Abel Azkonaren erakusketak irekita jarraituko du Iruñean urtarrilera arte

Udalarekin ados jarri da Azkona, eta 'Amen' lana ez dute kenduko.Protestak ugaritu egin dira

Kristauak errezoan atzo Iruñeko Serapio Esparza plazan, Desenterrados erakusketaren kanpoan. IDOIA ZABALETA/ARP.
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Alde eta kontra. Babesa eta salaketa. Bi muturretako erreakzioak sortzen jarraitzen du Abel Azkonaren lanak Iruñean. Serapio Esparza plazako aretoan duen Desenterrados erakusketako lanetako bat da eztabaidaren iturria. Ostia sagaratuekin Pederastia hitza idatzita darama Amen izeneko lanak, eta tirabira bizia piztu du kalean eta sare sozialetan. Baina udalak eta artistak erakusketa irekita mantentzea erabaki zuten atzo arratsaldean.

Askorentzat, iraingarria da Azkonaren lana. Beste askorentzat, adierazpen eta arte askatasuna. Atzo arratsaldean Serapio Esparza plazan eta erakusketan bertan ehunka kristau elkartu zen, errezatu eta Azkonaren lana gaitzesteko. Herenegun, Gazteluko plazan egin zuten bilkura 200 sinestun inguruk.

Erakunde eta norbanako ugarik eskatu diote Azkonari eta Iruñeko Udalari performancea erakusketatik erretiratzeko, «herritar askoren sinismenen aurka» egiten duela iritzita. Udalak ere egin zion eskaera artistari, erakusketako hainbat edukik «herritarren parte baten arbuioa» eragin dutela ikusita. Atzo, baina, ados jarri ziren udala eta artista, eta erakusketa irekita egongo da urtarrilaren 17ra arte. Halaber, antza astelehenean erakusketatik «desagertu» ziren ostia sagaratuak berriz ez ipintzea ere adostu dute.

Iritziak iritzi, bere lanaren inguruan sortutako polemikak «grazia» egin dio artista iruindarrari. «Arte garaikideak beti eragin behar du erantzun bat, erreakzio bat; baina kasu honetan gertatzen ari dena bitxia da; deigarria egiten ari zait», esan du Nafar Telebistan egindako adierazpenetan. Azkonak dio «prozesu artistikoaren barruan» dagoela gertatzen ari dena. «Horrela ulertu behar da. Helburua ez zen horrelako egoerarik sortzea».

1936ko gerran fusilatutakoak eta haien familiak omentzeko maiatzean Iruñean egin zuen Enterrados performancearen bigarren zatia da erakusketa. Hura zen «obra nagusia», eta oraingo erakusketan ikus daitekeena «orduko zein beste performance batzuetako hondarrekin egindako lanak dira». Iruindarrak 242 ostia sagaratu erabili zituen, Iruñeko erakusketan ikus daitekeen argazkia egiteko. «Zehazki, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Elizaren aurka jarri ziren salaketa kopurua».

Erakusketak sortu duen aferaren harira, egindakoarekin pozik agertu da Azkona, eta izan ditzakeen ondorioak bere gain hartzeko prest. Hiru salaketa jaso ditu, baina ez da beldur: «Abokatuarekin hitz egin dut, eta esan dit lasai egoteko. Baina sei hilabeterako kartzelara joan behar badut, harro joango naiz, egin behar nuena egin dudalako».

Erreakzio soka luzea

Azkonaren lanak eta haren hitzek erreakzio soka luzea eragiten jarraitzen dute erakusketa ireki eta sei egunera. Atzo, kasurako, dozenaka lagun elkartu zen erakusketan. Amen lanaren aurrean jarrita, errezoan aritu ziren herritar asko. Sare sozialetan ere nabarmena da sortu den iskanbila.

Iruindarrarentzat, ordea, lanaren atzean «adierazpen askatasuna» dago: «Jendea zentzua galtzen ari da honekin guztiarekin». Azaldu duenez, «erakusketan badago Amen baino lan garrantzitsuagorik, eta pena da jendea lan bakarrean zentratzea». Azkonak gogoratu du fusilatuak direla Desenterrados erakusketaren ardatz nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.