Westminsterrerako hauteskundeetan jarlekua galdu ondoren, dimisioa eman zuen UUPko buruzagitzatik. 2006tik Lorden Ganberako kide da, eta 2007an utzi zion Ipar Irlandako Parlamentuko diputatu izateari. Urte horretan, Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko kide egin zen. Azken urteotan, Israelen aldeko lobby lanean ibili da Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak sortu zuen Israelen Lagunak ekinbideko kide gisa, eta brexit-eko erreferendumean Europako Batasuna uztearen alde egin zuen kanpaina.

SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laborista

John Hume (Derry, Irlanda, 1937)

Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenean, John Humek hemeretzi urte zeramatzan Ipar Irlandako nazionalisten eta katolikoen alderdi nagusiaren buruzagitzan. Trimblerekin batera Bakearen Nobel saria jaso zuen, baina osatu zen batasuneko lehenbiziko gobernuan ez zuen hartu lehen ministrorde kargua —Seamus Mallon alderdikidea izendatu zuten—. 2001eko abenduan utzi zuen SDLPren buruzagitza, eta, ordurako, Sinn Feinek lehenengo aldiz aurrea hartua zion hauteskundeetan —ekainean, Erresuma Batuko Parlamenturakoetan—. 2005ean erretiratu zen politikaren lehen lerrotik, Westminsterren parlamentari izateari utzita. Bake elkarrizketen sustatzaile nagusietako bat izan zen; batetik, Gerry Adamsekin 1980ko hamarkadan hasi zituen elkarrizketekin, eta, aldi berean, Erresuma Batuko Gobernuarekin egin zituenekin. Bakea sinatu ondoren, ordea, Sinn Fein bihurtu zen nazionalisten eta katolikoen alderdi nagusia. Pat Hume emazteak 2015ean jakinarazi zuen Humek dementzia diagnostikatuta daukala 1990eko hamarkada bukaeratik.

Sinn Fein

Gerry Adams (Belfast, Irlanda, 1948)

Gerry Adamsen sinadurarik gabe, zail litzateke imajinatzen Ostiral Santuko Akordioa. Sinatu eta lau hilabetera IRAko disidenteek Omaghen leherrarazitako bonbaren ondoren, beste sinatzaileek presioa egin zioten Sinn Feini, baina Adamsek, eraso hura gaitzetsi, eta bake prozesuari babes osoa eman zion. Batasuneko gobernuan ez zuen kargurik hartu, eta, haren gidaritzapean, Sinn Fein hazi egin zen ondorengo urteetan, Ipar Irlandan ez ezik baita errepublikan ere. 2007an, aurrez aurre eseri zen Ian Paisley DUPeko buruarekin, eta, horren ondoren, batasuneko gobernua osatzeko akordioa egin zuten errepublikanoek eta muturreko unionistek. 2010ean, dimisioa eman zuen Ipar Irlandako Parlamentuko ordezkari gisa, Irlandako Errepublikan aurkezteko, eta 2011z geroztik Dail-eko kide da. 2014an, PSNIk atxilotu zuen Jean McConvilleren desagerketa eta hilketaren kasuan (1972), baina hurrengo urtean fiskaltzak erabat baztertu zuen Adams auzipetzea. Sinn Feingo buruak «unionismoaren guardia zaharra» egin zuen atxiloketaren erantzule. Aurtengo otsailean utzi zuen Sinn Feingo buruzagitza, 35 urteren ondoren, eta esana du errepublikako parlamentuko legegintzaldia bukatzean erretiroa hartuko duela —2021ean—.

Aliantza

John Alderdice (Ballymena, Irlanda, 1955)

Aliantza alderdiak komunitateen banaketatik at kokatzen zuen bere burua, liberalismoaren espektro politikoan. Lau alderdi nagusiak ez bezala, ez zuen Westminsterren ordezkaritzarik lortzeko behar adina boto. John Alderdice zen buruzagia 1987az geroztik. Unionistek ez bezala, Sinn Feinekin hitz egitea defendatu zuen, eta bake akordioetarako negoziazioetan baldintzatzat jarri zuen lurraldetasunari eragiten zioten auzietan Ipar Irlandako herritarrei galdetzea. Akordioaren ondotik Londresek autonomia berrezarri ondoren, Ipar Irlandako Parlamentuko presidente hautatu zuten, eta hala izan zen 2004ra arte. Urte horretatik 2011ra arte, berriz, IMC Jarraipen Batzorde Independenteko kide izan zen, eta 1996tik Lorden Ganberako kide da. Psikiatrian jardun zuen 2010era arte.

NILP Ipar Irlandako Alderdi Laborista

Malachi Curran (Killough, Irlanda)

Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuen alderdi txikienaren ordezkaria zen Malachi Curran. Akordioa sinatu ondorengo hauteskundeetan ez zuen ordezkaritzarik lortu, eta 2003koetan Curran independente gisa aurkeztu zen, baina hor ere ez zuen lortu parlamentari izatea. 2007an berriro NILPekin aurkeztu zen, baina emaitza berbera izan zuen. Alderdiak erregistro ofizialean jarraitzen du gaur egun, baina ez du jarduera handirik.

PUP Alderdi Unionista Aurrerakoia

David Ervine (Belfast, Irlanda, 1953 - Belfast, Irlanda, 2007)

Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuten alderdien artean paramilitar loialistekin lotura zuzena zuten bi alderdietako bat izan zen PUP. UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrarekin eta Esku Gorria Komandoarekin harreman zuzena zuen PUPek. Stormonteko negoziazioetan izan zuten ordezkaria, David Ervine, UVFko kide izan zen 1970eko hamarkadan, eta espetxean eduki zuten sei urtez. Irlandako loialismoa eskuin muturrean eta muturreko ideia kontserbadoreetan kokatzen da politikoki, eta, ingurune politiko horretan, jarrera ezkertiarrena zuen lidertzat hartzen zen Ervine. 1997tik 2007ra arte izan parlamentari Stormonten, hil zen arte. Bihotzeko baten eta buruko odol jario baten ondorioz hil zen, 53 urterekin.

UDP Ulsterreko Alderdi Demokratikoa

Gary McMichael (Lisburn, Irlanda, 1969)

UDA Ulsterren Aldeko Elkartea talde paramilitar loialistarekin lotura zuen UDP alderdiak. Gary McMichael UDPko burua Stormonteko mahaiko kide gazteena izan zen. 1998ko hauteskundeetan ez zuen ordezkaritzarik lortu, eta 2001ean desegin zuten alderdia. Ostiral Santuko Akordioak desadostasun sakonak sortu zituen UDArekin, baita UDP barnean ere. 2001ean McMichaelek adierazi zuen UDPk ezin zuela UDAren izenean hitz egin. McMichaelek Lisburn jaioterriko udalean zinegotzi jarraitu zuen 2005era arte, eta, legegintzaldia bukatuta, politika utzi zuen. Ascert erakundeko zuzendaritzako kidea da gaur egun. Gazteen alkohol eta droga prebentzioan lan egiten duen erakundea da.

Emakumeen Koalizioa

Monica McWilliams (Ballymoney, Irlanda, 1954)

Aliantzak bezala, Emakumeen Koalizioak ere komunitateekin lerrokatu gabeko alderditzat zuen bere burua. Boto emaileen oso babes txikia zuen, baina Stormonteko Mahaian ahalik eta ordezkaritza zabalena izateko gonbidatu zuten. Akordio ondorengo hauteskundeetan McWilliams parlamentari hautatu zuten Stormonten. Bi ordezkari lortu zituzten, eta aldarrikatu zuten parlamentu batean ordezkaritza zuen emakumeen alderdi bakarra zela mundu osoan. Hurrengo hauteskundeetan, ordea, alderdiak etengabe egin zuen behera, eta 2006an desegin egin zuten. McWilliams 2003ra arte izan zen parlamentari, eta, 2005ean, Ipar Irlandarako ministroak Giza Eskubideen Batzordeko buru izendatu zuen. 2011n utzi zuen kargua, eta unibertsitatera itzuli zen, irakasle eta ikerlari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.