ANALISIA

Hauspo berria oposizio zaharrari

Ion Orzaiz.
2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bost egun. Besterik ez da falta Iruñeko haur eskoletako matrikulazio kanpaina hasteko. Testuinguru horretan, prozesuan distortsioa eragin dezakeen ebazpen bat argitaratzea erabaki du Iruñeko epaile batek, bi haur eskolatan euskarazko eredua ezartzea legez kanpokotzat jota. Magistratua ezaguna da Iruñean, gainera: haur eskoletako aldaketen aurka jo zuen iaz ere, matrikulazioa bera kolokan utzita.

Oraingo erabakia ez da betearazlea, eta, beraz, ez du ondorio praktikorik izanen udalaren eskaintzan, ezta euskarazko hezkuntzaren garapenean ere. Albo kalteak, ordea, itzelak izan litezke: albistea bolo-bolo dabil dagoeneko Iruñeko gurasoen kuadrilla eta Whatsapp taldeetan, eta, epaiak oinarri juridikorik ez duela frogatuko balitz ere —horixe diote Iruñeko Udalaren zerbitzu juridikoek—, zalantzaren hazia dagoeneko ereinda dago haurrak euskarazko haur eskola batean matrikulatzekotan ziren iruindar askoren artean.

Aurretik idatzitako gidoi bat interpretatzen ariko balira bezala, epaiaren ondotik heldu ziren UPNren eta PSNren oharrak ere —13:15ean bata, 13:45ean bestea—. Bietan ala bietan, adjektibo bertsuekin gatzpipertutako mezu apokaliptikoa: kaosa, ezinegona, inposizioa, [erdaldunekiko] diskriminazioa... Gurasoek izan ditzaketen kezkak areagotzeko, gainera, heldu den matrikulazio kanpaina eta ikasturtea bera «kolokan» egon daitezkeela azpimarratzen dute bi idazkiek. Zuhurtziagatik, hautatu betikoa, gaztelaniazkoa. Hori da oposizioaren diskurtsoetatik atera daitekeen irakaspen nagusia. Tesi zahar horri hauspo berria eman dio Iruñeko Administrazio Auzietarako Epaitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.