Hiztegi kolpea

Dozenaka hitz politikoren adierak aldatuko ditu Espainiako Errege Akademiak aurki. Naziotasuna, subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidearekin lotutakoak dira asko, eta zentzu murriztaileagoa izango dute. Erabakitze prozesuak baldintza ditzaketela ohartarazi dute gaia landu duten filologoek.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Espainiako Errege Akademia hiztegi berria kaleratzear da; hamar bat mila moldaketa edo adiera berri jasoko ditu urrian paperean argitaratuko den hiztegi berriak. Aldaketak «hiztegia aberasteko, modernizatzeko eta koherenteago egiteko» egin dituela adierazi du akademiak, baina guztiak ez dira hizkuntzaren egokitzapen akademiko soilak. Karga politiko nabarmena dute horietako askok; bereziki, nazionalismoekin, galdeketekin eta burujabetzekin lotutako hitzen adiera berriek.

Ez da kasualitatea, moldaketen bultzada ideologikoaz ohartarazi duten hizkuntzalarien ustez. Are gutxiago, hiztegia urrian kaleratuko dela eta Katalunian independentziari buruzko galdeketa azarorako iragarrita dagoela kontuan hartuta. Burujabetzari begirako prozesuak mozteko eta galdeketak saihesteko saio gisa ere ulertzen dute ikerlariek. Aurrera begira mugak jartzekoa.

Silvia Senz eta Montse Alberte filologoek piztu dute, besteak beste, alarma. Akademia hiztegi berrirako proposatzen ari zen aldaketak aztertzen hasi, eta ezustekoa hartu zuten. Zenbat eta proposamenetan gehiago murgildu, orduan eta gehiago larritu ziren. Sakon aztertzeari ekin zioten, eta kutsu politiko eta juridikoa izan dezaketen hitzen gaineko ikerketa sakona egin dute. Hiztegi berria argitaratzen denean argitaratuko dute azterketa bi hizkuntzalari katalanek, ordura arte ezin baita egiaztatu akademiak bere web orrian aurreratutako proposamenak bere horretan mamituko dituen edo ez. Edonola ere, ikusi dutenarekin kezkatuta, aspaldi hasi ziren zetorrenaz ohartarazi eta abisuak ematen.

Senzek argi du ikusi dutena: «Espainiako Errege Akademia Hizkuntza erabiltzen ari da Espainiaren batasuna blindatzeko». Akademiak uste baino ahalmen handiagoa duela dio, gainera. Auzitegien erabakiak baldintzatu ere egin ditzakeela. Harrigarria dirudien arren, sinplea da azalpena: «Auzitegiek Espainiako Errege Akademiaren Hiztegia erabiltzen dute legea interpretatzeko, interpretazio literala egiteko».

EHUn Zuzenbide Konstituzionalaren irakasle den Iñaki Lasagabaster katedradunak baieztatu digu auzitegiek eta legelariek hiztegiak erabiltzen dituztela interpretazioak egin eta erabakiak hartzeko. Ez beti. Eta ez da arlo juridikoa interpretatzeko modu bakarra ere. Baina bai ohikoa eta garrantzitsua. «Sistema gramatikala arlo juridikoa interpretatzeko lau sistema klasikoetako bat da; ez bakarra, baina oso garrantzitsua. Hiztegiak adiera bati buruz zer esaten duen ikustea da sistema gramatikala». Espainiako Errege Akademiaren hiztegia da arlo juridikoa interpretatzeko Espainiako auzitegietan erabiltzen dena.

Hortaz, aldaketekin «adi» egon beharra plazaratu du, arriskua egon badagoela seguru dagoelako. «Arriskutsua da eztabaidagarri diren hitzei zentzu zehatza ematea, erabilera ideologikoa ematen zaielako». Historiaren Errege Akademiak azkenaldian egin dituenak ikusita, gauza onik ez du espero katedradunak.

Ezkutuko esanahia

Azken uneko ezustekorik ezean, hiztegi berriak jasoko dituen moldaketa gehienek, sinpleak dirudite lehen begi kolpean; aldaketa ñimiñoak, garrantzirik gabekoak. Baina dirudiena baino esanahi sakonagoa gordetzen dute; baldintzatzaile edo erabakigarri izan daitezkeen zehaztapenak. Horietako batzuek eragin zer eragin dezaketen azalduta kontatu dio Senzek BERRIAri bere salaketaren nondik norakoa.

Autodeterminazio hitzari buruzko moldaketa txikia jarri du adibide. 2001etik indarrean dagoen adierak dio «lurralde unitate bateko biztanleek» bere etorkizun politikoari buruz hartutako erabakia dela autodeterminazioa. Hiztegi berria argitaratzen denean, «lurralde jakin bateko herritarrek» erabakitzea izango da. Herritar hitza txertatu zaio adierazpideari.

Egun, «eskubide politikoen jabe den eta horiek gauzatuta herriaren gobernuan parte hartzen duen biztanlea» da herritarra, akademiaren hiztegiaren hitzetan. Urritik aurrera, «Estatu bateko kide aktibotzat jotzen den eta bere legeen menpe dagoen pertsona» izango da herritarra. Alegia, autodeterminatzeko eskubidea izango dute Estatu bateko eskubide osoko hiritarrek.

Kataluniako Gobernua lantzen ari den galdeketaren hartzaileak Katalunian bizi diren herritarrak dira, eta udal errolda proposatzen ari da oinarritzat. Akademiaren hiztegi berriak, autodeterminatzeko eskubidetik kanpo uzten ditu herriko errolda oinarri dutenak.

Subiranotasunari dagokion atalean, nazio subiranotasuna hiztegitik kanporatuko du berriak. Hau da oraindik duen definizioa: «Zuzenbide politikoko zenbait teoriaren arabera, herriari dagokiona da, eta suposatzen da estatuaren botere guztiak jariatzen dituela». Adiera hori desagertu egingo da hiztegi berrian, eta subiranotasuna zer den azaltzean «botere politiko gorena» estatuari dagokiola zehaztuko du.

Herri galdeketa adiera berri gisa txertatuko du hiztegiak, erreferendum hitzarekin berdintzeko. Espainiako lege eta jurisprudentziak baino haratago doa, beraz, horiek bereizi egiten baitituzte bi adierak.

Kataluniako prozesuari zuzenean eragiten dio atal horrek ere. Galdeketaren aurkako helegiteetan, erreferenduma egitea Konstituzioaren aurkakoa litzatekeela argudiatu zuten Espainiako legelariek; herri galdeketa, berriz, ez zuten Konstituzioaren kontrakotzat jo, hasieran. Katalunia hargatik ari da bide hori jorratzen.

Plebiszituari dagokion azalpenetik subiranotasunaren aipamena ezabatuko du hiztegi berriak. Hain juxtu, autodeterminazioari buruzko galdeketa egiteko aukerarik ezean, hauteskundeak deitu eta programa bakartzat Kataluniaren independentzia aurkeztea da Kataluniako Gobernuak mahai gainean duen aukeretako bat. Hauteskunde horien izaera plebiszitarioa izango litzateke. Hiztegi berriaren definizioak aukera horren aurka egiten du.

Alarma egoera, salbuespen egoera, gerra egoera eta setio egoerarekin urritik aurrera hiztegiak egingo duen jokoa bitxia da. Espainiako Konstituzioak berak egiten duen interpretazioa baino hertsiagoa egiten du hiztegiak: «Estatuaren subiranotasunaren edo independentziaren aurkako eraso bat gertatuz gero» Espainiako Parlamentuak setio egoera ezar dezakeela jasotzen du. «Horrela, nahi dutenean ezar dezakete setio egoera», dio Senzek.

Ekonomiarekin eta gizarte ereduarekin lotutako hainbat hitzen definizioak ere aldatuko ditu hiztegiak, joera neoliberal argiarekin. Bankuei, iruzurrari edo diru beltzari emango zaien trataera ikusi besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.