Euskal presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa

Makurtzeko asmorik ez dute eragileek

Demokraziaren, zuzenbide estatuaren eta konponbidearen aurkako erasotzat jo dute operazioa gizarte eragileek.Halakoen kontra lanean jarraitzeko deia egin dute, ez dutela etsiko azaldu

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidea, hedabideen aurrean adierazpenak egiten, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jokin Sagarzazu - Aitziber Laskibar
Donostia
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Manifestazioa babestu duten talde eragileetako ordezkariek kolokan jarri dute Espainiakoa estatu demokratikoa dela. Zuzenbide estatuek ez dutela hala jokatzen adierazi dute, aste honetako polizia operazioa salatzeko orduan. Horren aurka aurrera egiteko deia egin dute guztiek. Ez dutela amore emango adierazi dute protesta hasi aurretik egindako adierazpenetan, eta erasoak eraso aurrera jarraituko dutela ziurtatu dute.

OSKAR MATUTE

EH Bilduko legebiltzarkidea

«Demokratikoa den estatu batek ez ditu abokatuak atxilotzen»

Zorrotz mintzatu da EH Bilduren ordezkaria: «Demokratikoa den estatu batek ez ditu abokatuak atxilotzen; ez ditu presoak mendekurako erabiltzen. Zuzenbide estatu batek ez du herritarrek bildutako dirua lapurtzen; ez du elkartasuna zigortzen», esan du. «Baina Espainiako Estatua ez da ez demokratikoa, ez justua».

«Errespetua» eskatu du, eta azaldu du mobilizaziora «herriarentzat eskubideak eta demokrazia aldarrikatzeko» joan dela. Hain zuzen, egunotako egoeraren eta antzekoen kontra «kaleak hartzearen» garrantzia nabarmendu du Matutek, euskal herritarrek «bakea, herri askea eta solidarioa» nahi dutela argi erakusteko. «Ez dago operazio politikorik helburu horretan geldituko gaituenik». Are, «eraiki nahi dugun herriak ez du haien beharrik», esan du. «Mehatxuen gainetik, gure etorkizuna eraikiko dugu».

TXIKI MUÑOZ

ELAko idazkari nagusia

«PP arazoa da gure herriaren normalizazio politikorako»

«Espainiari ustel usaina dario», adierazi du ELAko buruak. PP ustelkeriaz josita dagoela azaldu du, eta inkestek oso emaitza txarrak iragartzen dizkiotela. Hori dela eta, Euskal Herriaren aurka ahal duen guztia erabiliko duela uste du, «horrekin osatzen baitu aurrera egiteko agenda».

Espainiako Estatuan ez dagoela botere banaketarik salatu du Muñozek.Esan du ere bai PPk auzitegietan beti topatzen duela behar duen «agenda maltzur» hori aurrera aterako duen norbait, eta hala ari dela. «PP euskal herritarrei esaten ari zaigu berarekin ez dugula normalizazio politikorako elementurik lortuko». «PP arazoa da gure herriaren normalizazio politikorako».

AINHOA ETXAIDE

LABeko idazkari nagusia

«Herria kalera ateratzen den artean, ez dago prozesua zapuzterik»

Igaro den «aste luzeak» hiru gauza erakutsi ditu, LABeko buruzagiaren hitzetan: batetik, Euskal Herriak «bake eta konponbide gogoa» duela baina Espainiako Estatuak ez duela asmorik haren bidea «bakean, libre eta demokratikoki» egiten uzteko. Errepresioa erabiliko duela, beraz. Bestetik, hainbat arazo daudela prozesuak aurrera egin dezan, eta Eusko Jaurlaritza dela bat. «Jaurlaritzak lidergoa eskatzen du, baina halako egoera batean erakutsi du ez dela gai ekinbide politiko sendorik egiteko; ez gainontzeko eragile politikoekin, ezta herriarekin ere».

Baina hirugarren irakasgaia da garrantzitsuena, Etxaiderentzat: «Herri honetan badago nahikoa indar prozesu hau aurrera ateratzeko». Eragile askok konpromisoak hartu dituztela nabarmendu du, eta, batez ere, badagoela herria. Herritar asko eta asko kalera atera eta prozesua babesteko prest dagoela adierazi du; «eta, hori dagoen bitartean, ez dago prozesua zapuzterik». Hala, hausnartzeko eskatu die eragileei: «Garaia da eragile sindikal, sozial eta politikoek gogoeta egiteko eta herriari dagokion lekua emateko».

MAIDER ALUSTIZA

Etxerat-eko kidea

«Larria da: gure senideak defentsarako eskubide gabe utzi nahi dituzte»

«Aste honetan gertatutakoa oso larritzat jotzen dugu», adierazi du presoen senideen elkarteko ordezkariak. «Gure senideak defentsarako eskubide gabe utzi nahi dituzte, eta hori oso larria da». Asteleheneko operazioa elkartasuna kriminalizatzeko saioa izan dela ere iruditzen zaio. «Horregatik sartu dituzte espetxera beste hiru lagun». Konponbidea eskatu du horren guztiaren aurrean, eta horretarako lanean jarraitzeko prestasuna azaldu du. «Gure senide guztiak etxera ekarri arte hemen egongo gara, eta hori eskatzen diogu gizarteari ere: lan egin dezala denak behingoz etxera ekarri arte». Presoak etxeratu bitartean, sakabanaketa amaitzearen eta Euskal Herriratzearen alde lan egiteko eskatu die herritarrei.

ARRI ZULAIKA

Gazte Abertzaleetako kidea

«Euskal gizartea ez da makurtuko estatu faxista eta lapurraren aurrean»

«Pentsatzen duguna esatea gero eta arriskutsuagoa den estatu batean bizitzera behartzen gaituzte», adierazi du Gazte Abertzaleen ordezkari eta EH Bilduren legebiltzarkide Arri Zulaikak. «Pentsaeragatik eta militantzia politikoagatik atxilotzen, epaitzen, kondenatzen eta ilegalki sakabanatzen duen estatu batean bizi behar dugu». Euren pentsaera adierazteagatik gazte asko ikertzen dituztela ere salatu du, txiolarien adibidea jarrita. «Eta paradoxa hor sortzen da: joan den asteburuan adierazpen askatasunaren alde Parisko kaleetan manifestatu zirenak dira, justu, eskubide urratze horiek bultzatzen dituztenak».

Baina ez direla makurtuko argi esan dio Espainiako Gobernuari: «Euskal gizartea, eta bereziki gazteria, ez da makurtuko estatu faxista eta lapurraren aurrean». Aurre egingo diola esan du, eta, gainera, seguru dagoela gero eta gehiago izango direla borroka horretan arituko direnak.

S. SAENZ DE SANTAMARIA

Espainiako Gobernuko presidenteordea

«Guardia Zibilak lana ondo egin duelako eman daiteke libreki iritzia»

PPk Gasteizen egin duen ekitaldi batean erantzun die Soraya Saenz de Santamariak abokatuen kontrako operazioa salatu dutenei: Espainiako Gobernuko presidenteordearen iritziz, Guardia Zibila da askatasunen bermea, eta, beraz, ez du onartzen haien lana kolokan jartzea. «Guardia Zibilak eta segurtasunerako gainerako indarrek beren lana ondo egiten dutelako eman daiteke libreki iritzia Espainian, eta seguru ibil daiteke», esan du. «Eta gaiztoak lehen bezain gaiztoak diren arren orain gutxiago direnez, demokratok askoz lasaiago bizi gaitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.