Errauste plantaren egitasmoa «kolapsatu» nahi du GuraSOSek

Europako Batzordean, Eurostaten eta Europako Parlamentuan auzibideak martxan jarri dituzte

Zubietako erraustegiko obrak, iragan astean eginiko bisitan. A. CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun

Zubietako errauste planta (Gipuzkoa) egiteko obrak martxan dira, baina egitasmoa auzitan jartzeko jardunean irmo jarraitzen du GuraSOS elkarteak: proiektuaren inguruan abiatu dituzten hainbat neurri aurkeztu zituzten atzo, haren «kolapsoa» ekar dezaketela iragarriz, gainera. «Kolapsoa; balirudike hitz hanpatsua dela», onartu zuen elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak. «Baina ez da inondik inora atzera bueltarik gabeko proiektu sendo bat, eta bere segurtasuna ez dago bermatuta, kontrakoa sinetsarazi nahi badigute ere». Jakinarazi zuen Europako Batasuneko hainbat erakundetan egitasmoaren aurkako auzibideak abiatu dituztela: Eurostatera, Europako Batzordera eta Europako Parlamentura jo dute.

Elkarteko legelari Joseba Belaustegik gogoratu zuen Eurostat dela «kontabilitate auzien gainean» ebazpenak ematen dituen erakundea, eta, hain justu, hainbat txosten eskatu dizkiotela azpiegituraren inguruan, uste baitute inbertsioaren kostuak eragin negatiboa izango duela kontratua egin duen administrazio publikoaren defizitean eta zor publikoan. GuraSOSen arabera, «epe jakinik» ez du Eurostatek erantzun bat emateko, baina «azkar» espero dute berritasunen bat.

Europako Batzordera jo dute, berriz, uste dutelako eskubide komunitarioak urratu direla plantaren proiektuan: ingurumenari buruzko gai orokorretan, hondakinen plangintza egitean, herritarren partaidetza bideratzean, baimenak ematean, eta kontratazioan. Batzordeak urtebeteko epea izango du espedienteren bat irekitzen duen erabakitzeko.

Europako Batzordeari, berriz, bi eskakizun egin dizkiote. Batetik, estatuari «arau hauste prozedura bat» jartzea nahi dute, beren ustez oker egin diren guztiengatik: kontratazioan, ingurumen arloan, bai eta parte hartzeari dagokionez ere. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari proiektuaren kontratazioaren suspentsioa eskatzea nahi dute. Egitasmoaren inguruan «hasieratik» herritarren parte hartzea bermatuko lukeen prozesu bat garatu behar zela uste dute, eta ez dela halakorik izan. Kexa horiek Europako Parlamentura ere eramango dituzte.

Bide batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ere bi babes helegite aurkeztuko dituzte, auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegira eramateko lehen urrats gisa.

Hondakinak, Zabalgarbira

Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak gaur onartuko du Gipuzkoako hondakinak jasotzeko eta tratatzeko hitzarmena. Auzia aztergai izan zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta bertan, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak azaldu zuen tratatu gabeko hondakinik ez dutela igorriko Mallabiko zabortegira, eta, beraz, Zabalgarbin erraustuko dituztela. Aurten, irailetik abendura bitarte, 20.000 eta 25.000 tona artean bidaliko ditu Gipuzkoak Bizkaira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.