Madrilek ezarritako ordezkarien kasuan, adibidez, «idatzi gabeko lege» bihurtu da Euskal Herrian zituzten beharrak amaitu ostean egonaldia egitea Espainiaren Lisboako enbaxadan. Eta haien kasuan eta, oro har, aipatu buruzagi ohienean ere, gero, Espainiako Gobernuaren zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen sozietate publikoren batean zuzendari izendatzea. Bizkaiko gobernadore zibila, esaterako, Feve bide estuko trenbideen konpainian. Hala gertatu zen Jose Maria Gurrutxaga, Eugenio Danborenea eta Dimas Sañudorekin.
Administrazioarentzat lan egin ondoren, berriz, haietako batzuei aulki bat eskaini diete enpresa handietako administrazio kontseiluetan. Edota izandako kargu politikoarekin loturiko sektore ekonomikoetan enpresak sortu dituzte.
GOBERNU ORDEZKARIAK
Espainiako Polizien buruak dira gobernuaren ordezkariak Hego Euskal Herrian. Cabiecesen aurrekoa izan zen Paulino Luesma, hura ere alderdi sozialistakoa —iazko maiatzean hil zen—. Lisboatik pasatu ostean, finantza alorreko hiru enpresatan aritu zen: Henao Uno sozietatean ahaldunizendatu zuten 2010ean, KPL taldeko administrazioko kide 2011n, eta Partners Internacionaleko presidenteorde 2012an.1980tik EAEn eta Nafarroan izan diren Espainiako Gobernuaren ordezkarien zerrenda luzea da —19 denera—, baina egun bi baino ez dira administrazio kontseiluetako kide: Marcelino Oreja eta Cesar Milano. Oreja 1980tik 1982ra izan zen EAEn, UCDren izenean. Gaur egun, FCC Fomento de Construcciones y Contratas enpresako kontseilaria da. Aurtengo urtarrilera arte, halaber, Barclayseko zuzendaritzan ere izan da —Feveko zuzendaria ere izan zen—. Milano, berriz, 1994tik 1996ra izan zen Nafarroan, PSOEk jarrita. Egun, eraikuntzarekin eta luxuzko turismoarekin loturiko Rusticas Piedras Negraseko presidenteordea da. Jada baja emanda bezala agerin bada ere, Luis Roldan gobernu ordezkari eta Guardia Zibilaren zuzendari ohia Ebro Tech Consultingeko ahaldun izan zen. 2008an irten zen espetxetik, eta urtebete geroago itxi zuten enpresa.
BARNE MINISTROAK
Ministroen artean bi izen nabarmentzen dira: Angel Acebes eta Jaime Mayor Oreja. Biak Jose Maria Aznarren (PP) legegintzaldikoak. Iazko uztailera arte, Acebes Iberdrolako zuzendaritzan izan zen eta Bankiako administrazioan. Karguetatik kendu dute haren izena PPren ustezko finantzaketa irregularrarekin (Barcenas auzian) lotuta azaldu ondoren.Mayor Oreja, berriz, ez da ageri erregistroan, baina ezaguna da —eta auzitegiek berretsia— segurtasun sektoreko enpresekin daukala lotura, bereziki haren anaia Jose Mariaren bitartez. Alor horretako hainbat enpresa biltzen dituen Securitec sozietateko burua da egun anaia. Aurrez, Prosegureko ahalduna izan zen, eta FCCko administrazioko kide.
Mayor Orejaren antzera, Barne ministroen arrastorik ez dago ia erregistroan. Baina badaude salbuespenak. Bat, bereziki: Rodolfo Martin Villa. Nazionalizatutako Espainiako bankuen aktibo toxikoak kudeatzen dituen Sareb banku txarreko kontseilari daiazko udaberririk. Industriarako lurzoruen salerosketan ari denInitec enpresako presidenteordea ere bada 2012tik. Lehendik ere curriculum luzea dauka: 1997an utzi zion diputatu izateari —orduan PPn—, eta Endesako presidente izendatu zuten. Haren agindupean pribatizatu zuten enpresa. 2002an Manuel Pizarrori utzi zion lekua, baina Endesa fundazioko presidente gisa segitu zuen. 2004tik 2010era, berriz, Sogecable ikus-entzunezko taldeko presidentea izan zen.
ESTATU IDAZKARIAK
Barne Ministerioko estatu idazkari ohien artean, Ricardo Marti Fluxa da azpimarragarriena. 1998an, Aznarren gobernuaren izenean, ETArekin negoziatu zuen bitartekari taldeko kide izan zen. Egun, lau enpresatako administrazioetan dago; Bodegas de Sarria da horietako bat. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia da presidentea, CAN Nafarroako Kutxak enpresa hori erosi ostean. Hain zuzen ere, Marti Fluxa CANeko administrazio kontseiluko kide zela egin zuten operazioa. 2004an izendatu zuten kutxako aholkulari, eta zuzendaritzako kide ere izan da, 2012ra arte. Hor ez da amaitzen Nafarroarekin daukan lotura: La Informacion taldeko aholkularia da—Diario de Navarra argitaratzen du talde horrek—. Aurrez, halaber, hainbat enpresatan aritua da: Ibersecuritiesen eta Ikusin, 1993an ETAk bahitu zuen Angel Iglesias Zamoraren enpresan.Barne Ministerioan aritutako beste idazkari bat da Pedro Morenes, egungo Defentsa ministroa. Bizkaiko ontzioletan eta segurtasun eta armagintzaren sektorearekin lotutako hainbat enpresatako zuzendaritzetan aritua da aurrez.
Estatu idazkarien artean Julian Sancristobal ere aipa daiteke. Egun ez da erregistroan ageri. Baina idazkari kargua utzi ostean eta Bizkaiko gobernadore zibil izendatu aurretik, 1986an, Marconi komunikazio alorreko —eta espioitza eta zerbitzu sekretuekin loturiko— enpresarekin dirutza egin zuen. Gerora, 1998an, zigortu egin zuten GALeko kide izateagatik, Mareyren bahiketan.
POLIZIAKO ZUZENDARIAK
Espainiako Polizietako buruak ere ageri dira erregistroan. Santiago Lopez Valdivielso 1996 eta 2004 artean Guardia Zibilaren zuzendaria izandakoa, adibidez, lau administrazio kontseilutako kide da gaur egun; besteak beste, Grupo Norte Segurtasun enpresako idazkaria. 2006tik 2008ra Poliziaren zuzendaria izandako Joan Mesquida, berriz, Balear Uharteetako hirigintza sektorearekin loturiko enpresa bateko presidentea da. CNIko bi zuzendari ohi ere ageri dira erregistroan. Aznarren eta Zapateroren legegintzaldietako Jorge Dezcallar (2001-2004) eta Jose Alberto Saiz Cortes (2004-2009). Nazioarteko aholkularitza zerbitzuekin loturiko enpresa bana dute: Kafir Asesores eta Jocalsa Consultores.HERRIZAINGO SAILBURUAK
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu eta sailburuordeetako batzuek ere bide oparoa egin dute enpresa pribatuan. 1991 eta 1998 artean sailburu izandako Juan Mari Atutxa, esaterako, Iberdrolako ingeniaritza eta eraikuntza alorreko enpresako kontseilari da egun. Iberdrolaren ordezkari gisa, Bahia de Bizkaia Gas enpresako administrazioan ere izan zen, 2006tik 2010era. Horrez gain, EAJren Sabino Arana Fundazioko presidentea da 2005etik. Politikan karguak izan aurretik ere ibilia zen enpresan, Rural Kutxako zuzendariordea izan zen.1999tik 2009ra sailburu izandako Javier Balza, berriz, lau enpresatan ageri da; bereziki, Uria Menendez abokatu bulegorako egiten du lan —Mario Fernandezen bulegoa—, eta hango bazkide ere bada, 2013tik. Abokatu lanekin lotuta, hiru enpresatan ari da: Iberdrolan eta Bizkaiko Ezkerraldeko eta Busturialde eta Lea eta Artibaiko autobus enpresetan.
Sailburuordeek ere egin dute bidea. Atutxarekin hiru urtez aritu zen Juan Antonio Martiarenak, esaterako, kargua utzi eta Naturgasera egin zuen salto 2002an —sozietate publikoa zen orduan, baina urtebetera pribatizatu egin zuten—. Egun, Martiarenak lotura dauka Donostigas eta Gas Natural de Alava enpresekin, eraikuntza sektoreko Urnieta Eraikirekin eta Skandia pentsio funtsarekin.
PSE-EEren gobernukoek ere bilatu dute tokia, Rodolfo Ares sailburu ohiak legebiltzarkide diharduen bitartean. Legealdi hasieran, Urkulluren gobernuak Rafael Iturriagari goi kargukopostu bat eskaini zion sortu berri duen Lehiaren Euskal Agintaritzan. Lopezen legealdiarenamaieran Iturriagaren ordezko aritu zen Miguel Buen, berriz, CAF enpresako administrazio kontseiluan dago.