Emazteen aurkako bortizkeriaren behatokia bertan behera erori da

Frantziako Estatuaren partaidetzarik gabe, sustatzaileek diote egiturak ez duela zer eginik

Emazteen aurkako bortizkeriaren behatokiko ordezkariek atzo jakinarazi zuten desagertu egingo dela egitura. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Emazteen aurkako bortizkeriaren behatokia «hil» egin da, atzo Martine Bisauta Baionako hautetsiak adierazi zuenez. Behatokiaren bultzatzaile nagusietako bat da Bisauta, eta etsirik agertu zen prentsaren aurrera, baita egiturako beste udaletako ordezkariak ere. Deuseztatze horren frogatzat dute joan den maiatzaren 4ko behatokiaren biltzar nagusia. Prefetak, Frantziako Estatuaren ordezkariak, behatokiaren egituratik aterako zela iragartzeko bidali gutunetik zenbait egunera iragan zen bilkura, eta udalez aparte ez zen nehor agertu, Bisautak azpimarratu duenez. Aitzineko bilkuretan parte hartu zuten erakundeetako ordezkariak ez ziren han izan: ez Baionako ospitalea, ez Baionako auzitegia, ez polizia etxea, ez eta Frantziako Estatuaren diru laguntzak jasotzen dituzten hainbat egiturarik ere.

Izan ere, behatokiaren berezitasuna hasieratik izan zen hiri eta herrietan oinarritua izatea. Nahiz, berez, ez den udalen eskumen zuzena izan gai hori, garrantzitsua izan zaie hasieratik hiriak inplikatzea. Adibide bat emateko, zenbait hiri prest zeuden beharrean ziren emazteentzat bizitoki batzuen prestatzeko. Herri txikiago batzuk, berriz, herriko eskola zenbaitzuetan irakasleentzako antolatu bizitokiak, gaur egun hutsak direnak, horretarako erabil zitezkeela aztertzen ari ziren. Bisautak nabarmendu du, halaber, iaz mila emaztek baino gehiagok eskatu zutela laguntza Lapurdin eta Baxenabarren —ez beti bortizkeria bati lotuak—.

2010eko urte bukaeran sortu zuten behatokia, Baionan. Denborarekin orotara zortzi herri ziren sartuak egituran, eta gehiagoren mentura zuten. Kontua da hasierako urteetatik azken hilabeteetara arte denbora anitz iragan dutela egitura juridiko egokia aurkitzen, baita finantzaketa ere. Ia hasieratik Frantziako Estatuak, prefetaren bidez, dirurik ez zutela ukanen argiki azaldua zien. Dirua bereziki lanpostu baten ordaintzeko zuten behar. Udalek diru gehiago ezarriko zutela eta, azkenean aterabide bat aurkitu zuten, bai finantzaketan, bai juridikoki. IPE interes publikoko elkarte bat osatu zuten 2013ko azaroan, Frantziako Estatuaren onespenarekin gainera.

Urte luze horietan Prefeturarekin elkarlanean aritu direla argi utzi nahi izan zuten atzo. Emazteen eskubideez arduratzen den ministerioarekin ere harremanetan zirela. Halere, Prefeturak errana zien egitura hori ez zela egokia. Hain zuzen, interes pribatuko elkarte bat ziren sortzekotan, prefetaren gutuna jaso aitzin.

«Estatuaren lana»

Prefetak bere gutunean nabarmendu arazoak puntuz puntu hartu, eta deuseztatu egin zituen Bisautak. Eta galdera hau utzi zuen zintzilik: «Nola da posible horrelako gai batean borrokatu behar izatea? Gure eginkizuna delarik estatuak egiten ez duen lan baten egitea? Estatuak bere gain hartu balu lan hori, ez genuke hori dena egin behar izaterik».

Prefetaren gutun hori nola ulertu behar den galderari ez zioten eman nahi izan erantzun zehatzik. Agerraldian zen Miarritzeko hautetsi Louis Vial, adibidez, luzaz izana da polizia komandantea. Behin eta berriz errepikatu zuen gutunak ez duela esplikazio zehatzik; eta, zerbait jakitekotan, bere lanbideagatik jakingo zuela.

Bisautak, berriz, iradoki zuen behatokia Ipar Euskal Herrikoaizateak sortu dituela arazoak. Zehaztu zuen prefeta aldatu denetik sortu direla kritikak, eta ukan bi telefono deiren anekdota kontatu zuen. Biak Prefeturakoek egin zizkioten, eta bietan galdetu zieten ez ote zuten nahi departamendukoa izatea egitura. Ea arazo ideologikorik ba ote zuten, ala Biarnoko hiri bat interesatua balitz behatokian sartzeko onartuko ote luketen. Harriduraz hartu zituen galderak Bisautak. Adierazi zuen ez duela horretan arazo ideologikorik, baina, alde praktikotik begiratuz gero, Baionako auzitegiarekin eta ospitalearekin ari zirela; oro har, tokiko arazo eta egiturekin. Biarnes batek etorri nahiko balu, etor zitekeela, halere, arazorik gabe.

Geroari begira, estatuaren ordezkaririk gabe elkarte gisa segitzeak ere ez lukeela zentzurik deritzote. Jadanik badirela elkarteak. Eta behatokiaren ideia zela bereziki sarean jartzea egitura guztiak: bai elkarteetakoak, bai instituzionalak, erakundeetara hurbiltzen zen egitura bati esker. Sinesgarritasun aldetik ere, prefetaren gutunak mindurik agertu dira, eta indar eskasetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.