Fredi Paia. Bertsolaria

«Niretzat, amaitu da txapelketen zirkuitua»

Udazkenean abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren fasea, baina Paiak, oraingo txapeldunak, iragarri du ez duela parte hartuko. Aurrerantzean, bertsolaritza proiektu eta egitura berriak sortzeko asmoa du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Nola piztu zitzaizun gogoeta hau?

Konturatu naiz txapelketak ez didala kualitatiboki ezer eskaintzen, ez dela ezer aldatzen. Badago datu bat kontuan hartu beharrekoa, bizkaitarron txapelketa dinamika. Nik 9 urterekin hartu nuen parte lehenengoz bertsolari txapelketa batean, eta orain 35 ditut; tarte horietan guztietan soilik hiru urtetan ez dut parte hartu txapelketaren batean. Datu hori garrantzitsua da zer ondoriotara iritsi naizen ulertzeko. Gogoeta apurka-apurka joan da, baina batez ere orain dela hilabete batzuk egin zuen klak, txapelketari begira pentsatzen hasi nintzenean, zer prestatu, zer berri eskaini... Gogoeta horretan konturatu naiz aurreko txapelketarako ere sekulako lana egin nuela, baina gero... Iaz, 217 saio egin nituen, era guztietakoak, eta horietatik hirutan bakarrik jarri naute bakarka. Sekulako lana egin dut batez ere bakarkakoak lantzeko, baina, azkenean, zer zentzu du horrek? Zentzua du soilik txapela lortzeko ilusioa baduzu, eta nik orain arte izan dut. Ikuspegi akademikotik ere begiratzen nion, titulu bat bezalakoa zen, hainbeste urtetan ia astebururo bertsotan ibili ostean nolabaiteko errekonozimendua. Baneukan ilusio berezi bat. Baina oraingo honetan ez, eta guztiz barrutik diodan gauza bat da. Alde batetik, egoak ez dit eskatzen bigarren txapelik. Badakit berriro txapelketarako prestatuz gero finalaren egunean amaitzen den lana izango litzatekeela, gero ezin dena errealitatera eta astebururoko bertso saioetara eraman. Orduan, erabaki dut ez aurkeztea; energia, bertsotan gauza berriak egiteko gogoa eta ideia pila bat badut, baina txapelketak ez dit balio horiek garatzeko.

Aurreko txapelketan bazenuen bertsokera eraldatzeko erronka, gai existentzialak lantzeko, gai serioei umorez erantzuteko eta abar. Hori landu zenezake orain ere, txapelketa barruan, kanpoan egin beharrean.

Bai, konforme, baina horrek esan nahiko luke nire utzikeria kulturgile bezala. Nik ikusi dut egiturak ez duela ematen estetikoki nik nahi dudana garatzeko, eta kulturgileak ere egitura sortzaileak izan gara beti. Bertsolaritza planteatzeko modu asko daude, baina horretarako egiturak, mugimenduak eta gauza ezberdinak sortu behar dira. Onartzen badugu soilik txapelketa izan daitekeela hori egiteko lekua, gu ere utzikeria ariketa bat egiten gabiltza, mugatzen gabiltzalako gure ekarpena bertsoaren metrika, errima eta ideiara. Bertsolaritzaren historian egon dira gauza interesgarri asko gero bertan behera geratu direnak absortzio gaitasunik egon ez delako. Adibidez, Iparragirre: Iparragirre bertsolari bat izan zen, XIX. mendean gitarrarekin jotzen zuena kalean. Ortodoxiatik oso erantzun bortitza izan zen. Hor dauzkagu Xenpelarren bertsoak: “ni ez nauzu ibiltzen, kantuz dirua biltzen, komeriante moduan...”. Barre egiten zioten. Iparragirrek ez zuen lortu beste ildo bat garatzea, baina nik uste dut bertsolariak ezin garela utzikerian jausi horren aurrean. Baditut ideia asko, Txiki Warhol gogoetan jasoko ditudanak. Kuriosoa izan da: Aizu-n [elkarrizketa] argitaratu zenetik, bi argitaletxe hurbildu zaizkit interesatuta. Lehenengo aldiz nire bizitzan enpresa bat hurbildu zait galdetzera ea alderdi esperimentala zer izango den, eta hor inbertitzeko aukerarik izango den edo ez... Azkenean, kezka eszenikoak dira. Adibidez, argiaren gaia: argiak joko handia du, kolore ezberdinek, beroa edo hotza adierazten dute, hurbiltasuna, tristezia edo alaitasuna adieraz dezake... eta guk bertsolaritzan eszenikoki argia ez dugu ezertarako erabiltzen. Gure alde esan nahi dut, gure kontra bai, ze gehienetan dugu foku zuri bat gure aurpegian, eta ematen du komisarian gaudela. Beraz, adibidez, nola sar dezaket nik esparru bat argiarena landu ahal izateko era iraunkor batean? Txapelketan zentratzen banaiz, aukera kostua izugarria da; ezin dut ia beste ezer egin lau urtetik hirutan.

Bertsolaritzaren egitura egiten duzu zuk egoera horren erantzule. Absortzio gaitasunaz ari zarenean, zer esan nahi duzu?

Xabier Amurizak hitzaren kirol nazional bezala definitu zuen bertsolaritza. Definizio perfektua iruditzen zait, kirol logikatik abiatutako kultur mugimendu bat delako. Leonardo Da Vinci ez dugu txapeletan neurtzen, eta Mikel Laboa ez dugu finalerdi kopuruaren arabera sailkatzen. Gure neurketa sistema eta ikuspegia guztiz kirolarena da. Absortzio gaitasunarena diodanean txapelketan egiten dugun lana errealitatean plasmatzeko dugun ezintasunaz ari naiz. Esate baterako, nik egiten badut planteamendu bat gai existentzial eta serioak lantzeko, egon beharko luke gai jartzaileekin beste harreman mota bat, bat-batekotasunari eragiten ez diona. Harreman bat esango lukeena: “Hi, ze lantzen habil?”, “ni hau lantzen nabil”, “bale, ba saio hau zeukaagu gure herrian, guztiz bat-batekoa izango duk, baina esparru hau lantzen habilenez lekua egingo zioagu gure bertso saioan hire lanketa berezi horri”. Antolatzeko moduak eragiten du. Azken batean, herrietan antolatzaileak borondate onenarekin ardura hori hartzen dutenak dira. Baina zuk kontzertu bat egiten baduzu, musika teknikaria profesional bat da, horretara dedikatzen dena, jarraipen bat egiten duena... hor badauzkagu hutsune batzuk absortzioa ia ezinezko egiten dutenak. Zuk ezin diozu eskatu jarraipen bat urtean behin gauza bat borondatez egiten duen pertsona bati. Hortaz nabil absortzio gaitasunaz ari naizenean.

Halere, bada ebidentzia bat: transmisioaren eta jendea erakartzeko gaitasunaren ikuspegitik, txapelketa sistema horrek funtzionatu du. Zu kezkatzen zaituena da horrek ez ote duen alde sortzailea mugatzen...

Bai, bueno, mugatzen du zu horretara mugatzen bazara, ez baduzu hartzen nik orain hartu dudan erabakia. Sarasuak agertu zuen orain dela asko txapelketaren mugen inguruko zalantza handi bat, baina, noski, niri iruditzen zait —agian formazio militanteagatik da— gauza bati ezetz esaten diozunean baietz zeri esaten diozun azaldu behar dela, behintzat bide bat markatu. Txapelketa muga bat da baldin eta horretara mugatzen bagara.

Eta zeintzuk lirateke txapelketatik kanpoko espazio edo zirkuitu horiek?

Sortu gabe daude. Nik buruan gauza asko dauzkat. Txiki Warhol gogoeta honen zati handi bat baliabide eszenikoen ingurukoa izango da. Kultur berrikuntza guztiz beharrezkoa da. Guk badugu balio bat: berreskuratzen dugu kultura bat, egiten dugu bertsotan orain 200 urte egiten genuen bezala, melodia berberekin, era berean. Ondo dago, baina muga batzuk ditu. Nik zabaldu nahi dudan bidea da bertsoak dituen ezaugarriak potentziatzearena. Adibidez, doinua: bertsolariak munduko inprobisatzaile bakarrak gara musikari ez garenak; idazleak gara, edo ei gara. Nik proiektatzen dut etorkizunean bertsolaritza espektakulu bat, hau da, bat-bateko saio bat, baina eduki musikal bat daukana, euskaraz ez dakiena ere erakartzeko gai izango dena. Emir Kusturika edo Goran Bregovicen kontzertu batera goazenean ez dakigu serbieraz, baina han gaude. Nik pontentzialtasun izugarria ikusten dugu hor, baina ez orain arte egiten duguna bertan behera uzteko. Orain arte egiten duguna ondo dago, baina pantaila bat da, pantaila bakarreko bideojokoa da. Goazen gauza berriak sortzera: goazen, adibidez, musikalki aztertzera noraino irits gaitezkeen.

Azkeneko urteetan ere egin dira saio esperimentalak eta formatu berriak, ohiko saioen oso bestelakoak. Horiek ere sartzen dira zuk diozun eremu horretan?

Bai, noski. Baina horiek gauza atipikoak dira bertsolaritzan. Nik etorkizunean bi zirkuitu imajinatzen ditut. Musikan hamaika mila zirkuitu daude. Gu, musikariekin konparatuz, berbenero-en antzekoenak gara: plaza batera goaz, gero beste batera... Jendeak bi zirkuitu identifikatu beharko lituzke. Bat, kirolaren ikuspegikoa, konpetitiboa, tradizionala, eta gero beste bat, beste mila gauza baina era etengabe eta iraunkor batean lantzen dituena, sinergia batzuekin... Gauza iraunkor bat izatea, ez noizean behin atipikoki txapelketa nagusirik ez dagoelako egiten dena. Eta jendeari sinetsarazi beharko litzaioke hori ez dela txapelketara aurkeztea baino gutxiago. Horregatik hartzen dut erabaki hau txapelduna naizenean; beste momentu batean ez luke balioko, betiko dinamikan sartuko ginatekeelako: “Hori egiten duzu txapelduna ezin zarelako izan”, eta betiko gauzak.

Ba al dago masa kritikorik bigarren zirkuitu hori sortzeko?

Txikia da, baina egon badago. Aldaketa batzuk ere ematen ari dira, badira txapelketaren zirkuitutik ateratzen ari direnak. Kolore asko galtzen gabiltza, txapelketaren izaeragatik, eta hau guztia kolore horiek guztiak aprobetxatzeko modu bat da. Baten batek agian talka egiten du txapelketaren egiturarekin edo eskaintzen duenarekin, baina sortuko balu bertsogintza bat, edo sortuko bagenu egitura bat non bere bertsogintza plazaratu ahal duen bera den horretatik... Bertsogintza norberaren koloretik eraikitzea da asmoa, eta ez norberaren bertsogintza txapelketaren jantzira egokitu behar izatea. Eta batez ere masa kritiko handia ikusten dut bertsolaritzaren mugetan. Kontuan hartu ze zorrotza den gauza hau: Mikel Urdangarin bezalako figura bat, bertsolaria, txapelketan parte hartutakoa, gitarra bat hartzen du, kantautorea bihurtzen da eta bertsoa desagertzen da bere obratik. Horrela ulertzen da bertsolaritza gaur egun Euskal Herrian, muga oso zorrotzetan. Eta bertsoa zerbait baldin bada, da zerbait bersatila, hitza ere hortik dator, bersatil, bertso. Masa kritikoa, beraz, badago neurri batean, eta, batez ere, bertsolaritzaren mugetan. Beraz, mugak zabaltzen baditugu, asko aberastuko da mugimendua.

Zuk, edonola, uste duzu aurrena txapelketatik pasatu beharra dagoela halako hausnarketetara iritsi aurretik.

Bai, horrela planteatzen dut, batez ere, gaur egun, bestela kalitatearen mamua egongo litzatekeelako beti hegan. Eta gainera, azkenean, txapelketa formazio prozesu oso interesgarria delako: irakasten dizu jendearen aurrean egoten, tentsio izugarrizko egoeretan. Azkenean, guk ez daukagu –eta hori erehandicap handia da— bertsolaritza eskola ofizialik. Orduan, guk daukagun formazio prozesu benetan indartsu, kontrastatu eta praktikan oinarritua txapelketa da. Beraz, bai, interesatzen zait jendea hortik pasatzea, gero beste gauza batzuk egiteko. Arte guztietan gertatzen dena da: zuk lehenengo demostratu behar duzu teknika klasikoa kontrolatzen duzula, gero teknika hori apurtzen edo beste gauza batzuk proposatzen hasteko.

Zure erabakiak Euskal Herriko txapelketari ere uko egitea dakar.

Niretzat txapelketen zirkuitua amaitu da; ezin diot denbora eskaini aspertzen nauen gauza bati. Eta, hain zuzen, erabaki dut hau izatea hau esateko momentua, Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko txapelketa delako. Bizkaian jende asko ikusi dugu Euskal Herriko sailkapenerako balio ez zuten Bizkaiko txapelketei uko egiten, eta niretzat inportantea zen honi egitea uko. Euskal Herriko txapelketa irabaziko banu ere inoiz, hurrengo egunetik aurrera dena berbera izango litzateke. Egongo nintzateke herri berberetan, gai-jartzaile berberekin, gai berberei erantzuten, egoera berean... ez da ezer aldatzen kualitatiboki. Txapela duzunetik heltzen zaizkizu hainbat konpromiso, ezinbestekoak. Sartzen zara dinamika horretan, eta egin beharko nuke berriro 217 saioko urte bat. Eta, orduan, hau [proiektu berriak] atzeratzen joango litzateke, eta atzeratzen eta atzeratzen, ez egin arte. Bizkaiko Txapelketara aurkeztuta gertatu ahalko litzaidakeen gauzarik txarrena berriro irabaztea litzateke, berriro egongo nintzatekeelako bi urte berdin, marmotaren egunean. Euskal Herriak ez ditu 200 kilometro karratu, eta 14 urtetatik daramat ia astebururo bertsotan. Déjà vu sentsazio erabatekoa da; behar ditut gauza berriak. Eta gauza berriak guk sortu behar ditugu, ez dira sortzen berez.

Txiki Warhol izeneko gogoeta idazten ari zara. Nolakoa izango da?

Eskema oso argi dut; bost gai izango dira: argia, aurpegi espresioa, hizkuntza —hiriarekin lotuta, 8. euskalkia—, musika —ez dutdoinua deituko; gogoeta bat da, bertsolariok ze formazio musikal eduki beharko genukeen—, eta sormena. Bost ardatz horiekin jardunaldi batzuk antolatzea da asmoa. Bost gaietako jardunaldien ostean hori guztia liburu batean eta ikus-entzunezko batean jasoko genuke, eta gero garatzen hasi, batez ere tresna berriak eskaintzeko jendeari. Oso garrantzitsua da gorantz doan gauza bat izatea, ez izatea elkarte batek edo nik edo edonork zentralizatutako gauza bat.

Ikusiko al duzu Bizkaiko Bertsolari Txapelketa?

Ahaleginduko naiz ahal dudan neurrian jarraitzen. 2006tik lehen aldiz txapeldun berria izango dugu, txapeldun izandako inork ez baitu parte hartuko; Arkaitz Estiballesek ere ez du parte hartuko. Hori oso positiboa iruditzen zait Bizkaiko bertsolaritzarako, batez ere ez garelako berriro aurkeztuko. Zeren bestela egin genezake aurten txapeldun berria izatea, eta hemendik bi urtera berriro aurkeztea. Ez. Iruditzen zait jarrera horiek iraganean kalte handia egin diotela bertsolaritzari. Txapeldun berria izango dugu, eta horrek balioko du ilusio berria pizteko.

Zer motatako erreakzioak jaso dituzu zure erabakiaren harira?

Orokorrean bi izan dira, hemisferio mental maskulinotik erantzun didatenak, eta hemisferio mental femeninotik jasotakoak. Maskulinotik, orokorrean, denek erantzun didate gauza bera, hainbeste Nobel sari irabazi dituen esaldia: “Ez dago potrorik”. Batez ere bertsolariak izan dira, txapela galtzeko beldurra dudala eta ez dakit zer... Hori da jaso dudan erreakzio bat, lehia erreakzio maskulino hori... Horiei erantzun ere ez diet egiten, irri txikia ateratzen zait. Nik txapelketa gehienetan galdu egin dut, eta atera izan naiz berriro, beraz, galtzeko beldurra... Eta hemisferio femeninotik aipatu didatena pena izan da, txapelketara ez aurkezteak pena ematen diela, umorearen ikuspegitik, nire bertsokeraren ikuspegitik, ondo pasa izan duela nirekin.

Hori ez aurkezteko erabakiaren harira, baina buruan dauzkazun proiektuen inguruan zer esan dizute?

Ni saiatu naiz esaten: ez noa txapelketara, baina hau egitera noa. Baina bertso mundutik heldu zaidan erantzuna da, “ez duzu parte hartuko”, bestea existitu izan ez balitz bezala. Eta penarena esaten didatenei erantzuten diedana da orain egitera noana ikusten dutenean pena izango dutela lehenago egin ez izana. Bertso mundua horrekin geratu da, ez dudala parte hartuko. Baina lehen komentatzen nuen masa kritiko hori, mugetan dagoena, hori da hurbildu zaidana interesatuta, ea zer egitera noan, zer ez noan egitera baino... Hau da, argiztapenarekin interesa izan eta bertsozaleak direnak, musikariak direnak eta bertsoaren aldetik musikalki gehiago espero dutenak, argitaletxeak, kultur berrikuntzaren ikuspegitik jo nahi duten enpresa batzuk... Kuriosoa izan da nola bertso mundu ortodoxoa edo grabitate zentroa mezu batekin geratu den, eta besteak, masa kritiko horrek, bertsolaritzaren mugetan geratu den horrek esan didala: “Zer egitera zoaz?”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.