Arantza Atxa. Unesco Etxeko zuzendaria

«NBEren 2030 agendak erabateko eragina izan behar du enpresetan»

Mende laurdena bete du Unesco Etxeak. Euskal gizartearen eta NBEren arteko zubia dela dio Arantza Atxak. Adierazpen batekin 2030 Agendari ekarpena egin diote. Euskal alderdi politikoei bidaliko diete.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Unesco Etxeak 25 urte bete ditu. Arantza Atxa zuzendariaren arabera, euskal gizartearen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen arteko zubia da elkartea. «Guk NBEra eramaten ditugu Euskadik dituen kezkak, ezagutzak eta garapena, eta, era berean, NBEn eztabaidatzen, gomendatzen eta partekatzen dena Euskadira ekarri nahi dugu». Garapen iraunkorrerako agenda bat Euskadirentzat eta munduarentzat izeneko adierazpen instituzionala zabaldu dute jendaurrean, urteurreneko ospakizunekin batera.

Kultura, hezkuntza, bizikidetza, giza eskubideak, iraunkortasuna, ura... Arlo askotan egiten duzue behar. Zelan koordinatzen du elkarte bakar batek hain lan esparru zabala?

Arlo askotan egiten dugu lan, NBErekin elkarlanean gabiltzalako. Bereziki, Unescoren orbitan gabiltza, eta agentziak lantzen dituen esparruetan egiten dugu behar handiena. Hainbat arrazoi ditugu horretarako. Batetik, Unesco NBEren barruan estatuenak ez diren aktoreen parte hartzerako abegikorrena izan delako. Eta, bestetik, Unescoren sorrera agiriak honako hau dioelako: «Gerra gizakien buruan sortzen da, eta gizakien buruan eraiki behar dugu bakea». Gure elkartea sortu zen garaian, 1980ko hamarkada bukaeran, Euskadik zituen beharrekin bat egiten zuen oso-osoan. Unesco NBEren parte intelektuala da. Bakea heziketaren, kulturaren, aniztasunaren, ezagutzaren eta zientziaren bidez lortzen du. Esparru horietan oso eroso sentitu gara. Giza eskubideak, heziketa, bakea, bizikidetza, inguru naturalaren iraunkortasuna eta kultura lantzen ditugu.

Urteurrenarekin batera aurkeztu duzuen agiria NBEren 2030 Agendari egin nahi izan diozuen ekarpena da. Agenda mundu mailako dokumentua da. Zelan ekar daiteke hain globala den zerbait euskal errealitatera?

Erakunde publikoak, pribatuak eta gizartea agenda horren bueltan artikulatuta. Agendak garapen iraunkorrari lotutako hamazazpi helburu ditu, 169 jomuga eta 200 adierazletik gora. Lanerako plangintza osatua da, mundu osorako. Euskadin beste hainbeste egitea proposatzen dugu. Ezarri diren hamazazpi helburuak oso garrantzitsuak dira. Adibidez, pobrezia errotik kentzea; agian, gurean ez da arazorik larriena, baina egon badago. Kalitateko hezkuntzaz ere egiten du berba, kalitateko enpleguaz, azpiegitura iraunkorrez, bakeaz, demokrazia parte hartzaileaz... Iruditzen zaigu horrek euskal gizartearen kezkez ere hitz egiten duela. Ez dugu uste hemen egiten ari garena errotik aldatu behar dugunik, hutsetik hasi eta plangintza berri bat sortu. Erakunde publikoak egiten ari direna agenda horren inguruan artikulatu behar da; bide orri modura erabili behar dute. Euskadiren garapen iraunkorrerako hamazazpi helburu jarri behar genituzke. Aurten aldaketa urtea da, hemen eta estatuan. Alderdi politikoei bidaliko diegu gure adierazpena, gobernu berriek kontuan har dezaten. Eusko Jaurlaritzak zer esan handia du. NBEren xedeak ez dira estatuek dituzten eskumenekin lortzen, baizik eta tokiko eta udal erakundeek dituztenekin.

Erantzukizuna gobernuena da?

Herritarrak eta gizarte eragileak giltzarri dira. Gobernuek euren lana egiten dutela bermatu behar dute; gertutik zaindu, eta, oker doazela ikusiz gero, bandera gorria atera eta zuzentzeko eskatu. NBEk enpresa pribatuez ere egiten du berba. Haiek ere badute agenda betetzeko ardura. Baina ez erantzukizun soziala: nik badut nire negozio estrategia, eta gero aparte nire diruarekin elkartasun proiektuak finantzatzen ditut; hori ez. NBEren 2030 Agendak erabateko eragina izan behar du enpresetan, haien lanean, hornitzaileekin eta langileekin dituzten erlazioetan. Badakit asko eskatzen ari garela, baina, era berean, badakigu horrela ez bada egiten ez dugula ezer lortuko.

Zelan lor daiteke aldaketa hori?

Orain, NBEk ez du enpresen jarduna aldatzeko mekanismorik. Baina enpresek legea bete behar dute. Beraz, legeek borondate ona baino gehiago eska dezatela lor dezakegu. Badakigu oso zaila dela. Askotan, enpresak eta gizartea muturreko jarreretan egon gara. Gizartearentzat enpresak gaiztoak dira, eta gu haientzat ere bai. Elkar ulertzeko, bestearen premiak ezagutzeko ahalegina egin beharko dugu, elkarrekin bide bat eraikitzeko.

Eta hori guztia 2030aren aurretik. Lortzeko modukoa al da?

Batzuen ustez, agenda anbiziotsua da; besteen ustez, kontrakoa. Bi aldeetatik kritika jasotzen duzunean, nolabait, erdian zauden seinale. Helburuak lortu ditugun neurtu beharko dugu epeka. Orain ari dira estatuak hori neurtzeko irizpideak zehazten. Helburuak literatura dira; irizpideak, berriz, zenbakiak dira, eta horiek adostea ez da hain erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.