Bakterio globalen aroan

Gero eta jende gehiago ari da hiltzen lehen tratatzeko errazak ziren gaitzengatik, antibiotikoak gehiegi erabiltzen direlako. Hala ondorioztatu du nazioarteko ikertzaile talde batek.

Bakterio globalen aroan.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Dakitenak hiru taldetan banatzen dira: pesimistak, ez horren pesimistak eta oso pesimistak. Aspaldi dabiltza osasun agintariak ohartarazten antibiotikoak eta mikroorganismoen aurkako beste tratamenduak indarra galtzen ari direla. «Garai batean tratatzen errazak ziren gaitzak arazo larri bihurtzen ari dira; gero eta garestiagoa da haiek sendatzea eta gero eta gaixo gehiago ari da horiengatik hiltzen». Hala ondorioztatu dute orain Center For Disease Dynamics, Economic & Policy taldeko sendagileek eta ikertzaileek. Urtero txosten mardul bat argitaratzen du CDDEPk antibiotikoen egoera aztertzeko. «Bakterioek antibiotikoen kontra garaturiko erresistentziarena arazo globala da», esan du txostengileetako batek, Ramanan Laxminarayan epidemiologoak.

Zenbaki handiak jarri ditu txostenak mahaiaren gainean. Bakarrik Europan, 25.000 lagun hiltzen dira urtero antibiotikoei erresistentzia dioten infekzioen eraginez, eta 1.500 milioi euro galtzen dira kostu zuzenetan—tratamenduetan— eta zeharkakoetan —produktibitatearen galeran—. Laxminarayanek ondorioztatu duenez, Indian 50.000 haur jaioberri hiltzen dira urtean erresistentzia horrengatik.

Osasunaren Mundu Erakundeak ere txostenak atera izan ditu gaiaren inguruan, baina, batez ere, gobernuek emandako datuetan oinarritu dira. «Guk laborategi pribatuetako datuak ere bildu ditugu», azaldu du Laxminarayanek. Garatzeko bidean diren herrialde askotan erresistentzia handia da, eta heriotza asko eragiten ari da, jende ugarik ezin dituelako bigarren defentsa lerroko antibiotikoak ordaindu, lehen lerrokoak huts egiten dietenean.

Globalizazioaren aroan, mikroorganismoak ere globalak dira gaur. Mugarik gabeko zabalkunde horren mekanismoa azaldu Guillermo Quindos EHUko mikrobiologia katedratiko etaonddo mikroskopikoen bidezko infekzioen ikertzaileak: «Bakterioak eta onddoak geneak trukatzen dabiltza etengabe, eta horietan joan daiteke, besteak beste, antibiotikoei aurre egiteko informazioa. Bidaiatzen dugunean, lehen ez genituen mikroorganismoekin itzultzen gara, nahiz eta ez gaixotu».

Euskal Herrian ere, arazo

Osasunaren Mundu Erakundeak jarraibideak ematen ditu arazoa kontrolatzeko. Horietan, agindu nagusia beti da bera: gutxiago erabili antibiotikoak. Baina herrialde askotan, Indian kasurako, merkeagoa eta errazagoa da gaixoei antibiotikoak ematea, edateko ura garbitzeko edo ur zikinak arazteko sistemak jartzea baino. Antibiotikoen kontsumoa %30 baino gehiago handitu zen munduan 2000. urtetik 2010. urtera.

«Ez bada mundu osoan indarra egiten antibiotikoak gutxiago erabiltzeko, ez gara oso urrutira helduko», esan du Laxminarayanek. Herrialde guztiek adostu behar dute, herrialde aberatsetatik hasita, horiek asko kontsumitzen baitituzte.

«Baina arazoa ez da bakarrik garatzeko bidean diren herrialdetan», adierazi du Quindosek. Euskal Herrian ere baditugu arazoak erresistentzia handia duten bakterio batzuekin: Staphyloccus aureus-ekin, esaterako, pneumococcus-ekin, baita tuberkulosia eragiten duen Mycobacterium tuberculosis-ekin ere. «Egoera ez da larritzekoa, oso gogorra baita Euskal Herrian dugun kontrol sistema», adierazi du Quindosek. Edonola ere, Suedian baino arazo handiagoa dago pneumonia bati tratamendua jartzeko orduan, adierazi duenez. Eta, era berean, han arazo handiagoa dute Euskal Herrian horren larriak ez diren gaitzekin. Euskal Herrian neurri egokiak ezartzen ari direla uste du irakasleak: «Sarri egiten dira kanpainak eskuak garbi ditzagun, eta gaitz kutsagarriak dituzten gaixoak nola artatu azaltzeko». Osasun arloan egoten den erreakzioa «oso egokia» izaten dela adierazi du, «agian gutxi garelako, edo kontzientzia handia dugulako, edo medikuntzaren inguruan dugun heziketa handia delako beste lekuekin parekatuta».

Europako eredua goraipatzen du Laxminarayanek: Suedian eta Norvegian oso antibiotiko gutxi erabiltzen dituzte, eta Frantzian eta Erresuma Batuan MRSA motako bakterioaren kopurua gutxitu dute. Txalogarritzat jo du Danimarkak abeltzainei debekatu izana haziendei antibiotikoak ematea gizentzeko. «Europak erakutsi du bidea, eta orain AEBak datoz atzetik, baina oraindik behar ditugu Australia, Japonia, Korea, Txina eta Hegoafrika...», esan du Laxminarayanek.

Haatik, munduan urtero ekoizten diren antibiotikoen erdiak baino ez dituzte gizakiek kontsumitzen. Beste erdiak animaliak eta landareak tratatzeko erabiltzen dira. Animaliekin erabiltzen diren gehienak ez dira sendatzeko, baizik eta gizentzeko. Eta animalion hesteetan dauden bakterio horiek harremanetan jartzen dira gizakiontzat erabiltzen diren antibiotikoekin edo antzekoekin. Gero, uretara pasa daitezke, lurrera, airera, eta gizakien gorputzetara gero. Beraz, animaliak gizentzeko edo landareak tratatzeko antibiotikoak mundu osoan debekatzeak neurri nagusietako bat beharko luke izan.

Beste neurrietako bat txertoak dira. Quindosek azaldu duenez, txertoak funtsezkoak dira antibiotikoen kontrako erresistentzia murrizteko borrokan. Izan ere, gaitzak sortzea galarazten dutenez, gutxitu egiten da gero horien aurka erabili beharreko antibiotiko kopurua. Txertoei uko egiten dietenek «euren buruak eta besteok jartzen gaituzte arriskuan», esan du irakasleak.

Erietxetan gertatzen diren kutsatze kasuak asko handitu direla ohartarazi du txostenak. «Gurean oso kasu gutxi daude, %5-6 artean, eta hori ez da ia ezer. Eta kanpainak egiten ari dira kutsatzerik gerta ez dadin erietxetan. Baina beti egon daiteke zirrikituren bat», esan du Quindosek.

Txostenaren ondorio bitxi bat: herrialde batean erabiltzen den antibiotiko kopurua ez dago lotuta kutsadura kasuen kopuruarekin, baizik eta sendagile kopuruarekin. Horrek galdera bat jartzen du mahai gainean, nahitaez: errazago ematen dizkiete antibiotikoak mediku pribatuek euren ordainpeko bezeroei, pozik egon daitezen? «Medikuntza pribatuko sendagileak elkarrekin lehian ibiltzen dira antibiotikoak emateko, bezeroak, bestela, beste batengana joaten direlako», dio Laxmaniyanek. Gaixoak ahalik eta azkarren osatu nahi du, sendagileak bezeroa gorde nahi du, eta antibiotikoekiko erresistentziak gizarteari egiten dion kalteak bigarren mailako kontua ematen du halakoetan, nahiz eta azkenean denok ordaindu. Laxminarayanen ustez, zailagoa da antibiotikoen erabilera murriztea medikuntza esku pribatuetan dagoenean.

Miraririk ez da etorriko

Botiken industriak etengabe hitzematen du etorkizun distiratsu bat: superantibiotikoak, bakterioak jaten dituzten birusak, probiotikoak, sinbiotikoak... Errealitatea ilunagoa da, ordea.«Antibiotiko berri gutxi» merkaturatu dituzte azken hamarkadotan, Quindosek azaldu duenez, «eta ez dira errentagarriak, hala ematen badu ere». Izan ere, antibiotiko berri bat plazaratu aurretik zortzi edo hamar urte behar dira probak egiteko.

Bakteriofagoei dagokienez, berriz, puri-purian egon ziren II. Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasunean, baina gero baztertu egin zen ikerketa ildo hori. Orain berriz hartu dute. «Denetatik egin beharko da, ziurrenera», esan du Quindosek: beste antibiotiko batzuk sortu, daudenak hobetu, erresistentzia ahalik eta gehien jaitsi, txertoak bilatu orain halakorik ez duten gaitzentzat —tuberkulosia eta paludismoa, kasurako—, milioika gaixo baitaude... Ezkorrenek uste dute II. Mundu Gerraren aurreko egoerara itzuliko garela ia: zauri txiki batek, infektatuz gero, hil zaitzake, Quindosek dioenez. «Espero dezagun horretara ez heltzea».

Laxminarayanek nabarmendu duenez, fenomenoa ez da bakarrik mikroorganismoekin gertatzen: arratoiak eta eltxoak, esaterako, haien aurka erabiltzen dituzten pozoien kontrako erresistentzia garatzen ari dira. Jurassic Park filmeko aipu batekin ilustratu du ikertzaileak: «Naturak bere bidea aurkituko du». Halere, ez da egoera «borroka» gisa ulertu behar: «Izaki horiekin bizi beharko dugu, bakterioak izan, arratoiak izan». Ikertzailearen arabera, zentzuzko konponbideak bilatu behar dira, askoz hobeto erabil baitaitezke antibiotikoak. Berriz pentsatu behar dugu nola egin aurre birus eta bakterioei. «Ezin dugu azken 50 urteotan bezala jokatu. Ez da estrategia ona».

Antibiotikoak baliabide naturalak balira bezala tratatu behar ditugu, eta klima aldaketari bezala globalki aurre egin: «Atmosfera bat dugun bezala, antibiotikoen eraginkortasun globala dugu. Denona da, eta denok babestu behar dugu. Helburu globalak behar ditugu».

Antibiotikoetan baino gehiago, txertoetan du itxaropena Laxminarayanek. Edonola ere, konponbidea hainbat neurriren bidez etorriko delakoan dago, eta, horietan, txertoak eta infekzioen kontrola izango dira nagusiak. «Baina ez nahastu», ohartarazi du; «beti beharko ditugu antibiotikoak; ez dago ordezkorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.