M5Sk eta Legak bertze akordio bat egin dute

Italiako alderdi nagusiek berriz ere Conte jurista proposatu dute lehen ministro izateko. Mattarella presidenteak onartu ez zuen Ekonomia ministrogaia EBrako arduradun proposatu dute

Giuseppe Conte lehen ministrogaia, atzo, Erroman. ANGELO CARCONI / EFE.
mikel rodriguez
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Nahiz eta aste hasieran bazirudien Italiak hauteskundeak berriz egiteko bidea hartua zuela, bizi-bizi jarraitzen du bi alderdi nagusien eta Sergio Mattarella presidentearen arteko xake partidak. M5S 5 Izar Mugimenduko eta Legako liderrek bertze gobernu akordio bat egin zuten atzo; Mattarellak aitzinekoa zapuztu zien, orduan proposatutako Ekonomia ministrogaia —Paolo Savona— ez baitzuen gogoko, euroaren aurkakoa zelako. Bada, bi alderdiek aldatu egin dute Ekonomia ministrogaia, baina Mattarellari aurkeztuko dioten zerrendan mantendu dute Savona, eta ez edonolako postuan: EB Europako Batasunerako politika arduraduna izan dadin nahi dute.

«Hainbertze trabaren, erasoren, mehatxuren eta gezurren ondoren, agian prestatuta gaude azkenik», adierazi zuen atzo Matteo Salvini Legako buruak, Twitter bidez. Lau orduz elkartuta egon zen Luigi Di Maio M5Sko buruarekin akordioa ixteko, eta, bileraren ondoren, bi alderdiek ohar batean adierazi zuten gobernua osatzeko «baldintzak» bete zirela. Bi alderdiek berriz ere Giuseppe Conte jurista proposatu dute lehen ministrogai, eta bart joan zen Quirinale jauregira, Mattarellak gobernua osatzeko enkargua eman ziezaion. Contek igandean uko egin zion izendapenari, Mattarellak Savona Ekonomia ministro izendatzeari betoa paratu ondoren. Orain, Giovanni Tria ekonomista eta Erromako Tor Vergata unibertsitateko irakaslea izendatu dute kargu horretarako.

Bertze ekonomista batek, Carlo Cottarellik, bere egitekoa bukatutzat eman du oraingoz. «Azken egun honetan gobernu politiko bat lortzeko aukera gauzatu da; hortaz, ez da beharrezkoa gobernu tekniko bat osatzea, eta behera gelditu da eman zidaten agindua bertan». Mattarellak joan den astelehenean proposatu zion Cottarelliri gobernu tekniko bat osatzea, 2019ko aurrekontuak egin eta ondoren hauteskundeetara deitzeko. Ekaitz politiko bat sortu zuen horrek, M5Sk eta Legak Mattarellari leporatu baitzioten hauteskundeetako emaitzak ez errespetatzea.

PD, Mattarellaren alde

Parlamentuko lau indar nagusietatik soilik PD Alderdi Demokratak babestu zuen Mattarellaren jokaldia, baina ikusita ez zuela izanen etorkizun handirik, bertze alderdiekin bat egin zuen asteartean, hauteskundeak eskatzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.