Trukea ere bada biziberritzea

Garabide elkarteak gonbidatuta, zortzi hizkuntza gutxitutako hamabi hiztun daude egunotan Euskal Herrian, hizkuntza gidaritzari buruzko ikastaldi bat egiten. Esperientzien trukea «oso aberasgarria» izaten ari da Maroko, Ekuador, Txile eta Kolonbiako eragileentzat

Maite Alustiza.
2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun

«Amazigeraez zen onartzen lehen; ofizial eginda, orain aitortuta dago»



Milouda El Hankari Amazigera hiztuna eta kulturen arteko bitartekaria

Ama hizkuntza tarifita du Milouda El Hankarik, amazigerak Marokon dituen hiru aldaeretako bat. Afrika iparraldeko amazig etniakoa da El Hankari, Rifekoa —amazigeraz, Arrif—, eta etxetik jaso du hizkuntza. Hala definitu ditu amazigera hiztunak: «Ikasi ez dugun hizkuntza bat hitz egiten dugu, eta hitz egiten ez dugun hizkuntza bat ikasten dugu». Izan ere, herrialdean arabiarra da nagusi, eta, amazigeraren alde pausoak ematen ari diren arren, «hizkuntza dominatua» da oraindik ere.

Hizkuntza biziberritzeko «lehen pauso» gisa, hizkuntza ofizial egin izana aipatu du. «Lehen ez zen onartzen, eta amazigeraren aldeko militanteen pertsekuzioa zegoen; 2011tik, ofizial eginda, aitortuta dago». Dena den, amazigera ezin da administrazioan erabili. «Bakarrik zure etxean hitz egin dezakezu, familiarekin, zure herrian eta inguruan». Marokok ematen dituen hiztun kopuruekin ere ez da fio: «Galdera tranpa bat egiten dute datuak ateratzeko; galdetzen dute ea hizkuntza hitz egiten eta idazten dakizun, eta askok, noski, ez dakite idazten». Amazigerari eusteko, etxeetan emakumeek egindakoa oso garrantzitsua izan dela dio, baita Ircam institutuak «hizkuntza eta kultura agerian uzteko» egiten duen lana ere: «Eskoletan sartzeko ahalegin handia egin du, baina Rif inguruan, adibidez, oraindik ez dago».

Aurrera egin arren, amazigen aldeko mugimendua jasaten ari den egoera gogor kritikatu du. El Hankarik azaldu duenez,bera ez zen Euskal Herrira etortzekoa, baizik eta Nasser Zafzafi kidea: «Rifeko Hirak herri mugimenduaren burua da, eta gaur egun atxilotuta dago kalera ateratzeagatik, aldarrikapen sozialak, kulturalak eta ekonomikoak egiteagatik. Separatistatzat akusatu zuten, eta fiskala gehieneko zigorra eskatzen ari da. Laurehundik gora atxilotu daramatzagu. Preso politikoen askatasuna aldarrikatzen dut». Traben gainetik, ordea, nabarmendu du gazteen artean badagoela kontzientzia hizkuntza biziberritzearen garrantziaz, baita «sorkuntza handia» ere. Erabileran jarri du itxaropena: «Rifen, tarifita jende askok erabiltzen du; teknologia berriekin jendea hasi da idazten, nahiz eta gramatika aldetik-eta ez dakigun ondo».

«Hiztunen ahalduntzea da biziberritzera eramango gaituena»



Jose Quimbo Otavaloko alkateordea (Ekuador)

Kitxua biziberri dadin, erakundeetatik politika publikoak «antolatu eta martxan jarri» nahi ditu Jose Quimbok. Quimbok, zehazki, Ekuadorko Otavalo kantonamenduko izen bereko udaletik eragin nahi du; izan ere, udalean alkateorde da egun, «herriak hala erabakita».

Quimbok emandako datuen arabera, Ekuadorren hamalau hizkuntza daude, hamalau milioi biztanle dira, eta horietatik hiru milioi dira kitxua hiztunak: «Zifra ofizialen arabera, ordea, kopurua nabarmen txikiagoa da». Zifretatik harago, baina, kitxua komunitatearen izaerari erreparatu dio: «Gure herriaren identitate puntu garrantzitsuenetako bat hizkuntza da, bere filosofia, bere antolaketa modua, ekoizpen moduak, eta, alde horretatik, herri kosmopolita eta unibertsala izan arren, eta poliglota kasu batzuetan, adierazleek erakusten dute gazteen artean gutxitu egin dela ama hizkuntzaren erabilera eta praktika». Horregatik etorri da Euskal Herrira, gainerakoekin esperientziak trukatzera eta «biziberritzerako bidean jarraitzera».

Hezkuntza arloan, kitxua irakasteko «ahalegina» egiten ari direla dio Quimbok, baina, gaur egun, gobernua «trantsizio garai batean» dago —Lenin Morenok ordezkatu zuen, maiatzean, hamar urtez presidente izan den Rafael Correa—: «Gobernu berri batekin gaude, baina berriro ekin dio kulturarteko irakaskuntza elebiduna eskaintzen zuten espazioak irekitzeari». Horretaz gain, beste hainbat egitasmo ere martxan dituzte; besteak beste, Ekuadorko herrien antzinako zientzien eta teknologien institutu bat sortzen ari dira, eta onartzeko bidean da lege organiko baten proiektua, herrien eta nazionalitateen hizkuntza eskubideen ingurukoa. «Abokatu gisa diot nazioarteko eta nazio mailako ordenamendu juridikoa gure alde dagoela, baina serioski hiztunen ahalduntzea izango dela hizkuntza biziberritzera eramango gaituen mugarria». Quimboren ustetan, hizkuntzaren normalizazioa eta idazketaren estandarizazioa iritsiko dira «herri indigenok eta estatuek, klase politikoak, aktore ekonomikoek eta kultur kudeatzaileek ulertzen dugunean interkulturalitatea praxian, eguneroko herrien elkarbizitzan».

«Ikusi genuen AEKren modukozerbait egin genezakeela»



Paula Onesima Huenumilla Txileko Mapuche Mapuzuguletuain erakundeko ordezkaria

Mapuzungunaren hiztun berria da Paula Onesima Huenumilla. 25 urte ditu, eta txiletarra da, Wallmapu maputxe lurraldekoa —gaur egun Txile eta Argentinako hainbat gune hartzen ditu—. Haren familiak ez du mapuzungun hitz egiten, eta, hortaz, gerora ikasi behar izan du, bere kasa: «Arauco lurraldekoa naiz, eta han aspaldi galdu zen hizkuntza. Nik, maputxea izanik, interesa nuen, eta ikertzen hasi nintzen ea non ikas nezakeen. 2015ean, Temucora joan nintzen». Konstantziari, motibazioari eta «kimelfe on batzuei esker» —irakasleak— ikasi ahal izan du gramatika, kultura, ahozkotasun... «Idazketa ez dago estandarizatuta; lau modu daude, eta ikasten nahasgarria da. Baina, gogoz eta etengabe ikasten jarraituz, lor daiteke».

Txilen, konstituzioak ez ditu onartzen jatorrizko herriak, eta mapuzungunak ere ez du ofizialtasunik —Argentinaren kasuan, onartuak ditu jatorrizko herriak, baina aitortza horrek «ez du askorako balio»—. Hizkuntzaren bizitasuna oro har «ahulduta» dagoela azaldu du Huenumillak; gehienbat edadeko jendeak hitz egiten duela, ez gazteek, ez haurrek. «Egunerokoan, hirietan ez da hitz egiten, eta hiztunak topatzeko espazioak bultzatu behar dira. Nik, orain, klaseak ere ematen ditut».

Belaunaldien arteko haustura horrek eragin du hizkuntza biziberritzeko estrategiak martxan jarri behar izatea. Eta horretan ari dira. Iaz, esaterako, Mapuzuguletuain elkartea sortu zuten Huenumillak eta hainbat lagunek, helduei bigarren hizkuntza irakasteko asmoz. «Euskal Herrian izan den prozesuaren irakaspenetik ikusi genuen AEKren moduko zerbait egin genezakeela, txikiagoan noski. Batik bat barnetegiak egiten ditugu udan, eta tailerrak urte osoan». Oraingoz Temucon, Concepcionen eta inguruko herri batzuetan ari dira lanean, baina ideia da lurralde osoan mapuzungunaren aldeko sare bat osatzea; Argentinarekin ere elkarlanean jarduten dute.

Huenumilla pozik azaldu da elkarteak antolatzen dituen tailerretara jende gaztea joaten dela ikusita: «18-30 urte artekoak datoz, irakaskuntza ikasten ari direnak, edo antropologia, bai maputxeak direnak eta bai maputxeak ez direnak».

«Belaunaldi berrientzat bilatu behar ditugu estrategiak»



Diego Fernando Yatacue Kolonbiako nasa hiztuna

Nasa indigena da Diego Fernando Yatacue, kolonbiarra, Cauca departamenduan jaioa. Gaur egun, CECIDIC komunitatearen garapen integralerako hezkuntza eta ikerketa zentroan egiten du lan, eta arduraz begiratzen dio etorkizunari: «Kezka handia dago erabilera sustatzeari begira. Helduek ez gaituzte hainbeste arduratzen; belaunaldi berrientzat bilatu behar ditugu estrategiak, haurrentzat, bereziki». Yatacuek zuzentzen duen zentroa hainbat programa bultzatzen ari da nasa komunitatearentzat; hezkuntza eta familia alorretan, bereziki.

Nasa komunitateko kide ia denak bezala, Yatacuek ere etxetik jaso zuen hizkuntza, txikitatik: «Entzunez joan naiz ikasten, baina, etxekoaz gain, oso garrantzitsua da komunitateak duen tokia, hor sortzen diren harremanak eta abar». Yatacueren arabera, 300.000 lagunek osatzen dute nasa herria, eta horietatik %40 dira nasa hitz egiteko gai; gainerako %60 «arrazoi ezberdinengatik» joan da hizkuntza galduz. «Baina %40 horren atzean daudenak eta hitz egin ez arren hizkuntzaren garrantziaz kontzientzia dutenak lan oso indartsua egiten ari dira estrategiak bilatzeko, kontzientzia hori sendotzeko». Yatacuek nabarmendu du gaur egun familian eta hezkuntza esparruetan egiten ari direla hizkuntzari eusteko esfortzurik handienak. «Hiztun kopurua %40 izanda, hori mantentzean jarri dute ahalegina, gehiago gal ez dadin». Administrazioan nasan komunikatu ahal izatea, berriz, «zaila» da: «Espazio politikoetan, erakundeetan, galdu egin dute hizkuntzaren jarduna».

Azken hamarkadetan, lurrak eskuratzeko borrokak izan du lehentasuna komunitatean, eta oraindik ere aldarrikapen horrekin jarraitzen dute. Askok horri egozten diote kultura arloko biziberritze ardurak bazter geratu izana; dena den, atzera baino gehiago, aurrera begiratu nahi du Yatacuek: «Proiekzio batean non hizkuntza gutxituek aukera gutxiago dituzten aurrera egiteko, ea hemendik 50-100 urtera nasa herria zer identitate duen... Baina lehen aipatu dudan kontzientzia horrekin, epe luzera garatzeko alternatiba onenak bilatzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.