Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Lehengo murruak oraingo zubiak eraikitzeko

2016ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hamarkada luzeegietan jasandako elkarbizitza —edo ezinbizi— makurra erabat gaiztotu zen 2.000. urtean ETAk, bonba auto baten bitartez, Buesa sailburua eta Diez bizkartzaina hil zituenean. Egun furfuriatsu haietako batean, joan Gasteizko abenidako kiosko batera gero dinamitatuko zutenEgunkaria erostera, eta saltzaileak itxaroteko esan zidan; eta noizbait ere bakarrean geratu ginelarik, ezker-eskuin begiratu, eta, ezkutuka, mahaipean gordetako kazeten multzotik Kalea bigarren eskukoen publizitate aldizkaria eskaini zidan. Bat: saltzaileak ez zuen sosik irabazteko aukera inondik inora galdu nahi; eta bi: euskal kutsua zuen guztia gauza bat eta bera zitzaion eta, batik bat, susmagarria zen, izan Egunkaria, izan lehendik itxitako Eginaren ondoko Gara, izan Kalea, izan Geu

Halakoxe giro eta nahasmendutik, ezin bada gehiegi harritu joan den astean Txema Arinasek Elkarri bizkarra emanda? artikuluan salatzen zuen errealitatearekin: gurean, gaztelaniaz idazten duten idazleek bizkarra ematen diote euskal kulturari. Zentzu horretan, Gema Zabaleta sozialistaren adierazpenak ekarri zituen hizpidera: «Erdal kulturaren pisua hain da handia, modu batean zapaldu egiten du euskal kultura». Hala ere, ezin uka eremu labaina dugula honakoa, manipulazioak eta intoxikazioak kutsatua, eta, eraso hutsean gaixotzeraino tematu diren idazleen antzera —Jon Juaristi, Joseba Arregi, Fernando Savater…—, izan direla zubigintzan aritu diren gaztelaniazko idazleak —Alfonso Sastre, Pedro Ugarte, Eli Tolaretxipi…—; ezin uka euskal kultura bera ere sarritan gaztelaniaz ikertu eta zabaldu izan dela —Julio Caro Baroja, Juan Garmendia Larrañaga, Teresa del Valle…

Edonola ere, niri askoz deigarriagoa eta deitoragarriagoa zait espainiar erresumako politikagintzak, politikoki errentagarriagoa izan zitekeen integrazioa bultzatu beharrean, kultura ttikiekiko erakutsi duen axolagabekeria eta mespretxu kronikoa. Hori dela eta, gaur egun ez da batere sinesgarria Ciudadanos alderdiak Andaluzian estatuko hizkuntza ofizialak irakaskuntza arautuan sartu nahi izatea eta hizkuntza eskoletan eskaintzea; batez ere, Valentzian aldi berean esaten ari denean «murgiltze linguistikoak, funtsean, atzera herrixkara —aldea— garamatzala». Esanguratsua da, baina Salamancako edo Cordobako jendeak sekula ez du entzun kantu bat euskaraz; exotismo hutsagatik bada ere, egundo ez du ikasi nola osatzen den euskarazko esaldirik ñimiñoena… Horrexegatik guztiagatik, hamarkada luzeegion ondotik, ezin ulergarriagoa zait kultura minorizatuotan errotu den desatxikimendua.

Horrekin batera, beste bi gertakari ere nabarmendu nahi nituzke. Alde batera, Espainian jarraiturik, Ignacio Echeverriak maiz nabarmendu du espainiar kulturak Hego Amerikako sortzaileekiko erakutsi izan duen papanatismoa (sic) eta utzikeria zorigaiztokoa; salatu ere izan du Argentinako Alfaguaran argitaratzen duten idazle argentinarrek gero estatuan duten argitaratu ezina. Baina, bestera, eta gurera itzulirik, Anjel Lertxundik ere bat egin zuen, oro har, Arinasen deskribapen tamalgarriarekin, baina guztiz oharpen pertinentea erantsi zion: «elkarri bizkarri emanda bizi gara, baina ez bakarrik euskaldunak eta erdaldunak, bai baitaude euskaldunen faunan ere, eta ugari, euskaradun peto askoak izan arren, erdaldun poto totalak kulturalki. Tartean, eskola-ikastoletatik pasatutako dezente».

Bai, inondik ere eremu labaina da, baina gutxienez konplexu bezain interesgarria. Eta aztertzekoa litzateke euskal argitaletxeek eta idazleek beraiek azken urteotan erakutsitako bilakaera, eta ez naiz soilik ari apika azken kasurik nabarmenenei buruz (Jon Arretxe eta Toti Mtnez Lezearen nobelak aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz eskaini ziren Durangon). Ez oso aspaldi, hautsak harrotu zituen Xabier Silveira bertsolariak A las ocho en el bule nobela gaztelaniaz idatzi izanak; gero, normalagoa iruditu zitzaigun Mariasun Landak La fiesta en la habitación de al lado gaztelaniaz argitaratzea (Festa aldameneko gelan, Jesus Mari Lasaren itz.); geroago, ez zen guztiz argi geratu gaztelaniazko entseguko azken Euskadi Saria —Vieja luna de Bilbao, alegia— Joseba Zulaikak hizkuntza horretan edo ingelesez idatzi ote zuen; eta Itxaro Bordak oraintsu,frantsesezko izenburu hutsarekin, Ultimes déchets nobela argitaratu du: liburu berean euskarazko originala eta frantsesezko itzulpena batuz. Azken nobela honi buruz Katixa Dolhare-Zaldunbide zutabekideak ironiaz zioen: «euskal literaturaren noblezia sakrifikatu duke».

Irudipena dut, azken hamarkada luzeegiotako ilunaldi odoltsua igarotakoan, gure euskal-erdal kulturan oraindik ere halako hibernazio edo impasse egoeran gaudela, eta Iban Zalduak Obabatiko tranbia lanean aspalditxo eskatu bezala, askatasun linguistiko zein ideologikoaren aldarria egin beharra dagoela, betiere kulturak eraiki beharko lituzkeen zubietatik eta begirunetik. Horrexegatik, ederrak dira egunotako Gema Zabaletaren hitzok ere: «Altxor bat da euskara. Niretzat aurkikuntza ikaragarria izan da ikastea. Nik orain deskubritu ditut euskal kultura, literatura, musika, dena. Aldi berean, nire nortasuna ere deskubritu dut, nolabait. Barnetegian ikasten duguna ez da soilik hizkuntza bat; Euskal Herriko nortasuna ere ikasten dugu, eta horrek izugarrizko garrantzia du. Irakasleek maitasun handia jartzen dute, eta monumentu bat egin beharko genieke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.