Rigoberta Menchu Tum. Bakearen Nobel sariduna eta giza eskubideen ekintzailea

«Giza miseria eta munduko miseria batera doaz; dena zipriztintzen du»

Ama lurra zaindu egin behar dela ohartaraztera etorri da Euskal Herrira Rigoberta Menchu: «Maia herriaren bizimoduaren oinarria da lurra, eta horretaz ohartzen garenean, gehiago babestuko dugu».

Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun

Guatemalak zuhaitz askoren lekua esan nahi du nahuatl hizkuntzan. Hantxe jaio zen Rigoberta Menchu Tum (Uspantan, Guatemala, 1959). Quiche departamentuko alaba da. Zuhaitzen abaroan bizi zen komunitate bateko alaba. Vicente Menchu eta Juana Tumen alaba. Nekazaria aita eta emagina ama. Indigenak. Maiak. Lurraren ekintzaileak. Zuhaitzen ekintzaileak. Herri indigenen ekintzaileak. Horregatik hil zituzten. Eta horregatik hartu zuen alabak arbasoen lekukoa. Me llamo Rigoberta Menchu y así nació mi conciencia (Rigoberta Menchu izena dut, eta halaxe piztu zitzaidan kontzientzia) liburuan kontatzen du. «Txikitatik ezagutu dut injustizia, bazterketa, pobrezia. 5 urterekin hasi nintzen kafea biltzen. Gero, jazarpen politikoa eta erbestea ezagutu nituen. Nire borrokagatik».

Oslora bidean egin du geldialdia Euskal Herrian. Hiri horretan eman zioten, 1992an, Bakearen Nobel saria. Eta Norvegiara gonbidatu dute berriz ere, aurtengo ekitaldira, saria jaso eta 25 urtera. Justizia sozialaren, lurraren eta indigenen eskubideen aldeko borrokagatik egin zioten aitorpena, eta horregatik ere gonbidatu du Donostiara Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gure Lurra. Sembrando futuro topaketan parte hartuko du gaur, landa eremuko esperientziak partekatzeko.

Baserri batean izan ostean egin dio tartea BERRIAri. «Esperientzia zoragarria izan da, ederra. Maia herriarentzat lurraren dimentsioa oso handia da, gure parte bat da, gure existentziaren oinarria, eta baserrietan ere lotura hori ikusten da. 400 ardi ikusi ditugu. Eta izugarria izan da. Zoratuta egon naiz».

Bere esanetik abiatuta osatu du elkarrizketa.

«Ama lurra zaindu eta babestu beharra dago, gure seme-alabek eta bilobek segi dezaten haren onurez gozatzen».

Hemen egotearen arrazoia hain zuzen gure lurrak duen garrantziaz arreta deitzea da. Zaindu egin behar dugu ama lurra, eta, aldi berean, ekoizleak, nekazariak, lurretik bizi direnak, lurraren langileak, lurra lantzen dutenak. Oso inportanteak dira, azken batean, jaten duguna hortik dator. Euskal Herrian bide horretan lanean ari zarete, baina oraindik lan handia egin beharra dago lurraren garrantziaz ohartarazteko. Landa eremua ez da pobrezia iturri, baizik eta aberastasun iturri. Ama lurrarekin kontaktuan bizitzeak bizi kalitatea dakar, zorion iturri bat da. Maia herriaren bizimoduaren oinarria da lurra, eta hori da helarazi nahi duguna, horretaz ohartzen garenean, gehiago babestuko ditugu baserritarrak eta lehen sektoreko ekoizleak. Jaten duguna lurretik dator eta jaten ditugun elikagaiak kimikoak ez izatea bermatu behar dugu.

«Ama lurrak ez digu ematen jateko artoa soilik: beste milaka gauza ere ematen dizkigu».

Gizarte moderno batean bizi gara, baina nik uste dut gero eta gehiago begiratzen diogula berriz garai bateko bizimoduari, zientziaren eta hezkuntzaren mundutik berriro ari dira begirada landa eremura jiratzen, ez landa eremua arpilatzeko eta ikertzeko, orain arte egin den bezala, baizik eta lurra gozatzeko eta bizitzeko. Akademiaren mundua urrundu egin da benetako bizimoduez, teorizatu egiten da, eta teoria ona dela uste dut, baina praktika beti da hobeagoa. Lurra ez da testu batean ikasten, bertatik bertara ikasten da, lurra ukitzen, bizitzen eta lantzen. Kalitatea ere ematen digu lurrak. Aholku bat ematen dut beti; ez dezagun gure lurra saldu, ez transnazionalei, ez eraikitzaileei, ez inori. Lurra izugarri garestitzen ari da, eta herritar xumeen eskuetan egoteari uzten dion egunean gogoratuko gara gure aiton-amonak lur horien jabeak zirela, eta jada ez daukagula deus.

«Guri, maia herrikooi, txiki-txikitatik erakusten digute sekula ez dela hartu behar bizitzeko behar dena baino gehiago».

Gizaki guztiok egunerokoan praktikatu beharko genukeen apaltasunaz eta umiltasunaz ari naiz. Gure bizitzaren helburua zoriontsu izatea da, eta horretarako ondo erabili behar ditugu gure bizitzak. Gure denbora tartea laburra da, eta ondo erabili behar dugu denbora ere, zentzu bat eman behar diogu bizitzari, zertara etorri garen jakin, eta horrela bizitzaren handitasunaz gozatuko dugu. Gauzak pilatzeko joera horrek ez digu bide horretan laguntzen, kreditu txartela edukitzeak ez gaitu zoriontsu egiten, natura arpilatzeak desorekak sortzen ditu, monopolio horiekin amaitu beharra daukagu. Ez du denak balio. Aski daukagunarekin moldatzea ustelkeriaren kontrako mezu bat ere bada, zeren gaur-gaurkoz ustelkeria mundu epidemia bat da, dirua ez da dena, eta politikariek ahaztu egiten dute gizartearen zerbitzura daudela. Ideia hori galdu da. Aiton-amonek erakutsitakoa ahazten ari zaigu; ez dela lapurra izan behar, ez dela ustela izan behar, ez dela handinahia izan behar, ez dela harroa izan behar... Umiltasuna behar dugu bizitzeko. Dena ez da gurea. Ez dut uste mundu honetako gizaki aberatsena mundu honetako gizaki zoriontsuena denik. Oinarrizko gauzekin ondo bizi gaitezke, hori da indigenon jakinduria, eta munduak asko dauka ikasteko horretatik. Bestearen lekuan jartzen ikasi behar dugu.

«Bakea ez da gerrarik ez izate hutsa. Pobrezia, arrazakeria, diskriminazioa eta bazterketa dauden bitartean, nekez lortuko dugu mundua bakean egotea».

Zikloak errepikatu egiten dira. Mundua krudela da, isolatuta bizi gara, depresioak jota, etsita, gainbeheran gaude, zentzu guztietan, eta oso tristea da, gure lekua aurkitzea kostatzen zaigu, eta batzuetan etsigarria da, baina borrokatu egin behar dugu. Egun batean nire buruari esan nion: 'Ez naiz biktima bat izango'. Kontzientzia behar da. Nik ikasi dut ez nagoela hemen mundua aldatzeko. Ikasi dut nagoen espazioan eragitera. Hor ekarpen bat egin badezaket, irmotasun osoz arituko naiz, baina jakinda ezin dela planeta honetako zazpi mila milioi lagunen norabidea aldatu, norabide hori norberak aldatu behar du, bakoitzak bere eremuan eragiten. Gutako bakoitzak dauka zeregin hori. Ez galdetu besteari ea zer egin dezakeeen zugatik, galdetuiozu zure buruari ea zer egin dezakezun zuk zuregatik. Askotan galdetu izan diot nire buruari: «Zerbait aldatu egin dut edo ni neu naiz aldatu behar naizena».

«Mundu hau ez da aldatuko gu geu aldatu ezean».

Hala da. Gure jarrera da gakoa, gure jarrera bizitzaren eremu guztietan, eta jarrera norberaren eskuetan dago, ez dauka beste inoren esku, izan pobreak edo izan aberatsak... Gu geu gara erantzule bakarrak. Gurea da erabakia. Beti. Ez beste inorena. Gure aiton amonek esaten ziguten amaren sabelean geundenetik hasten ginela erabakiak hartzen, umetokian, ilargiari eta lurraren uteroari esker. Erantzukizuna hartu behar dugu. Maia herriak, denborarekin jolasean, bizitzarako zientzia bat egin zuen, bizitzeko zientzia bat, eta ez soilik pentsatzeko zientzia bat, arazoa da gaur egun gehiegi pentsatzen dugula eta ez garela bizi, eta zerbait gertatzen zaigunean besteak egiten ditugula erantzule.

«Sari hau ez dut aitorpen pertsonaltzat hartzen, baizik eta 500 urtez genozidioa, jazarpena eta bazterketa sufritu dituzten herri indigenek bakearen eta giza eskubideen alde egindako borrokaren konkista bat bezala».

Oraindik ere oso agerikoak dira gertakari haren ondorioak: desoreka sozialak handiak dira, aniztasuna mespretxatzen dugu, hizkuntza indigenak baztertzen ditugu, gure arbasoen jakinduria ukatzen dugu, jazarpena bizi dugu, arrazakeria, intolerantzia, eta esan beharra dago oraindik ere esklabotza dagoela; gaur egungo esklabotza ez da soilik iraganeko ondorio bat, baizik eta gizarte garaikidearen ezaugarri bat. Ezin diogu errua soilik iraganari bota, eskemak errepikatzen ari gara, eta indarkeria da horren erakusle. Mendeak izan ditugu eskema hori aldatzeko eta gure erantzukizuna da aldatzea.

«Miseriaren eta gizarte berdintasunik ezaren alaba naiz; marjinazioaren erakusgarri bat naiz, maia izateagatik eta emakumea izateagatik. Bizirik atera naiz genozidiotik eta krudelkeriatik».

Bai. Emakume izatea eta maia izatea. Bitan zaude baztertuta. Baina ari gara aurrera egiten, parte hartzen ari gara, gure nortasuna galdu gabe, gure hizkuntza eta gure nortasuna eta kultura galdu gabe. Harro nago emakume horietaz. Ez soilik Guatemalan. Kontinente osoaz ari naiz. Baina egia da asko dagoela egiteko eta emakume asko eta asko marginatuta bizi direla, ama eta aita dira aldi berean, eta arazo itzelak dituztela, lurren faltagatik, baliabideen faltagatik, immigrazioagatik... Feminizidioak daude ere. Guatemalan 500 emakume hiltzen dituzte urtean. Babestu egin behar dira emakume hauek, duintasunez bizi ahal izateko. Beraz pobrezia, bazterketa, miseriaren kontrako borroka ez da amaitu. Giza miseria eta munduko miseria batera doaz; dena zipriztintzen du. Emakumearen kontrako indarkeria, gerra, dena da giza miseria horren ondorio. Lan asko dago gizakia gizaki bihurtzeko, gizakia humanizatzeko. Eta emakumeak emakume izateari utzi gabe jardun behar dugu.

«Demokrazia ez da behin lortu eta gero beste helburu batzuei lotzeko modua ematen dizun jomuga bat; demokrazia, aitzitik, herritarrek defendatzen dutenean baino irauten ez duen egoera bat da».

Bai. Katalunian ikusi dugu. Latinoamerikan edo Afrikan ohikoak diren irudiak ikusi ditugu Katalunian. Mundu guztiak ikusi zuen indarkeria salatu dut. Niri zirrara eragin zidan, eta zirrara sentitu ez zuena da ez duelako ezer ulertzen. Hori ez da bidea. Bidea da elkarrizketa, negoziazioa, bestea entzutea, bestearen lekuan jartzea, errespetua, duintasuna... Kataluniakoari irtenbide politikoa eman behar zaio, eta uste dut katalanek gaitasun demokratikoa dutela irtenbide propio bat aurkitzeko. Hori da praktikatu behar duguna. Ezin dena da indarkeria onartu, dagoen lekuan dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.