Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Ziurgabetasuna gobernatzen

Bezperan zabaldutakoaz beste, galdeketa azaroaren 9an egingo dutela berretsi du Kataluniako Gobernuak.CUPen ustez, ERCk CiUren gobernuan sartu behar luke orain

Artur Mas Kataluniako presidentea, Ara es l'hora kanpainaren ordezkariekin. ROBIN TOWNSEND / EFE.
Samara Velte.
2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Egun batean bale, hurrengoan kale dabil Kataluniako Gobernua. Herenegun, galdeketaren berme demokratikoei buruzko zalantzak agertu zituen Francesc Homs-ek, eta atzo, berriz, erabat ziur mintzo zen: «Adostutako bideari jarraituko diogu». Aipamenik ere ez bezperan esandakoari, inork urriaren 15era bitarteko epea iragarri ez balu bezala galdeketarekin zer egin erabakitzeko. Atzoko Kontseilu Betearazlearen bileratik zalantza oro uxatuta agertu zen gobernuko bozeramailea: «Kontsulta bideragarria da, eta azaroaren 9an bozkatuko dugu».

Oraingoz, prestaketei eutsi die gobernuak, eta tramiteetarako epe guztiak luzatu ditu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren behin-behineko debekuak sortutako atzerapenak berdintzeko. Atzerritarrek izena emateko azken eguna atzo zen berez, baina Generalitateak zabalik utzi du erregistroa, eta ez du eperik zehaztu. Azken egunotan hainbat lekutan ilarak sortu direla argudiatu du Homsek: «Ez gara epeak luzatzen ari: herritarren eskaerei erantzuten ari gara».

Udalei ere denbora gehiago eman diete bozkatzeko lekuen zerrenda ofiziala osatzeko. Orain arte, ehunen bat baino ez zituzten berretsi. Hasieran adostutako bide orriaren arabera, igandean argitaratu behar lukete hauteslekuen zerrenda, eta hilaren 17an, boto eskubidea duten herritarrena.

Galderaz betetako 32 egun

Artur Mas presidenteak aitortu du «lurralde ezezagun batean» daudela orain: «Inork ez daki erabat seguru nola amaituko den hau guztia, eta ziurgabetasun hori gobernatzen asmatu beharko dugu». Oraingoz, aurrera doaz beste prestaketak ere: Kataluniako Gobernuak izendatu berri ditu azaroaren 9rako lurralde bakoitzerako jarraipen batzordeak.«Espainiako Gobernuak jarritako oztopoak gainditu beharko ditugu», nabarmendu du Homsek. Madrildik orotariko mehatxuak heltzen ari dira egunotan: Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak gutun bat igorri die galdeketa babestu duten udalei, ohartaraziz Kontsulta Legea etenda dagoela behin-behinean Konstituzio Auzitegiak hari buruzko erabaki bat hartu arte, eta legea haustekotan daudela. Ciutadans alderdiak, berriz, ANC Biltzar Nazional Katalana eta Omnium Cultural erakundeek bultzatutako herri kanpainabertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari.

Alderdi subiranisten artean, fronte sendoa osatzeko beharra nabaritzen dute. ERCk irmo babestu du CiUren konpromisoa, eta CUPek ere, lehenbiziko aldiz, gobernuan sartzeko eskatu dio parlamentuko bigarren indarrari, prozesua babeste aldera. «ERCk posizio nagusia du inkestetan, eta CiUrekin sinatutako egonkortasun itunak ardura batzuk hartzera behartzen du», azaldu du Quim Arrufat diputatuak. CiUk, baina, ez du beharrezko ikusten, Jordi Turull bozeramailearen hitzetan, «jada babestuta» baitago azaroaren 9a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.