Abiapuntua baino ez

Lekualdatutako 21 etorkinei babes eta elkartasun beroa eman zieten atzo Baionako geltokian. Pauera igorri dituzte, PRADA zentrora, eta hortik Italiara joateko arriskua dute. Baionan pasatutako hilabeteak ez dituzte erraz ahaztuko.

Herritarren babes zabala jaso zuten atzo Baionako geltokian Pauerako bidea hartu zuten etorkinek. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Egun tristea, bereziki emozioz beteriko eguna. Baina ikusi dugu, eta ikusten dute, hori da garrantzitsuena, sinesten dutela erraten dugunean hau borroka baten abiapuntu bat dela bakarrik. Gu kemenez beterik gara, eta hori ulertu dute, borroka hori irabaziko dugula. Hori sinetsi behar dugu». Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramaileak laburbildu zuen hitz gutxitan atzo goizeko egoera. Irail erditsuan CAO Baionako harrera eta orientazio zentroan hartu zituzten Sudan, Somalia eta Eritreako 25 lagun, eta atzo Baiona utzi eta Paueko bidea hartu zuten horietarik 21ek, Dublingo Ituna ezarri ondoren.

Baionako geltokian 200 bat lagun elkartu ziren atzo, dublindutakoei babesa ematera. Denak solidario emigranteekin eta Etorkinak. Aldaketa bat gure herrialdearentzat bezalako mezuak irakur zitezkeen jendearen petoetan, pankartetan eta eskuorrietan. Denek argi zuten zein zen etorkinei eman eta helarazi behar zieten mezua: «Zuekin gaude». Emozioek berehala hartu zuten protagonismoa, etorkinak zetozen furgonetak etorritakoan. Txalapartaren ttan-ttakun doinuak atzean, besarkadak, esku zartak, irriak eta malkoak ez ziren gutxi izan. Denbora aurrera zihoan, ordea, eta trena laster iristekotan zen. Aurreskuaren agur dantzatua jaso eta gero, harrabots tartean sartu ziren bertan bildutakoak tren geltokira.

Giroa bero-bero, «errefuxiatuak gurekin» ozen oihukatu zuen behin eta berriz jendeak. Trena espero baino beranduago iritsi zen, hark ere elkartasuna adierazi nahi izan balu bezala. Eta atzerapen horrek une gogoangarriak utzi zituen. Mikel Laboaren Txoriak txori abestia kantatzen hasi zenean jendea, etorkin batek mikrofonoa hartu eta kantuaren errepika aski ongi abestu zuen, frantsesa ez ezik, euskara ere zertxobait ikasi dutela erakutsiz. Beste etorkin batek ere hartu zuen hitza itxaron tarte horretan: «Errefuxiatu gisa etorri gara, baina hemen pertsonak garela sentitu dugu. Ez dut gehiago esateko, salbu mila esker, mila esker, mila esker».

Ezin gehiago luzatu eta trenaren txistuak Baiona uzteko ordua zela jakinarazi zuen. Paueko bidea hartuta, geltokian bildutakoak Denak emigranteekin zioen pankartaren atzean jarri eta suprefeturara joan ziren, Dublingo Ituna salatzeko.

«Horientzat biziki zaila da, pasatu izan dutena Italian harrigarria izan da: Poliziaren jazarpena, jendearen errespeturik eza, bazterketa... Beraz, ez dute hori berriz pasatu nahi, eta, Italiara igorriak badira, badakigu arras ongi gero Libiarat eramanen dituztela, Italiak ez baitu onartzen, edo oso oso gutxi, babes estatusa», adierazi zuen Elkarrekin kolektiboko bozeramaileak. Izan ere, Dublingo Ituna dela eta, errefuxiatuek lehen zangoa jartzen duten herrialdean soilik eska dezakete asiloa.

Etorkizun ezezaguna

Paueko PRADA zentroa Dublingo Ituna kasua dutenentzat berezitua da. Haren eginkizuna babesa eskatzen duen jendea hartzea da, baina bertako bizi baldintzak eta baldintza materialak «onartezinak» direla salatu du Etorkinekin kolektiboak. «Lekutze bortxatu horrek ekarriko du Baionako zentroan dozenaka langile eta boluntariorekin sortutako lokarrien bukaera mingarria», adierazi du kolektiboak.

Hamahiru asteetan pertsona moduan «zutik» jarri direla nabarmendu du Pantxika Ibarburu Atherbea elkarteko kideak. Elkarte horrek kudeatzen du etorkinak egon diren —oraindik ere beste batzuk badaude— Baionako AFPA zentroan ireki zuten atsedengunea. «Hilabete hauek biziki ongi pasatu dira; hori guk espero genuen bezala izan da. Talde biziki goxoa da», esan du. Baionan izan diren tarte horretan tokiak ezagutzeko irteerak, frantses kurtsoak eta beste hainbat jarduera egin dituzte. «Hemen proposatu zaizkien gauza guztien alde egin dute. Elkarbizitza biziki ederra izan da», azaldu du Ibarburuk.

Atherbeako kideak kontatu du hiru helburu zituztela AFPAko atsedengunea ireki zutenean: «Jendea aterpetzea zen lehenengoa, pausatu ahal izateko eta bizi berri baten erritmoa hartzeko. Horrez gain, lehen lehentasuna izan da euren osasuna aztertzea. Bigarrena haien egoera administratiboa aztertzea zen, haien ibilbidean zein puntutan diren ikusi eta beste. Eta hirugarrena, zentro horren kari hainbat boluntariorekin eta profesionalekin, besteak beste, dinamika sozial bat sortzea, hemengo ingurumenean harremanak sortzea eta haien bakartasunetik ateratzea».

Lehen eta hirugarren helburuak bete dituzte, baina bigarrenatrabatuta dago, administrazioarena. «PRADAn haien babes eskaera ez da eginen, eta segur aski Italiara igorriak izanen dira, Italiak haien babes eskaera egiteko, baina badakigu gaur egun Italiak ez dituela baliabideak eta ahalak horretarako. Horregatik, gerta daiteke karrikan gelditzea, babesik gabe eta babes eskaera egiteko ahalik gabe», azaldu du Ibarburuk. Etorkinei buruzko legeak maiz aldatzen dira, haren esanetan, eta, hori dela medio, askotan zaila da gauzak aurreikustea.

Joan den ostiralean Eguberriko festa ospatu zuten AFPA zentroan. Dublinduak izango zirela jakin aurretik antolatu zuten festa hori, baina, albistea jakinda, agurtzeko ekitaldi ere bihurtu zuten. Giro lasai eta goxoan ziren denak, baita Fayeg Sudandik etorritako errefuxiatu gaztea ere —ez du abizenik eman nahi izan—. Hilabete hauetaz babes sentimendua du: «Biziki kontent naiz, denak gutaz okupatu dira eta ez dugu ezeren faltarik izan». Dublindutako bat da Fayeg, eta etorkizuna nolakoa izango den zaila zaio irudikatzea: «Ez dakit nola pasatuko den; egoera oso zaila da. Hemen jendea ezagutzen hasi garenean, hemengo bizitza egiten, alde egin behar dugu. Hemen egoera egonkor bat aurkitu nahi genuen, baina oraingoz ez da posible».

Irailean etorri ziren 25 horietatik 21i ezarri diete Dublingo Ituna. Hortaz, gainerako laurak AFPA zentroan jarraituko dute oraingoz, legearen prozedura normal batean Atherbeako kideak azaldu duenez: «Haien babes eskaera hemen bideratuko da, eta hemen egonen dira erantzun bat ukan arte. Erantzun baikorra espero dugu, baina gerta daiteke erantzun ezkor bat ukaitea. Kasu horretan paperik gabe bilakatzeko arriskua dute». Baiezkoa lortuta bide luze bat hasi beharko dute, baina babestuak izango dira.

Martxo bukaera arte egongo da AFPA zentroko babesgunea irekita, etorkin gehiago hartzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.